Kintoa, Nafarroako
iparraldeko mendi eta oihan gunea da, baso ederrez estalia. Aldude iparraldean,
Auritz ekialdean, Erroibar hegoaldean eta, Esteribar eta Baztan mendebaldean
dira bere mugak. Bi estatuen arteko mugatik gertu egoteak, tirabira askoren
sorlekua izan da, batik bat lur hauen jabetzari dagokionez. Izena, nafar
monarkiaren zergak ordaintzeko zuten sistematik datorkio, bazka garaian
errege-mendietan sartzeagatik ordaintzen zen zergatik hain zuzen ere. Lurren
ustiaketak sortzen zituen liskarrak konpontzeko ahalegin desberdinak egin izan
dira eta, azkenean, Baionan, 1856ko abenduaren 2an sinatutako “Mugen Tratatuak”
finkatu zituen gaur egungo estatu arteko mugak. Itunak, lurraldearen jabetza
Espainiari ematen zion, eta Frantziari iparraldeko aprobetxamendu zatiezina
eta, Baigorriko haranaren hegoaldeko zatiaren aprobetxamendua artaldeentzako,
urteko errenta baten truke.
Kintoako lurretan
goititzen diren mendi eta muino borobilen artean, Okoroko gailurra da kotarik
gorenena. Artesiaga eta Urkiaga mendateen artean hedatzen den kordal txiki
honetan Kantauriko eta Mediterraneoko uren banalerroa marrazten da (GR-12) eta,
bertan dauden larre aberatsak zeharkatuko ditugu gure helburura iristeko.
Artesiagako mendatean
dagoen aparkalekutik abiatu eta berehala, GR-12aren bide balizatua bilatuko
dugu Saioa mendiari bizkarra emanez. Alanbrezko hesiaren beste aldera pasa eta,
Larrakarte mendiaren magalean zehar zabaltzen den xendan barrena abiatuko gara.
Zagua mendiaren magala zeharkatzen duen bidezidorrak Araongo Harriko leporaino
eramango gaitu eta bertan, GR12aren egurrezko hesola bat. Puntu honetan, bide
balizatua utzi eta, ezkerretik joko dugu Araongo Harriko tontorrera igotzeko.
Mendi edo gain honen
magala zeharkatzen duen xenda batek, bide balizatura itzuliko gaitu. Pista oso
zabal eta erosoan zehar, Astabizkar muinoaren oinera eramango gaitu. Hemen,
berriro bide nagusia utzi, aldapa motz baina piko bati aurre egin eta gora
igotzen gara. Beste aldetik jaitsi eta GR-12arekin berriro bat egingo dugu.
Hemen ez dira maldak amaituko, seinale zurigorriek erakutsiko diguten
norabidean, Iparraldeko Kaskoraino zuzentzen den malda biziari aurre egin
beharko diogu segidan. Azken zatian GR-12tik kanpo egingo dugu.
Artsal eta Argintzo
mendien artean kokatzen den tontorretik, eta alanbrezko hesiaren ondotik, bide
balizatura itzuliko gara, GR-12a Urkiaga mendatera jaisten lekuraino. Bidearen
zati honetan, Buztanberroko trikuharri, harrespil eta tumuluak daude. Puntu
honetan seinalerik ez duen bide nabarmenetik egingo dugu aurrera. Artsal
mendiaren magala zeharkatzen duen pistatik, Okorora igotzeko azken maldari ekin
baino lehen dagoen lepora igoko gara. Azken malda belartsuan ikusgaitz den
xendan barrena, Okoroko tontorrera igoko gara. Harrizko zirkuluerdi formako
harresi txiki batez babesturik, 1982an SCDR Anaitasunak jarritako buzoia.
Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu, baina oraingoan
GR-12aren bide balizatua utzi gabe.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko