sábado, 17 de junio de 2023

Menditxiki: Bianditz Arritxulotik

Powered by Wikiloc

 


Aiako harriko magalean kokaturik dagoen Arritxuluko aterpetxean emango diogu hasiera gaurko ibilaldi honi. Aterpetxearen ondotik abiatu, langa bat pasa eta bertatik marrazten den xenda hartuko dugu. Berehala aska baten ondotik pasa eta Aritxulegiko bordaren eta iturriaren ondora iritsiko gara.

 


GR 121aren bide-seinale zurigorriak (Gipuzkoako itzulia) ikusi eta haiek erakutsitako norabidean malda pikoa igotzen hasiko gara, Aiako harriari bizkarra emanez. Lehen mendi bizkar belartsuak zapalduz, alanbrezko hesiaren parean jarraituko dugu eroso. Errengara igotzeko aldapa pikoa saihestu eta pistatik gorantz joko dugu estazio megalitiko bikainaren ondora. Zortzi mairu-baratzez osatutako multzo hori jada Nafarroako lurretan aurkituko dugu. Handiena zortzi metroko diametroa duen mairu-baratze  tumular bat da. Estazioa, lurretik azaleratzen diren 40 lekukok osatzen dute; horien artean 22 nabarmentzen dira.

 

Mairubaratza lepora jaitsi eta aurrez aurre dagoen malda pikoa igoko dugu hamar mairu-baratzez eta bi tumuluz osatutako Arritxulangañako estazio megalitikoaren ondora iristeko. Honen ondoan eta Artikutzako lurrak mugatuz, Orreagako mugarriak erakusten digu garai batean nor izan zen lur hauetako jabe.

 

GR 121a utzi eta ezker aldetik ateratzen den bide belartsutik Nafarroako lurretan murgilduko gara PR–NA 11ren marka zuri eta horiak segituz. Hesiaren paretik jarraituz erraz iritsiko gara Bianditzeko tontorrera. Bertatik izango dugun paisaiaz gozatzeko tenorea. Itzulera etorritako bidetik egingo dugu.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2023/06/bianditz-arritxulotik.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario