Arano
eta Goizuetako megalitoak Nafarroan bisita ditzakegun interesgarrienetakoak
izateaz gain, bertan topatuko ditugu mairu-baratze edo harrespilen
kontzentraziorik handiena. Horietako batzuk ondo kontserbaturik daude eta gure
arbasoek mendi hauetako magal eta muinoetan barreiaturik utzitako lekuko
garrantzitsuak bihurtu dira.
Gipuzkoako mugan dagoen
Nafarroako Aranon honetan emango diogu hasiera gure ibilaldiari. Herriko
plazan, elizako atariaren gainetik ateratzen den porlanezko malda gogorrari
ekingo diogu lehenik eta segidan, sigi-sagan gorantz joko dugu Juan Donosti
ermitaren hondakinen ondora iristeko. Teilaturik gabe, barruan aldarea
izandakoa bereiz daiteke soilik. Gandorrean zehar zabaltzen den bidezidor estua
jarraitu eta berehala helduko gara kalbarioko lehen gurutzea egon behar
zuen lekura, Aranomendiko tontorrera
hain zuzen. Harri piloa bai, baina gurutzerik ez. Gure begien aurrean zabaltzen
den ikuspegi zabal eta ederraz gozatzeko parada izango dugu. Añarbeko urtegia
gertu eta Artikutzako mendiak honen gainetik.
Behean, gure eskuinera dagoen
San Roke ermitaren gainetik Orauneko lepora jaitsiko gara herritik datorren
pistarekin bat egin arte. Pista albo batera laga eta gorantz joko dugu berriro.
Mairu-baratze batzuen ondotik igaro eta
bigarren gurutzea egon ohi zen lekura igoko gara. Ontzorrozko gainera heltzean, bertan
gurutzerik ez dagoela ohartuko gara. Aurrera joko dugu eta Arriurdigain
heltzean ere, urtetan bertan izan den jaiotza desagertu dela konturatu gara.
Etorritako bidetik atzera egin
eta Ontzorrotzeko gainetik eskuin aldera hedatzen den bidetik Añoneko lepora
jaitsiko gara eta bertan,
zenbait mairu-baratze aurkituko ditugu, baina ikusgarriena eskuineko muinoan
dagoen Urgaratako Gaineko mairu-baratzea da. Inguru honetan estazio megalitiko
asko daude eta Goizuetako udalak bi ibilbide prestatu ditu herrian aurkitu
diren horietako batzuk ezagutarazteko, eta horrela orain dela 5.000 urte inguru
bertan gizakia bizi zela erakusten digute aztarna horiek bertatik bertara
ikusi ahal izango ditugu.
Abiapuntura
itzultzeko tenorean, lepora itzuli eta Burningo Sorora zuzentzen den pista
zabal eta erosotik berriro Orauneko lepora bueltatuko gara eta Aranotik
datorren pistaren gain aldetik paraleloan zabaltzen den bidetik San Roke
ermitaren ondora iritsiko gara. Metro batzuk aurrera egin eta Aranoko elizaren
ondora ailegatuko gara.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://menditxiki1.blogspot.com/2023/06/aranoko-lurretan.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario