Guardiako aintzirak Arabako Errioxaren bihotzean dagoen Biotopo Babestua da, Guardia harresiz
inguratutako herritik oso gertu. Iparraldean Toloño Mendilerroa, mendebaldetik
ekialdera eskualdearen muga ezartzen duen mendigunea, gailentzen da paisaian.
Aintziretara
erraz iritsiko gara Laguardiatik. Horretarako, errepide nagusia hartuko dugu
Logroñorako noranzkoan eta mahastietan barneratzen diren hainbat
landa-bidetatik joango gara.
Ezaugarri bereziak dituelako izendatu zuten biotopo babestu lau urmael hartzen dituen aintzira-multzoa. Carravalseca eta Carralogroño aintziretan, esaterako, irudi bitxia ikus dezakegu, batez ere, uda garaian. Gatzaren zarakarrak zuritutako sakonune lehor eta lauak topatuko ditugu bertan.
Urtaro hezean
metatutako ura lurrintzen denean sortzen da gatza. Izan ere, leku horietan
pilatzen den urak ez du inolako irteerarik, ez baitu inolako ibai edo
errekastorekin lotunerik. Inguruetako muinoetatik jaisten den urak eta euriak
berak sortzen dituzte urmaelok. Euri-garaian urez betetzen dira, baina gerora,
lurruntzearen ondorioz, ura galtzen dute, eta uretan disolbatutako gatza
gainazalean gelditzen da.
Musco izeneko aintzira ere ageri da naturgunean, baina azken hau lehortuta dago, bertako lurrak laborantzan erabili zituztelako. Dena den, urmaela berreskuratzeko lanean dabiltza orain. Paulgo Praoko urmaela, berriz, ez da berez sortu. Erreka batetik datorren ura erabili zuten urtegi txiki hori egiteko. Aintziraren inguruan, gainera, bide bat dago, baita migrazio garaian urmaelok atsedenleku gisa erabiltzen dituzten hegaztiei behatzeko tokiak ere.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2022/02/guardiako-aintzirak.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario