Xerpa herria munduko mendi
garaienen magalei erantsita bizi da aspaldidanik baina, azken hamarkadetan
ugaritu diren trekking eta alpinismo joera desberdinak xerpa komunitatea
eraldatzen ari direla esan daiteke. 1953.
urtean Edmund Hillary eta Tenzing Norgayk munduko mendi garaienaren gailurra
lehen aldiz zapaldu zutenetik, kasik isolaturik bizi zen nekazari eta
abeltzainen herri honek mendi-turismoaren boom-a ezagutu du. Ekonomia aukera
berri hauek zerbitzu eta proiektu on batzuk (eskolak, ospitaleak…) ekarri
arren, bertako kulturaren hondatzea eragiten ari dira. Zoritxarrez, beste
hainbat kulturekin duten gehiegizko harremanak, mendebaldekoarekin batik bat, ehunka
urtetako historia duen herri honen kultura desagertzeko zorian jarri du.
Emakume xerpa baratzean lanean Mojon
Luklako aireportu txikia
inguratzen duen hesiari so geratu natzaio, iaz bidelagun izan genituen Sonam
xerpa eta rai etniako Ram gaztea bilatuz. Berehala elkar ikusi eta besarkada
estu batean bildu gara, xerpek ohikoa duten irribarre zabala beren aurpegian
marrazten den bitartean. Ramek gure petateak bizkarreratu eta Paradise
lodgerantz abiatu gara lehen tea dastatzen dugun bitartean azken urtean
gertatutako guztiaz hitz egiteko. Iaz ezagutzeke utzi genituen xerpa
gizartearen bizimoduan murgiltzeko asmoz itzuli garela adierazi diegu, xerpen
ohitura eta tradizioak gertuagotik bizi nahiz.
Jainkoei zuzendutako otoitzak irudikatzen dituzten gurpilak
Luklako azken etxea atzean
utzi orduko, Chomolangma (Unibertsoaren Ama Jainkosa) haserretu dela dirudi,
ekaitzak jo du eta bideak erreka itxura hartu du. Trumoi eta tximisten artean
Chheplung eta Gatheko herrixkak zeharkatu ditugu Packdineko lodgera heldu
aurretik. Gustura hartu dugu jangela erdian dagoen berogailuaren beroa. Egurrez
eta batez ere eguzkitan lehortutako yak kakaz (chea) betetako galdara txiki
honek azkar epeldu ditu gure gorputzak. Lodgeko arduradunak gurera bildu dira
eta esku artean dugun te beroari zurrut txikiak eginez, gogora ekarri nahi izan
dugu xerpen jatorria.
Tengbocheko monje bat irakurtzen
Xerpa hitzak tibeteraz
“ekialdeko herria” edo “ekialdeko jendea” esan nahi du, shar “ekialde” + pa
“herria” edo “jendea” eta Tibeteko ekialdean dagoen Kham eskualdean bilatu
behar dugu hauen jatorria. XV. mendearen erdialdera, xerpek Tibeteko lurrak
utzi eta Himalaiako goi haranetan bizitzen hasi ziren, Nangpa La lepoa (5.900
m) gurutzatu eta munduko mendi garaienaren (Everest, Sagarmatha edo
Chomolangma) magalean hedatzen den Solo Khumbu haranean jarri ziren. Beraz,
esan dezakegu Solo Khumbu dela xerpa herriaren etxea (khangpa). Azken
hamarkadetan Nepalgo beste zenbait lurraldetara emigratu dute, baita Indiako
Sikkim, Assam eta Darjeelingera edota Europa eta Ameriketara. Sonami so
natzaio, bere aurpegian irudikatzen diren hazpegi mongoliar nabarmenei begira,
bere arbasoen ispilu. Afaldu ostean, Dudh Khosi ibaiaren murmurioak lagundu
digu loak hartzen.
Turista, zamaketari eta
mendizale artean murgildu gara Namche Bazarerako bidean eta konturatu orduko,
Monju igaro eta Sagarmathako Parke Nazionalaren sarrerara heldu gara. Zubi
eseki luze batek ibaia gainditzen lagundu eta Jorsaleko lodge baten kanpo
aldean eseri gara. Bospasei ume jolasti ditugu inguruan eta haien algaren
artean inguruaz gozatu dugu eskutan garagar, arto, zekale eta artatxikiz
egindako bertako garagardoari (chang) zurrut eginez. Etengabea da zamaketarien
joan-etorria, adin eta etnia askotako gazte eta ez hain gazteak ilaran.
