Paisaia
bada poema ere,
inola
ere ez da mutu;
nori
bere estrofa diotsa
harmoniatsu
bezain altu.
Bitoriano Gandiaga “Izadiminez”
Sonam-ek bere
“khangpa” erakutsi digu. Ez da ohiko etxe bat. Himalaiako ortzia du
sabaitzat eta inguratzen duten izotzezko
mendi garaietatik esekitzen diren baso eta haran biluztuek mugatzen dute albo
guztietatik. Ilargi eta eguzkiaren taupaden erritmoaren baitan mugitzen diren
herri eta bazter ederrak, denborak beste dimentsio bat hartzen duen paisaia erakargarria,
natura guztiaren jabe den espazio harmoniatsua, sentimenduak loratzen laguntzen
duen sehaska kulunkagarria, ehunka urteko usadioei loturiko sherpa herriaren
bizilekua... Sonam-en “khangpa” ez da ohiko etxe bat. Bizitza oso bat da. Bizia
den bizitza oso bat.
Luklarantz
Hegazkin txikiaren leihotik Kathmandu-ko paisaiari so geratu
gatzaizkio. Gure mendean budisten estupak, kale zalapartatsuak, Bagmati ibaiak marrazten duen lerro
irregularra... hamaika postal koloretsu, bizirik irauteko hamaika espazio
desorekatu, bizitza itzaltzeko hamaika bazter ezkutu. Himalaiara gerturatzen
goazen heinean, berehala ohartu gara haran eta mendi gandorretan lerro meheak
marratzen dituzten bidezidorrak infinituan galtzen direla eta mendien magalak bortizki
amiltzen direla ibaietan ito arte. Ertzik gabeko panoramika mugagabearen
sinfonia. Dena da txikia eta handia aldi berean. Eta neurririk gabeko eszenatoki
honetan miniaturazko mundu bat, gertutik, barren-barrenetik ezagutu nahi dugun
mundu erakargarria, naturaren altzoan piztu eta lokartzen den sherpen “khangpa”.
Zerumuga ebakitzen dituzten mendi
garaiak begiztatuko orduko ohartu gara Sagarmatha-ko atarian gaudela, baina hegazkin txikia
sakanerantz jaisten hasi denerako paisaia ahaztu eta izuak urduri jarri gaitu.
Azkenean, Lukla-ko aerodromoan lurra
hartu dugu. Mendizaleen motxilak eta petateak garraiatzen dituzten zamaketariez
beterik daude bazterrak, rupia batzuen trukez hurrengo egunetarako lana emango
diegun esperoan. Harrabots honetan galdurik norbaitek gure izenak ozenki bota ditu
airean. Sonam da, datozen hamabi
egunetan bide erakusle eta bidelagun izango dugun sherpa, eta haren ondoan gure
zama bizkarrean garraiatuko duen “rai” etniako Ram gaztea.
Izen iradokitzailea duen Paradise lodge-an lehen tea dastatu eta
berehala murgildu gara Lukla-ko kale
estu eta luzean. Paisaia berriari so zirrarak hartu gaitu eta metro gutxiren
buruan begiak ezin ase ekin diogu gure abentura honi. Azken etxea atzean utzi
eta Sagarmatha-ko lurraldera ongi
etorria ematen duen ataria gurutzatu aurretik, jainkoei zuzendutako otoitzak
irudikatzen dituzten gurpilak dantzan jarri ditugu erreguak egin eta desiorik
gizatiarrenak eskatuz. Beteko ote?
Sherpen hiriburuaren kolore festa
Bat batean, andanan doazen turista,
mendizale eta zamaketarien joan-etorri etengabean murgildu gara. Bazter guztiei
so eta gure ingeles traketsaz baliatuz, Sonam-i
galdezka hasi gatzaizkio begien aitzinean agertzen zaigun guztiaren esanahi eta
arrazoiak jakin guran. Pazientzi handiz
eta beti irribarre zabal batez, bere khangpa-ren
sarreran deskubrituz goazen guztiari izena eta izana jartzen dio, bere etxea
apaindu eta edertzen duten zoko eta xehetasunen azalpen neurtuak, gure interesa
asetzeko lain. Eskolara doazen umeen algara biziak gure arreta bereganatu du,
zuhaitzen artean ezkutaketan, loreak bildu eta irribarre zabal batez gure argazki
kameraren klik-a noiz egingo zain. Kusum
Khangkaru mendi garaiaren magaletan eguzkiaren azken izpiak irristatzen
hasi direnerako Phakding-era heldu
eta bertan igaro dugu lehen gaua.
Bezperan piztutako neurririk gabeko jakin
minez abiatu gara Dudh Kosi ibaiaren
paraleloan marrazten den bidezidorrean zehar. Tarteka, erakargarriak bezain
ziragarriak gertatu zaizkigun kablez eta burdinez eginiko zubi esekiak
zeharkatu eta maldan gora abiatu gara. Emeki-emeki heldu gara sherpa herriaren
hiriburura, Namche Bazar-era hain
zuzen ere. Igitai itxura duen haran malkartsu batean gora egiten duen herri
honek anfiteatro baten harmailetan etxeak barreiatzen diren argazki koloretsua eta
bizia du. Xehetasunik galdu gabe, herria, herritarrak eta hauen bizimodua
ezagutu asmoz kale artean galdu gara, merkatuko anabasa, monasterioaren
misterioa, dendarien zalaparta eta paisaiaren babesean.
Biharamunean, Sonam-ek Haran Berdean kokaturik dagoen Khumjung-era joan eta bere jaiotetxea ezagutzera gonbidatu gaitu.
Masailak eguzkiaren indarrez belztuta dituen bere amak hartu gaitu, atseginez,
te bat hartzen dugun bitartean bere etxe xumearen gelak apal erakutsiz. Thamserku eta Kang Tega mendi garaien gailur eta izotzezko magalei begira amets
egiteko beta hartu dugu segidan, ezinezkoa zaigun hori eskura izango bagenu
lez. Namche Bazar-era itzuli eta
gauak lagundu digu ametsa betetzen.
Gokyo haranaren biluztasuna
Egunsentiaren argitasunarekin batera,
nagitasunak astindu eta Namche Bazar-eko
eskailera amaigabeetan soseguz egin dugu gorantz. Lehen bihurgunera iristean,
gure etxean argazki eta irudietan maiz ikusi eta amestu ditugun munduko mendi
garai eta ederrenak aurrez aurre paratu zaizkigu: Ama Dablan, Nuptse, Lhotse eta
bi hauek lotzen dituen harresi ikaragarriaren gainetik bere buru ilun
lurruntsua erakutsiz Sagarmatha (Everest edo Chomolungma). Emozioek azkar
kilikatu dute gure barrena, elkarri begiratu diogu, mutu, dakusagun paisaiaren
bakarrizketari erne, detailerik galdu gabe, Sonam-ek
iratzarri gaituen arte.
Tawoche, Cholatse
eta Arakam Tse mendien paraleloan
zabaltzen den bideak paraje berrietara gerturatu gaitu. Mugagabeak diruditen
magalez osaturiko lur biluztuak, lortezinak ematen duten izotzezko mendi gailur
zorrotzez marrazturiko zerumuga amaigabea. Errododendro bakan batzuk eta te landare
basatiek lekua aurkitu duten Gokyo
haranaren altzoan gaude. Eta eszenatoki erraldoi honen hondoan, Cho Oyu menditzarraren presentziak inguratzen
gaituen paisaiaren collage perfektuari falta zaion azken pieza ezin ederragoa. Gokyo Ri-ko gailurrera (5.357 m) igo eta
jainkoei eskainitako ifrentzu usain artean 360º-ko panoramika bikainaz gozatu
dugu luzaroan, isilik, paisaiaz maitemintzeko ahaleginduz, naturak erakusten
duen indarrak liluratuz.
Khumbu glaziarraren handitasuna
Bezperan egindako elurrak bazterrak
zuritu eta neguko giroa nagusitu da isiltasuna jabe den paraje eder hauetan.
Erritmo motelaz Cho La Pass-eko lepora
(5.368 m) zuzentzen den xenda estu eta pikoa jarraitu dugu. Nirekha Peak-en magaletik ihesean doazen
izotzezko bloke erraldoi eta mehatxatzaileek erakarri dute gure atentzioa,
askatu eta gure mendean hautsiko ote diren beldur. Glaziarrean zehar bete
ditugu hurrengo minutuak, ezker-eskuin zabaltzen zaigun ikuspegi dotoreari so. Kasik
bost mila metrotan gaua igaroko dugun Lobuche-ko
lodge-ra iristean nekea gailendu zaigu eta afari oparoaren ostean, ohe xumeak
eskaini digun espazioaz jabetu gara hurrengo egunak oparituko dizkigun ezusteen
esperoan.
Egunsentiaren argitasunak iratzarri
gaitu. Teak berotutako edalontzia eskua artean estutu eta zurrut txikiak eginez
gorputza girotu dugu. Gora Shep-era
heldu eta bat batean, Pumori, Lingtren, Khumbutse eta Nuptse
menditzarren izotz eta haitzezko zirku perfektua agertu zaigu aurrez aurre. Eta
hauen altzoan Sagarmatha eta Lhotse-ra igotzeko oinarrizko
kanpamendua, glaziarraren gainean eraikitako kolore anitzezko herrixka. Kala Patthar-eko gailurrera (5.545 m)
heltzean, haizeak bortizki astintzen dituen otoitz-zapi koloretsuek egin digute
harrera. Munduko mendi garaienari so geratu gatzaizkio, bere buru ilunari
darion lurruna airean barreiatzen delarik. Mutu geratu gara inguratzen gaituen
paisaiarekin, gure begiek dakusaten irudiek hitz egiten digute soilik.
Oinarrizko kanpamenduari bisita
azkarra eta etorritako bidetik itzuli gara. Khumbu-ko
glaziarrari diosala egin eta haranean zehar jaitsiz atzean utzi ditugu Lobuche, Periche eta Pangboche herrixkak. Tengboche-ko monasteriora heltzean ezin izan
dugu ekidin begirada goi mendietara zuzendu eta sei mila metro gaindi zutitzen
diren gailurrekin liluratzea, serac-jauzi itzelak jaurti eta oreka miragarrian mantentzen
diren tontor zorrotz helezinak. Erraldoi hauen mendean lasai dirau
monasterioaren bizitzak, egunsenti eta arratseko monjeen otoitzen erritmoan,
naturak airean musikatzen duen konpasean.
Bizitzak
normaltasunez darrai Nepalgo goi haranetan; nekazariak beren soroetan lanean,
umeak eskolarako bidean, agureak egurrezko eserlekuetan berbetan… gizarte bat
bere eguneroko errutinan murgildurik bizi da. Collage honek, inguratzen gaituen
haitz eta izotzezko eszenatoki zoragarria bezainbeste liluratu gaitu. Ibilaldi
honen azken eszena Lukla-ko aireportu
txikian bizi izan dugu, Sonam eta Rai agurtu eta noizbait berriro itzuliko
garela promesa egitean. Lagun maitagarriak besarkatu, hegazkin txikian sartu
eta sherpen “khangpa”tik urrutiratu gara
tristuraz. Laster arte!
…
Kathmanduko
kaosean murgildu gara. Swayambunath-eko amaierarik gabeko eskaileretan gora,
Pashupatinat-eko Bagmati ibaian errauste zeremonietan erretako gorpuen kearen
arrastoan, Bodhnath-eko stuparen inguruan monje budisten otoitzen itzulian,
Patan-eko tenpluen artean jiran, Indra Chowk eta Asan Tole-ko kaleetako zalaparta
amaigabean galdurik... Atzean geratu dira hamabi egunez Sonam-ekin ezagutu eta
gozatu ditugun Gokyo eta Khumbu-ko haranak, sherpen herrixka koloretsuak,
isiltasuna eta ifrentzuaren usaina nagusitzen diren budisten monasterioak, merkantziaz
zamatutako yak ilara luzeak, Dudh Kosi ibaia gainditzeko zubi esekiak, Tehngboche-ko
magaletan loratzen diren errododendroen distira… eta batik bat Himalaiako zerua
egunero marrazten duten sherpa ume maitagarrien irribarrea.
Hau guztia da
Sonam-en “khangpa”, hau guztia da Sonam-en etxea, mugarik ez duen mundua,
imajinazioak ihes egiten duen espazioa adeitsua, gizakiaren ezkutuko
sentimenduak ernetzen dituen lur ziragarria. Danebad Sonam! Danebad zure
etxearen ateak parez pare irekitzeagatik, bere erraiak erakutsi eta gozatzen
uztegatik, gure ezkutuko sentimenduak azal arazteagatik. Danebad Sonam, mutu ez
den zure paisaia gurekin konpartitzeagatik.
Klikatu hemen ARGAZKIAK eta BIDEOAK
ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2015/02/himalaia-gokyo-eta-khunbu-haranak.html
http://askemikel.blogspot.com/2015/02/himalaia-sherpa-herria.html
http://askemikel.blogspot.com/2021/09/xerpen-herria_19.html
http://askemikel.blogspot.com/2021/09/himalaiako-zamaketariak_19.html
http://askemikel.blogspot.com/2021/09/himalaiako-umeen-begirada_19.html