viernes, 9 de junio de 2023

Menditxiki: Aranoko lurretan

Powered by Wikiloc

 

Arano eta Goizuetako megalitoak Nafarroan bisita ditzakegun interesgarrienetakoak izateaz gain, bertan topatuko ditugu mairu-baratze edo harrespilen kontzentraziorik handiena. Horietako batzuk ondo kontserbaturik daude eta gure arbasoek mendi hauetako magal eta muinoetan barreiaturik utzitako lekuko garrantzitsuak bihurtu dira.

 

Gipuzkoako mugan dagoen Nafarroako Aranon honetan emango diogu hasiera gure ibilaldiari. Herriko plazan, elizako atariaren gainetik ateratzen den porlanezko malda gogorrari ekingo diogu lehenik eta segidan, sigi-sagan gorantz joko dugu Juan Donosti ermitaren hondakinen ondora iristeko. Teilaturik gabe, barruan aldarea izandakoa bereiz daiteke soilik. Gandorrean zehar zabaltzen den bidezidor estua jarraitu eta berehala helduko gara kalbarioko lehen gurutzea egon behar zuen  lekura, Aranomendiko tontorrera hain zuzen. Harri piloa bai, baina gurutzerik ez. Gure begien aurrean zabaltzen den ikuspegi zabal eta ederraz gozatzeko parada izango dugu. Añarbeko urtegia gertu eta Artikutzako mendiak honen gainetik.  

Behean, gure eskuinera dagoen San Roke ermitaren gainetik Orauneko lepora jaitsiko gara herritik datorren pistarekin bat egin arte. Pista albo batera laga eta gorantz joko dugu berriro. Mairu-baratze  batzuen ondotik igaro eta bigarren gurutzea egon ohi zen lekura igoko gara.  Ontzorrozko gainera heltzean, bertan gurutzerik ez dagoela ohartuko gara. Aurrera joko dugu eta Arriurdigain heltzean ere, urtetan bertan izan den jaiotza desagertu dela konturatu gara.

 

Etorritako bidetik atzera egin eta Ontzorrotzeko gainetik eskuin aldera hedatzen den bidetik Añoneko lepora jaitsiko gara eta bertan, zenbait mairu-baratze aurkituko ditugu, baina ikusgarriena eskuineko muinoan dagoen Urgaratako Gaineko mairu-baratzea da. Inguru honetan estazio megalitiko asko daude eta Goizuetako udalak bi ibilbide prestatu ditu herrian aurkitu diren horietako batzuk ezagutarazteko, eta horrela orain dela 5.000 urte inguru bertan gizakia bizi zela erakusten digute aztarna horiek bertatik bertara ikusi ahal izango ditugu.  

 

Abiapuntura itzultzeko tenorean, lepora itzuli eta Burningo Sorora zuzentzen den pista zabal eta erosotik berriro Orauneko lepora bueltatuko gara eta Aranotik datorren pistaren gain aldetik paraleloan zabaltzen den bidetik San Roke ermitaren ondora iritsiko gara. Metro batzuk aurrera egin eta Aranoko elizaren ondora ailegatuko gara.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2023/06/aranoko-lurretan.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario