jueves, 29 de septiembre de 2022

Okoro

 


Kintoa, Nafarroako iparraldeko mendi eta oihan gunea da, baso ederrez estalia. Aldude iparraldean, Auritz ekialdean, Erroibar hegoaldean eta, Esteribar eta Baztan mendebaldean dira bere mugak. Bi estatuen arteko mugatik gertu egoteak, tirabira askoren sorlekua izan da, batik bat lur hauen jabetzari dagokionez. Izena, nafar monarkiaren zergak ordaintzeko zuten sistematik datorkio, bazka garaian errege-mendietan sartzeagatik ordaintzen zen zergatik hain zuzen ere. Lurren ustiaketak sortzen zituen liskarrak konpontzeko ahalegin desberdinak egin izan dira eta, azkenean, Baionan, 1856ko abenduaren 2an sinatutako “Mugen Tratatuak” finkatu zituen gaur egungo estatu arteko mugak. Itunak, lurraldearen jabetza Espainiari ematen zion, eta Frantziari iparraldeko aprobetxamendu zatiezina eta, Baigorriko haranaren hegoaldeko zatiaren aprobetxamendua artaldeentzako, urteko errenta baten truke.


 

Kintoako lurretan goititzen diren mendi eta muino borobilen artean, Okoroko gailurra da kotarik gorenena. Artesiaga eta Urkiaga mendateen artean hedatzen den kordal txiki honetan Kantauriko eta Mediterraneoko uren banalerroa marrazten da (GR-12) eta, bertan dauden larre aberatsak zeharkatuko ditugu gure helburura iristeko.


 

Artesiagako mendatean dagoen aparkalekutik abiatu eta berehala, GR-12aren bide balizatua bilatuko dugu Saioa mendiari bizkarra emanez. Alanbrezko hesiaren beste aldera pasa eta, Larrakarte mendiaren magalean zehar zabaltzen den xendan barrena abiatuko gara. Zagua mendiaren magala zeharkatzen duen bidezidorrak Araongo Harriko leporaino eramango gaitu eta bertan, GR12aren egurrezko hesola bat. Puntu honetan, bide balizatua utzi eta, ezkerretik joko dugu Araongo Harriko tontorrera igotzeko.


 

Mendi edo gain honen magala zeharkatzen duen xenda batek, bide balizatura itzuliko gaitu. Pista oso zabal eta erosoan zehar, Astabizkar muinoaren oinera eramango gaitu. Hemen, berriro bide nagusia utzi, aldapa motz baina piko bati aurre egin eta gora igotzen gara. Beste aldetik jaitsi eta GR-12arekin berriro bat egingo dugu. Hemen ez dira maldak amaituko, seinale zurigorriek erakutsiko diguten norabidean, Iparraldeko Kaskoraino zuzentzen den malda biziari aurre egin beharko diogu segidan. Azken zatian GR-12tik kanpo egingo dugu.


 

Artsal eta Argintzo mendien artean kokatzen den tontorretik, eta alanbrezko hesiaren ondotik, bide balizatura itzuliko gara, GR-12a Urkiaga mendatera jaisten lekuraino. Bidearen zati honetan, Buztanberroko trikuharri, harrespil eta tumuluak daude. Puntu honetan seinalerik ez duen bide nabarmenetik egingo dugu aurrera. Artsal mendiaren magala zeharkatzen duen pistatik, Okorora igotzeko azken maldari ekin baino lehen dagoen lepora igoko gara. Azken malda belartsuan ikusgaitz den xendan barrena, Okoroko tontorrera igoko gara. Harrizko zirkuluerdi formako harresi txiki batez babesturik, 1982an SCDR Anaitasunak jarritako buzoia. Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu, baina oraingoan GR-12aren bide balizatua utzi gabe.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 

http://askemikel.blogspot.com/2019/12/okoro.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario