Goierriko mendizaleen artean ohitura handia duen ibilbidea aurkezten dizuet. Normalean Zarautzen amaitu beharrean Orion amaitzen da eta ez dute mendirik igotzen. Guk, ibilbide hau oinarritzat hartu eta grazia, desnibel eta bizitasun pixka bat emateko, nahiz eta luzeagoa egin,
Usurbe,
Murumendi eta Ernio mendiak igotzea planteatu genuen. Ibilbidearen helmuga baita ere aldatu eta Orion amaitu beharrean Zarautzen amaitu genuen bertako familiarekin egun pasan egoteko.
Zarauzko hondartzan oso zoriontsu ibilbidea amaitu ondoren.
JARRAITUTAKO IBILBIDEA
Ordiziatik atera eta, Beasaingo hilerria lehenik eta Untsarain baserriaren ondotik pasatuta ondoren,
Usurbera igo ginen.
Usurbetik Agortara jaitsi eta PR-GI 55 eta PR-54 eta GR-34 bideetatik
Murumendira igo ginen.
Murumenditik jaitsi, GR-34 ibilbidea hartu eta Zelatun arte jarraitu genuen, tartean Santa Ageda eta Bidaniako mendateak zeharkatuz.
Erniora igoera egin ondoren Zelatuneko bentan atsedentxoa hartu eta GR-34 et PR-GI 84 bideetatik Iturriotz arte joan ginen, hemendik, PR-GI 84 bidetik, Pagoetako gurutzera iristeko.
Pagoetako gurutzetik Urruzume aterpera eta aterpetik, Urruztumeko punta gure ezkerrean utzita, PR-GI 31 bidetik Lizarrako lepora jaitsi ginen, hemendik SL-4001 bidea lehenik eta SL-4002 bidetik ondoren Olaa errekara jaisteko.
Egurrezko zubi bat zeharkatu, SL-4002 bidea utzi eta errekaren ertzatik gertu mantenduz, eskuin nahiz ezkerretik, Olaa baserrira iritsi ginen, hemendik Zarautz herrigunera iristeko.
Ibilbidea Zarauzko hondartzan amaitu genuen, helburua itsasora iristea baitzen, jejeje.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 43,4 kilometro.
- Punturik baxuena: Zarauzko hondartza, -6 metro (marea bajua zegoen, jejeje).
- Punturik altuena: Ernio, 1.075 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.800 metro.
- Igotako mendiak: 4.
- Ura: Ibilbidean zehar iturri eta ura lortzeko leku gutxi topatu genituen, beharbada ibilbidea ez ezagutzeagatik: Arrapaitz Murumendin, Zelatun nahiz Iturriozko bentak, Amezketalardi baserriaren ondoko iturria eta, Basobeltz baserriaren kanpoan dagoen iturria (azkeneko honetan bertako baserritarrari esker).
- Zailtasuna: Ibilbideak duen luzeratik aparte ez dauka zailtasun teknikorik.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 6 ordu eta berrogeita hamar minutu "lasai" joanda. Tarte asko korrika txikian egin genituenez, ibilbidea oinez egin nahi bada, denborari dagokionez komeni da kontutan izatea.
Bidea deskargatu nahi baduzue.
Ibilbideari buruzko argazki eta deskribapen zehatzago baterako:
-
http://www.smithyrenbloga.com/2016/09/ordiziatik-zarautzera-usurbe-murumendi.html