Artikutza
inguratzen duten mendien magaletatik esekitzen diren baso trinko eta sakonetan
ezkutatzen dira iraganaren lekuko isilak. Haran estuen bihotzean murgiltzen
bagara, egun naturaren altzoan lokarturik dauden historiaren pasarteak irakurri
ahal izango ditugu eta errekastoen urek zizelatu dituzten paraje hauek ezagutuz
gero, ohartuko gara mendeetan zehar izan duten garrantzia. Garai bateko
jarduera desberdinen aztarnak aurkituko ditugu bazter guztietan, baita
misterioz betetako inguruak ere. Bizimodu desberdinen eta bertako errekurtso
naturalen ustiapen ugarien lekuko izan diren lur hauetan iraganak loak hartu
du.
Artikutza |
Artikutza
Frontoiaren
ondotik doan bidea hartu eta ezkerretik ateratzen den pistatik, Enobietako
urtegirako norabidea hartu dugu. Aurrera jarraitu eta bihurgune nabarmen batera
heltzean, langa igaro eta eskuinera jo dugu errekaren ondoan dagoen zubitxora
iristeko. Hau pasa eta ezkerrera hartu behar da, errekaren ondotik metro batzuk
betez. Bide zaharra Otarango pagadian murgiltzen da sigi-sagan altuera hartuz.
Artikutza |
Otaran
Artikutzan ekosistema ezberdinak
aurkitu badaitezke ere, pagadiak dira urtegiaren inguruko lurrak estaltzen
dituzten komunitate handienak. Hauen azpian eta beraien estaldura dentsoa
izaki, lurra biluzik dagoela esan daiteke, orbela eta goroldioa izanik beren
biztanlerik ugari eta nabarmenenak. Zenbait onddo ere aurki daitezke ingurune
hauetan, baina agian beren tamaina eta hazteko lekuarengatik (pago enborretan)
ardagaiak, enbor zaharren apaingarri gisa, ikusgarrienak suertatzen dira. Baina
pagadiek mundu oso bat ezkutatzen dute, ekosistema honen oreka mantentzen duten
biztanleak ugariak izanik.
![]() |
Otarango pagadia |
Enbor luzeko
pago gazte askok osaturiko pagadi ikusgarri bezain eder honetan murgildurik,
orbelak lurra erabat estaltzen du eta tarteka bidea ikusgaitza da. Pagaditik
ateratzean, Goizarindik Beltzuntzera
doan pista batekin egin dugu topo. Metro gutxi batzuk aurrerago, berriz,
ezkerrera hartu eta Urdallueko pagadian barneratzen den beste xenda bat
jarraitu dugu. Pago-enborrean marka gorria.
![]() |
Pagadia zeharkatuz |
Urdallue
Pagadia zeharkatzen
duen bidezidorra segituz, laster sakanaren hondora iritsi gara. Enborrez
eratutako zubitxo bat zeharkatu dugu beste aldera pasatzeko. Urdallueko
burdinola eta baserri-multzo zaharraren aztarnekin aurrez aurre egin dugu topo.
Denboraren poderioz, natura pixkanaka eraikin hauek guztiak estaliz joan da eta
egun zail samarra gertatzen da eraikin horien egitura osoa nabarmentzea.
![]() |
Urdallue |
Artikutzan
lau dira ezagutzen diren burdinola hidraulikoak, Urdallue, Elama, Goizarin eta
Artikutzako parajeetan kokatutakoa. Burdinola hidrauliko baten egituran hiru
zati dira berezigarrienak: uharka, arragoa (mineralen kiskaltze-labea) eta
lantegia. Azken honek oso egitura konplexua zuen, albo batean gurpil
hidraulikoak kokatzen ziren ardatzak mugiarazteko; gurpil hauek gabia eta
hauspoa martxan jartzen zituzten. Hauekin batera beste zenbait dependentzi
eraikitzen ziren, hala nola langileen bizitokiak, kiskaldutako mineral eta
egur-ikatzarentzat biltegiak eta “Olaetxea” edo burdinolaren arrendatariaren
bizilekua.
Orreagako Kolegiataren mugarria |
Industria metalurgikoarekin
guztiz loturik zegoen ikazkintza izan da paisaia eraldatu duen beste
jardueretako bat eta horren lekuko pagadietan aurki daitezkeen “txondor-plaza”
(txondorrak eraikitzeko plataformak) ugariak. Ekonomi guztia egurraren inguruan
oinarrituta zegoenez, jarduera industrial honek eragin nabarmena izan zuen
Artikutzako basoetan. Gaur egun, paraje hauek isiltasunean murgildurik daude,
eta naturak galdutako espazioa berreskuratu du.
Artikutza |
Ubidea
Baserri-multzoa
utzi eta sakanaren ezker aldeko mendialdetik doan bide zabala jarraitu dugu.
Berehala, Lapurzulo izenez ezaguna den meatzal ingurura iritsi gara eta
aurrerago, garai batean Ollagarate errekatik Lizarurdiñetako deposituraino ura
garraiatzen zuen ubide bat aurkitu dugu, honek herritik gertu zegoen zentral
bat elikatzen baitzuen. Bidea, ubidearen ondotik doa depositura iritsi arte.
Segidan Lizarurdiñetatik jaisten den pista segitu dugu eta seinale zuri eta
horiak jarraituz urtegia inguratzen duen pistara heldu gara. Hemendik herrira,
urtegiaren hormaren ondotik pasatzen den zidorretik jaitsi gara, egurrezko
hesolak erakusten duen norabidean.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2019/01/urdallueko-harana_25.html