Turismoa lur hauetara heldu aurretik, xerpak nekazariak, abeltzainak eta
merkatariak ziren baina, atzerritarren etorrerarekin zamaketari lanetan hasi
ziren, garaiera handietan lan egiteko zuten egokiera,
trebetasuna eta gaitasuna erakutsiz. Mendebaldeko zibilizazioarekin kontaktuak
xerpen bizimodua aldatu egin zuen (hondatu?) betirako, ordura arteko jarduerak
turismoaren industriagatik aldatuz. Diruak eta ospeak liluraturik, gidari eta
zamaketari lanak beren kulturaren parte bihurtu zituzten, ohiko eginkizunetan
aldaketak eraginez. Jakina da alturako zamaketari xerpak ezinbestekoak bihurtu
direla munduko mendi garaienen gailurrak zapaltzeko orduan (zamak garraiatu,
sokak jarri, bideak ireki, erreskatetan parte hartu…), baina egun langile
kualifikatu gisa hartzen badira ere, mendebaldeko askok “mendiko morroi” gisa
tratatzen ditugu. Rami so natzaio. Azken zazpi urtetan 21 urteko rai etniako
gazte hau, udaberri eta udazkenetan zamaketari lanetan aritzen da bertan irabazitako
diru apurrekin bere herrira oinez itzultzeko (hiru egun behar ditu). Lotsatia
da eta birritan eskatu arren, ez digu gure izenez deitzen, “Sir” baizik.
Adierazgarria oso.
Nuptse, Everest eta Lhotseko pareta tzarra Tengbocheko monasteriotik
Xerpen hiribururantz abian jarri
gara segidan. Aldapa pikoa emeki-emeki igo dugu. Eguraldia lagun, mendizale eta
turistentzako lodgez eta dendez betetako herri bizi eta koloretsura iritsi
gara. Igitai itxura duen malkarrean eraikitako anfiteatroa dirudi, asmo eta
ametsen antzezleku paregabea. 3.700 metrotan kokaturik dagoen herri honetan
ohikoa da igandetako merkatua. Mendeetan zehar, bide hau erabili ohi dute
tibetar merkatariek yaken bizkar gainean gatza eta ardi haragi sikua ekarri eta
arroza, artoa eta artatxikiz zamatu eta itzuliz. Xerpek, zama garraiatzeko eta
esnetarako yak eta zopkio (yak eta behi arteko hibridoa) ugari dituzte.
Pangbocherako bidea Ama Dablan mendi ederra-1
Herriaren goi aldean dagoen
monasterioa (gonpa) bisitatu ondoren, xerpen museo xumea ezagutzera joan gara.
Sonamen azalpenak erne entzun ditugu, xerpen bizimoduaz hamaika datu, xerpen
iraganaz hamaika xehetasun, xerpen etorkizunaz hamaika zalantza irudikatuz.
Lainoa sartu eta hoztu egin du, berandu baino lehen jendez gainezka dagoen
lodgearen jangelan sartu gara afaltzeko asmoz. Patata, garagarrarekin batera
dira xerpen oinarrizko elikagaiak eta harresi txikiz inguratutako lursail
txikietan ereiten dituzte magaletan antolatutako terrazatan. Lotarako ordua da.
Gaueko zeru oskarbian marrazten den Thamserku mendiaren siluetari begira egin
dugu amets.
Pangbocheko agurea mala eskutan otoitzean
Biharamunean Sonamek goiz
iratzarri gaitu, gaur bere herrira baikoaz. Aldapa pikoak xerpen mendi sakratua
den Khumbilaren magalean hedatzen den Haran Berdera eraman gaitu, Sonamen
bizitzaren lekuko diren paraje eder eta erakargarrietara. Kundeko ospitaleari
bisita egin eta Khumjungnera joan gara. Bertako monasterioan yetiaren izan
daitekeen buru-larruazala ikusi dugu. Sonamek txikitandik entzundako istorio
luzea kontatu digu eta bertakoek gurtu egiten dutela esan digu, monasterioetako monjeek benetako erlikia gisa
baitituzte. Gure lagunaren etxean (khangpa) sartu orduko, Sonamen ama eta
emaztea zain ditugu. Elkar agurtu eta beraiek egindako changa eskaini digute. Xerpa
gizartean klanen sistema erabiltzen da ezkontza kontuak erabakitzeko. Egun 18
klan daude eta identitatea aitaren bidez hartzen da oinordetzan eta ohikoa da
xerpa batek bere klanekoa ez den emaztea aukeratzea. Xerpania (emakume xerpa)
da etxeko lanak egin eta seme-alabak hazteaz arduratzen dena eta ohikoa da
laborantzan ere ikustea beren senarrak gidari edota zamaketari lanetan dabilen
bitartean. Familien artean ere ez dago berdintasunik, lehen yak talde handienak
zituzten familiak ziren aberatsenak, baina gaur egun aberats berriak daude.
Xerpa askok turismoaren goren aldia baliatu dute negozio berria jarri eta
arrakasta edukitzeko: lodgeak, jatetxeak, trekking agentziak... Aberats eta
txiroen artean zegoen aldea areagotu egin dela esan daiteke.
Familia agurtu eta biharamunean
Tengbocherantz abiatu gara. Eguzkiaren beroak gauez botatako elurra urtzen hasi
du eta bidean ugari diren errododendroen distirak edertu egiten du ingurua.
Monasteriora iritsi orduko postaletan ikusi ohi dugun paisaia paregabea paratu
zaigu aurrez aurre, Nuptse eta Lhotse menditzarrek
osatzen duten harresi zuri bikaina eta hauen gainetik Chomolangmaren buru ilun
lurruntsua. Ziragarria! Ikuspegiaz gozatu eta gero, monasterioan sartu gara.
Monjeak otoitzean ari diren bitartean, ifrentzu usai artean sabai eta
paretetako irudi eta marrazki koloretsuetan jarri dugu arreta. Xerpa kulturak,
erlijio budistaren (budismo lamaista) eraginpeko mito eta elezaharren artean
eboluzionatu du mendeetan zehar. Solo Khumbuko bide eta inguruetan murgildu
garenetik, herrietan aurkitu ditugun monasterioez (gonpa) gain, budismoarekin
zerikusi zuzena duten hamaika erakin edota tresna desberdin ikusi ditugu.
Dotrina budistaren ikur diren estupak (chorten) leku askotan daude, erlikiak
gordetzeko erabili ohi dira, baita erromes bideak seinalatzeko ere. Kanpoaldean
sanskritoz idatzitako om mani padme hum mantra ezaguna edota budisten zortzi
zeinu iragarleen marrazkiez osatuta dauden kolore anitzeko otoitz-gurpilak
ugari dira paraje hauetan. Eta hauen ondoan ohikoa da otoitz-banderatxo
koloretsuak ere ikustea, bidean ez ezik, mendien gailur edota igarobideetan
jarri ohi direnak. Lurrean ilaran jarrita edota metatuta, mantrez zizelkatutako
harri eta harlauz multzoak (mani) nonahi daude eta hauek beti ezker aldetik
inguratu behar dira gure desioak betetzea nahi badugu.
Harrian landu eta margotutako Mania
Herri honen sinesmenen
paisaiaren puzzlea osatzen duten elementu koloretsu hauen artean bete dugu
xerpen herri zaharrena den Pangbocherainoko bidea. Sonam, arrosario budista
(mala) esku artean duen agure batekin gelditu da hizketan. Xerperaz ari dira. Xerpera ez da tibetar dialekto bat, hizkuntza desberdina
da eta denbora luzean ez zuen aldaketarik izan, ahalik eta mendebaleko
jendearekin kontaktua egin arte, horrela, egungo xerperan hitz ingeles asko
aurki daitezke. Masailak eguzkiaren indarrez belztuta dituen agure honek kasik ehun urte dituela esan digu, beraz
haranean izan diren aldaketa guztien lekuko zuzena zalantzarik gabe.
Namche Bazarreko etxeak Kang Tegaren mendean
Gauean elurra bota du, baina goizeko eguzkiak azkar urtu
ditu bazterrak. Ama Dablam mendi dotorea agurtu eta Tawoche, Cholatse eta
Arakam Tse mendien magala zeharkatzen duen bideak paraje berrietara
gerturatu gaitu, Phortsera hain zuzen ere. Xenda eroso hau talaia bikaina da, mendi garaiak ez ezik
(Nuptse, Everest, Lhotse, Ama Dablam, Kang Tega, Thamserku...), Solo Khumbu
haranaren perspektiba bikaina eskaini digu, gorako bidean igaro ditugun bide,
lepo eta herriak gure mende ikusiz eta gozatuz.
Tengbocheko monasterioa eta Everest eta Lhotse mendiak
Abiapuntura itzultzeko tenorean ezin ahaztu zortzi egunez Sonam eta Ram lagunekin bizitakoak, haiengandik ikasitakoak. Luklako aireportu txikian iazko eszena bera errepikatu dugu, khata bana jarri, lagun maitagarriak besarkatu, hegazkin txikian sartu eta xerpen khangpatik urrutiratu gara berriro ere, tristuraz. Thasi Delek Sonam! Tashi Delek Ram!
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2024/01/san-martzial.html