Aiako harriko magalean kokaturik dagoen Arritxuluko aterpetxean emango
diogu hasiera gaurko ibilaldi honi. Aterpetxearen ondotik abiatu, langa bat
pasa eta bertatik marrazten den xenda hartuko dugu. Berehala aska baten ondotik
pasa eta Aritxulegiko bordaren eta iturriaren ondora iritsiko gara.
GR 121aren bide-seinale zurigorriak (Gipuzkoako itzulia) ikusi eta
haiek erakutsitako norabidean malda pikoa igotzen hasiko gara, Aiako harriari
bizkarra emanez. Lehen mendi bizkar belartsuak zapalduz, alanbrezko hesiaren
parean jarraituko dugu eroso. Errengara igotzeko aldapa pikoa saihestu eta
pistatik gorantz joko dugu estazio megalitiko bikainaren ondora. Zortzi mairu-baratzez osatutako
multzo hori jada Nafarroako lurretan aurkituko dugu. Handiena zortzi metroko
diametroa duen mairu-baratze tumular bat
da. Estazioa, lurretik azaleratzen diren 40 lekukok osatzen dute; horien artean
22 nabarmentzen dira.
Mairubaratza lepora jaitsi eta
aurrez aurre dagoen malda pikoa igoko dugu hamar mairu-baratzez eta bi tumuluz
osatutako Arritxulangañako estazio megalitikoaren ondora iristeko. Honen ondoan
eta Artikutzako lurrak mugatuz, Orreagako mugarriak erakusten digu garai batean
nor izan zen lur hauetako jabe.
GR 121a utzi eta ezker aldetik
ateratzen den bide belartsutik Nafarroako lurretan murgilduko gara PR–NA 11ren
marka zuri eta horiak segituz. Hesiaren paretik jarraituz erraz iritsiko gara
Bianditzeko tontorrera. Bertatik izango dugun paisaiaz gozatzeko tenorea.
Itzulera etorritako bidetik egingo dugu.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://menditxiki1.blogspot.com/2023/06/bianditz-arritxulotik.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario