sábado, 12 de abril de 2025

Urdallueko harana

Powered by Wikiloc

 


Artikutza inguratzen duten mendien magaletatik esekitzen diren baso trinko eta sakonetan ezkutatzen dira iraganaren lekuko isilak. Haran estuen bihotzean murgiltzen bagara, egun naturaren altzoan lokarturik dauden historiaren pasarteak irakurri ahal izango ditugu eta errekastoen urek zizelatu dituzten paraje hauek ezagutuz gero, ohartuko gara mendeetan zehar izan duten garrantzia. Garai bateko jarduera desberdinen aztarnak aurkituko ditugu bazter guztietan, baita misterioz betetako inguruak ere. Bizimodu desberdinen eta bertako errekurtso naturalen ustiapen ugarien lekuko izan diren lur hauetan iraganak loak hartu du.


Artikutza

Artikutza

Frontoiaren ondotik doan bidea hartu eta ezkerretik ateratzen den pistatik, Enobietako urtegirako norabidea hartu dugu. Aurrera jarraitu eta bihurgune nabarmen batera heltzean, langa igaro eta eskuinera jo dugu errekaren ondoan dagoen zubitxora iristeko. Hau pasa eta ezkerrera hartu behar da, errekaren ondotik metro batzuk betez. Bide zaharra Otarango pagadian murgiltzen da sigi-sagan altuera hartuz.


Artikutza

Otaran

Artikutzan ekosistema ezberdinak aurkitu badaitezke ere, pagadiak dira urtegiaren inguruko lurrak estaltzen dituzten komunitate handienak. Hauen azpian eta beraien estaldura dentsoa izaki, lurra biluzik dagoela esan daiteke, orbela eta goroldioa izanik beren biztanlerik ugari eta nabarmenenak. Zenbait onddo ere aurki daitezke ingurune hauetan, baina agian beren tamaina eta hazteko lekuarengatik (pago enborretan) ardagaiak, enbor zaharren apaingarri gisa, ikusgarrienak suertatzen dira. Baina pagadiek mundu oso bat ezkutatzen dute, ekosistema honen oreka mantentzen duten biztanleak ugariak izanik.


Otarango pagadia

Enbor luzeko pago gazte askok osaturiko pagadi ikusgarri bezain eder honetan murgildurik, orbelak lurra erabat estaltzen du eta tarteka bidea ikusgaitza da. Pagaditik ateratzean, Goizarindik  Beltzuntzera doan pista batekin egin dugu topo. Metro gutxi batzuk aurrerago, berriz, ezkerrera hartu eta Urdallueko pagadian barneratzen den beste xenda bat jarraitu dugu. Pago-enborrean marka gorria.


Pagadia zeharkatuz

Urdallue

Pagadia zeharkatzen duen bidezidorra segituz, laster sakanaren hondora iritsi gara. Enborrez eratutako zubitxo bat zeharkatu dugu beste aldera pasatzeko. Urdallueko burdinola eta baserri-multzo zaharraren aztarnekin aurrez aurre egin dugu topo. Denboraren poderioz, natura pixkanaka eraikin hauek guztiak estaliz joan da eta egun zail samarra gertatzen da eraikin horien egitura osoa nabarmentzea.


Urdallue

Artikutzan lau dira ezagutzen diren burdinola hidraulikoak, Urdallue, Elama, Goizarin eta Artikutzako parajeetan kokatutakoa. Burdinola hidrauliko baten egituran hiru zati dira berezigarrienak: uharka, arragoa (mineralen kiskaltze-labea) eta lantegia. Azken honek oso egitura konplexua zuen, albo batean gurpil hidraulikoak kokatzen ziren ardatzak mugiarazteko; gurpil hauek gabia eta hauspoa martxan jartzen zituzten. Hauekin batera beste zenbait dependentzi eraikitzen ziren, hala nola langileen bizitokiak, kiskaldutako mineral eta egur-ikatzarentzat biltegiak eta “Olaetxea” edo burdinolaren arrendatariaren bizilekua.

Orreagako Kolegiataren mugarria


Industria metalurgikoarekin guztiz loturik zegoen ikazkintza izan da paisaia eraldatu duen beste jardueretako bat eta horren lekuko pagadietan aurki daitezkeen “txondor-plaza” (txondorrak eraikitzeko plataformak) ugariak. Ekonomi guztia egurraren inguruan oinarrituta zegoenez, jarduera industrial honek eragin nabarmena izan zuen Artikutzako basoetan. Gaur egun, paraje hauek isiltasunean murgildurik daude, eta naturak galdutako espazioa berreskuratu du.


Artikutza

Ubidea

Baserri-multzoa utzi eta sakanaren ezker aldeko mendialdetik doan bide zabala jarraitu dugu. Berehala, Lapurzulo izenez ezaguna den meatzal ingurura iritsi gara eta aurrerago, garai batean Ollagarate errekatik Lizarurdiñetako deposituraino ura garraiatzen zuen ubide bat aurkitu dugu, honek herritik gertu zegoen zentral bat elikatzen baitzuen. Bidea, ubidearen ondotik doa depositura iritsi arte. Segidan Lizarurdiñetatik jaisten den pista segitu dugu eta seinale zuri eta horiak jarraituz urtegia inguratzen duen pistara heldu gara. Hemendik herrira, urtegiaren hormaren ondotik pasatzen den zidorretik jaitsi gara, egurrezko hesolak erakusten duen norabidean.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2019/01/urdallueko-harana_25.html

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario