|
Thiksey monasterioa |
Ladakh ezagutzera gerturatzen diren bidaiarien zentzumenek
errealitate desberdin bat dastatzeko beta paregabea izaten dute. Kontrastez
betetako paisaiak, non kolore askotariko lur idorrek, ibai emaritsuek eta mendi
elurtuek modu harmoniatsuan puzzle perfektua osatzen duten. Jendeak, otoitzak,
lanak eta isiltasunak atmosfera berezi eta erakargarria osatzen duten lurralde
hauetan, egunerokotasuna antzinako
bizimoduarekin korapilatzen da. Bere orografiaren handitasunean, mendien magal
eta muinoetan eskegita dauden monasterioetako otoitzen doinu eta intsentsuaren
usaina hedatzen dira noranahi. Espiritualtasunak blaitzen dituen lur hauetan,
tearen usaina darien herrixkak ilargi itxurako paisaietan nonahi barreiaturik
ikus daitezke, zerutik lurretik baino gertuago. Ladakh jendea abegikorra eta
apala da, bere usadio zaharrak bizirik gordetzen ahalegintzen diren tibetar
jatorrizko jendea. Edozein eszena beste garai batekoa dela ematen du, iraganean
ainguraturik geratu dela dirudi.
|
Ladakheko lurraldera heldu aurretik |
Leh
hiriburua
Himachal
Pradesh eskualdeko azken herriak
igaro eta udan India inbaditzen duten montzoietatik ihesi, munduko errepide eta
igarobide garaienetarantz jo dugu. Ladakheko
lurretan murgildu aurretik, bost mila
metro gaindi duten munduko mendate garaienetako batzuk igaro behar izan ditugu: Lachulung-La
eta Tangla-La, azken hau igarotzeko
moduko munduko bigarren mendaterik garaiena omen.
|
Leh-ko monasterio gorria eta gaztelua |
Negu luze eta gordina igarotzean,
errepideak estaltzen dituzten elurra eta izotza urtu egiten dira, eta horrela, ekainetik urria bitarte, Ladakhek munduari ateak irekitzen
dizkio. Geologikoki munduko goi-lautadarik handi eta altuena kontsideratzen den
Tibetekoan kokatuta egoteaz gain, bere ohitura, kultura eta erlijioan tibetar
izaera duen herrialde batekin egin dugu topo. Hortik datorkio Tibet Txikia bezala ere ezaguna izatea.
|
Jama Masjid meskitaren gainetik, Leh-ko jauregia, monasterioa eta gaztelua |
Egun osoan errepide garai, hautsi eta
neketsuetan ibili ondoren, Indo
ibaiaren ertzean kokaturik dagoen Ladakheko
hiriburua den Lehra heldu gara. Hiru
mila eta bostehun metroan dagoen hiri txiki eta xarmagarri horrek berehala
sortzen du bisitarien ikusmina. Bidaiaren nekeak astindu, eta bere kale
estuetan murgildu gara norabide jakinik gabe. Stok Kangri mendi ezagunak erakarri du gure atentzioa lehen
begiradan, baina berehala kaleko bizimodura itzuli gara.
|
Sakti harana |
Leh, erlijio, jende eta ezustekoen nahaspila da: ladakhak,
tibetar erbesteratuak, musulmanak, indiarrak, monjeak, nekazariak… eta gu
bezalako turistak. Zenbait txokotan oraindik Erdi Aroaren usaina dario hiriari,
baina “modernitatearen” lehen zantzuak bereganatzen hasita dago azken urte
hauetan, eta horren lekuko dira nonahi ikusi ditugun opari-denda, jatetxe eta
ostatuak. Oraingoz elkarrekin bizitzen ikasi dute, oreka egokian, baina noiz
arte? Etorkizunak ez al du iragana irentsiko?
|
Ladakh emakume nekazariak |
Main
Bazaar kale nagusian sartu eta
berehala ohartu gara aurrez esandakoaz. Oinezkoen kale berri honetan indiarren
komertzioek betetzen dituzte bi aldeak, eta hauen aurrean, berriz, espaloian
eserita, nekazari emakumeek beren baratzek emandako fruitu eta barazkirik
onenak dituzte salgai. Lehenak turismoari begira diruz patrikak betetzeko;
bigarrenak, aldiz, rupia gutxiren trukez eguneroko bizitzari aurre egiteko. Nekazari
bati bertako albertxiko gozoak erosi eta hiriko alde zaharra ezagutzera jo
dugu. Old Marketeko kaleetan murgiltzean,
labirinto batean ibiltzea bezalakoa da, okinak, jostunak, harakinak,
bizarginak, bitxigileak eta abar gremioetan antolatuta. Hemen ezagutu dugu Lehko ohiko bizimodua, bertako
biztanleek egunero erakusten dutena. Kale nagusitik gertu, baina biak ala biak
oso errealitate desberdinak.
|
Ladakh ikasleekin bazkal orduan |
Baina bada hiri honetan beste
errealitate gordin bat, Txinak beren lurraldeak inbaditu eta errepresio gordina
ezarrita Tibetetik ihesi lur hauetan aterpea aurkitu duten erbesteratu eta
errepresaliatu tibetarren errealitatea, hain zuzen ere. Tibetan refugees market izena duten merkatu edo saltoki
desberdinetan biltzen dira beren herrialdetik urrun bizi diren tibetarrak, eta
guretzat ezin leku egokiagorik haiek saltzen dituzten produktuak erosi eta ahal
dugun neurrian laguntzeko. Tibetar jendea apala eta atsegina da oso eta zinez
eskertzen dute, ez bakarrik zerbait erostea, baizik eta tibeteraz hitzen bat
edo besterik ez bada, konplizitatezko irribarre bat eskaintzea.
|
Lehko okina |
Lehko kale bizitza ezagutu eta gero, bertako eraikin
garrantzitsuenak ezagutu nahi izan ditugu. Jo
Khanh tenplu budista bisitatu eta kale estuen artean, Jama Masjid meskita altxatzen den lekura joan gara, baina ezin izan
dugu barruan sartu, otoitz ordua da eta. Segidan, Lehko jauregi aldera zuzentzen diren eskaileretan gora erraz heldu gara
bertara. Diotenez, Tibeteko hiriburua den Lashako
Potala jauregiaren miniatura bat da,
nahiz eta gauza bera esaten duten Thiksey
monasterioagatik. Xenda estu batek
muinoaren goiko aldean altxatzen diren Tsemo
Gompa edo Monasterio Gorria eta Gazteluaren ondora eraman gaitu. Talaia
ezin hobea, Lehko harana ez ezik, Stok mendilerroaren ikuspegiaz
gozatzeko. Ilunabarrean, eguzkiaren azken izpiek Indo ibaiaren inguruko lurrak kolore bereziez tindatu eta janzten dituenean,
beherako bidea hartu dugu Budaren mendiek bata bestearen atzean gainjarriz
silueta paregabea osatzen duten bitartean.
|
Likirreko otoitz-gurpilak |
Budaren
mendiak
Lurralde osoan zehar barreiaturik dauden
monasterioetan, monjeen otoitzek hausten duten isiltasunarekin bat egin eta
iragaitza den denboran bidaiatzera gonbidatzen gaituzte. Bide batez, meditaziorako
liburuez, ikono budistez, intsentsuz eta sandaloaren usainez gozatu ahal da, eguzkiaren izpiek leiho biluziak zeharkatu eta
zoko guztiak argitzen dituzten bitartean. Paisaia menditsu hauetan
barneratzean, barne-biltze eta meditaziorako dauden espazio anitz hauekin topo
egitean eta yak-aren gantzaz elikatutako argiek argiztatuko gelak zeharkatzean,
isiltasunaren presentzia erabatekoa da eta hau, soilik otoitz monotonoen eta
musika tresnen soinu hautsien oihartzunak protagonismoa bereganatzen duenean
hausten da. Ladakh budismo tibetarra
bere esentzia osoan bizi den leku bakarrenetakoa da gaur egun. Bizimodu zaila
izan arren, fedearen presentzia betierekoa eta ezabaezina dela ematen du.
|
Hunderretik Nubra eta Shyokeko haran zabala |
Esperientzia hauek guztiak ezagutu eta
bizitzeko, hurrengo hiru egunetan hiriburua utzi, haranetan murgildu, eta
mendien muino eta magaletan eskegita dauden monasterio tibetar zenbait ezagutu
nahi ditugu. Hiriburutik bertatik abiatu eta Indo ibaiak marrazten duen lerroaren bi aldeetan altxatzen diren
monasterioak bilatu ditugu lehenik, gerora Lamayuruko
haraneko ilargi itxurako paisaietan txertaturik daudenak, eta azkenik, Nubrako haran hunkigarrian barneratu
gara.
|
Thiksey monasterioa |
Indo ibai emaritsuaren ertzean altxatzen diren Shey eta Thiksey monasterioak bisitatu ditugu lehenik. Monasterio gehienak
mendi muino idorretan altxatzen dira, eta modu mailakatuan kokatuta daude. Thikseykoak piztu du gure arreta, Maitreyaren (etorkizuneko Buda) tenplua bereziki,
bere 15 metroko altuerarekin Ladakhen
dagoen Budaren irudirik handiena baita. Gure ibilbidearekin jarraituz, Sakti haranaren hasieran dagoen Chemrey monasteriorantz jo dugu, baina
aurrez bertako jendearen bizimoduaz interesatu gara. Ladakhiar emakume alargun
batek gidari lana egiteko bere burua eskaini digu. Mailakatuta dauden
lur-sailetan garagarra eta gariarekin batera, autokontsumorako barazkiak
landatzen dira.
|
Ladakh emakume nekazaria |
Nekazari neska gazte batek ilarrak
gordinik jatera gonbidatu gaitu umeen algaren artean. Bidezidorren artean
etxaldera iritsi eta bere etxe xumea erakutsi digu, ukuilua eta sukaldea.
Apenas bizitzeko duen emakumeak irribarre zabal batekin agur esan eta bere
etxeko egur zaharreko atearen ondoan geratu da kale artean desagertu garen
arte. Monasteriora igo eta bertatik haran berdeak eskaintzen duen ikuspegiaz
gozatu dugu. Lana eta otoitza dira jende honentzat bizitzeko dituzten bi
euskarriak, biak lotu eta egunero intentsitate handiz bizi dituztenak. Egunari
amaiera emateko, Indo ibaia zeharkatu eta Stok
mendilerroaren magaletan dauden beste monasterioak bisitatu ditugu: Ladakheko monasteriorik handiena eta
aberatsena den Hemisekoarekin
batera, Stakna eta Mathokoak.
|
Lamayuruko monasterioa eta mendiak |
Hurrengo egunean, Lamayuruko harana ezagutzera jo dugu bertan, kokatzen baita Ladakheko monasteriorik zaharrena. Leku
bakarti batean kokaturik eta mendiez erabat inguraturik dagoenez,
egunerokotasunetik ihes egin nahi duenarentzat toki ezin aproposagoa. Ilunabarrean
eguzkiaren izpiek jaulkitzen duten argitasuna izkutatzeak sortzen duen
espektakuluaz gozatzeko toki paregabea. Ezti koloreko mendiak itzaliz doazenean
eta gauaren beltzak harana inbaditzen duenean, soilik mendien siluetak sortzen
duen marrazkia geratzen da gure begien ninien gozamenerako. Lehra itzultzean, Rizong, Alchi eta Likireko monasterioak ezagutu ditugu.
|
Likir monasterioa bere Buda erraldoiarekin |
Nubrako harana dugu azken jomuga, baina haraino ailegatzeko
igarotzeko moduko munduko mendaterik altuena omen den Khardung-La (5.602 m) pasa behar izan dugu. Amildegi zorabiagarriei
erantsita dagoen errepide honetatik Nubrako
haran aldera jaitsi gara. Shyok ibaiaren
ur arreak indarrez jaisten dira Hunder
aldera, baina aurrez, Nubra ibaiaren
ertzean dagoen Sumur monasterioa
bisitatzera joan gara, eta bertatik primeran ikusi ahal izan dugu bi ibaien
artean hedatzen den haran paregabea. Segidan errepidera itzuli eta Diskiteko monastegira joan gara; kanpoan
Buda erraldoi batek haranaren zaindari gisa agertzen da. Toki garaienera igo
eta Nubrako harana bere osotasunean
ireki dizkigu besoak postalik ederrena erakutsiz.
|
Sakti monasterioa |
Karakorumak harresitzen duen basamortu itxurako espazio
honetan, dunak eta bazkalekuak elkarren ondoan bizi dira, bakoitzak bere
espazio okupatuz. Une oro haranak erakusten duen handitasun natural honen
aurrean, herrixka hauetako biztanleek beraiek landatzen dituzten produktuetatik
bizi dira, eta bizitza horri errespetuz eta modu xumean egiten diote aurre,
beren egunerokoan budismo tibetarra inspirazio iturri izanik. Deskribatzeko
orduan hitzak labur geratzen zaizkigu, ez du inor epel uzten.
Ladakhen denborak ez
du noiz. Thuk Je Che.
|
Diskiteko monasterioaren Budaren irudi erraldoia |
Ladakh
jendea
Ladakh, Indiako Kaxmirreko
goi-lautadarik garaiena da. Hiru mila metro gaindiko altueran kokatzen da eta
bertan, Himalaia eta Karakorumeko mendikateekin batera, Indo ibaiaren
goi-harana hedatzen da. Historikoki, Indo haranaren ingurune jendetsuena izan
da eta, Zanskarreko lurrak, Nubrako haranak, Aksai Chineko basamortu-lurrak eta
Suruko harana barne hartzen ditu. India eta Pakistango zatiketa izan aurretik,
Baltistan Ladakheko barrutia zen eta orduan, Skardu hiriburua zen neguan eta
Leh udan. Ladakh altuera handian dagoen basamortu hotz bat da, Himalaiako
mendikateak montzoien sarrera eragozten du eta euria urria da.
|
Ladakh agurea |
Mendeetan zehar, autokontsumorako
ekonomia garatu izan du eta horretarako, garagar, arto, gari eta astailarra
landatzearekin batera, jak, dzo, behi, ardi eta ahuntzen ganaduak zaindu izan
ditu. Hiru eta lau mila metro arteko altueran kokatuta dagoenez, laborantza
garaia hil gutxi batzuetan bakarrik gara daiteke. Abere gutxi eta ura eskas
izanik, ladakh jendeak eskala txikiko laborantza garatu du betidanik, beti ere
bere ingurune-baldintzetara egokituz. Iraganean, bere kokapen estrategikoagatik
Ladakhek garrantzi handia izan zuen, zenbait bide komertzialen bidegurutze
estrategikoa izan zen. 60ko hamarkadan Txinako agintariek Tibet eta Asia Erdiko
mugak itxi zituztenean, nazioarteko merkataritza asko gutxitu zen.
|
Monje budistak |
Ladakh jende gehiena Himalaia
mendikatearen hegoaldean jaio arren, tibetar sentitzen da. Geologikoki munduko
goi-lautadarik handi eta altuena kontsideratzen den Tibetekoan kokatuta egoteaz
gain, bere ohitura, kultura eta erlijioan tibetar izaera duen herrialdea da.
Hortik datorkio Tibet Txikia bezala ere ezaguna izatea. Menditzarren beste
aldean bizi diren tibetar anai-arreben kredo, kultura eta gastronomia bera
dute.
|
Monje busitak otoitzean monasterioaren atarian |
Filosofia budista-tibetarra (lamaismoa)
nagusia izan arren, Ladakhen elkarrekin bizi dira budistak, hinduistak,
musulmanak, kristauak eta bestelako erlijioetako kideak. Beren tradizio eta
kulturan oso sustraiturik bizi den herria izanda ere, orografia zailak isolatu
eta mugatzen duen herrialde honek, bere azpiegiturak modernizatzeko ahalegin
itzela egiten du urtero. Ladakhen bizitzea ez da samurra, negua presente dagoen
zortzi hilabetean zehar,
|
Ladakh agurea otoitzean |
Himalaiako mendien magalean kokatuta dagoen ingurune
leku babesgabea baita.
Monasterioek protagonismo berezia dute Ladakheko bizitza
sozial eta erlijiosoan. Familiek ohikoa dute beren seme-alabetako bat budista apaizgora bidaltzea. Harrotasunaz
gain, haren hezkuntza eta mantenua bermatzen dute, kasu askotan oso eskasa den
familia-ekonomia batentzako. Tibeteraren euskalkia kontsideratzen den ladakha
da bertako hizkuntza. Eskualdean gehien hitz egiten den hizkuntzarekin batera,
populazioaren gehiengoak hindi eta urdua hizkuntzak ere ezagutu eta erabiltzen
ditu.