Trapagaran herrian
dagoen funikularra hartuko dugu Larreineta auzoraino iristeko. Trenbidea 1926an
inauguratu zuten, eta hasieran meategietako langileak garraitzen bazituen ere,
meategietan ateratako burdinak ere garraiatzeko erabili zuten. Gaur egun,
bisitari eta bi herrietako biztanleek erabiltzen dute batik bat, eta 2014tik
Eusko Jaurlaritzak “Monumentu multzo” izendatu zuen. Kilometro pasatxo duen
aldapa bizia gainditzen duen funikularrak Larreineta auzoan utziko gaitu, gure
ibilaldi honen abiapuntuan hain zuzen ere.
Herriaren goiko
aldera joko dugu eta, Zugastietara zuzentzen den errepidea gure eskuinera
utziz, ezker aldetik zabaltzen den lurrezko pistatik aurrera egingo dugu. Geltokitik
abiatu eta kilometro bat ibili ostean, Parkotxa aintziraren ertzera iritsiko
gara. Forma ia biribila duen aintzira landaretza ugariz inguraturik dago eta
bertan, aintziraren ertzera gerturatuko gaituzten egurrezko zenbait begiratoki
ikusiko ditugu. Bide belartsuak aintzira inguratzera gonbidatuko gaitu, baina
beste muturrera heldu aurretik, bideak Zuloko aintziraren aldera bira egiten
du. Honen ondotik segituz, kolore marroiz margoturiko egurrezko zutoin txiki
batzuk erakutsiko digute jarraitu beharreko norabidea.
Inguru ikusgarri
honetan dago kokatuta “Meatzalde Goikoa Parkea”, eskultura parkea, non hainbat
eskultoreen obrak ikus ditzakegun: Nestor
Basterretxea, Iñigo Arregi, Guillermo Olmo, Karmelo Gañan, Jose Antonio
Legorburu, Mariemi Otaola, Victor Arrizabalaga eta Alex Morlotezen lanak.
Ibilbide osoa aire zabaleko eskulturaz josita dago, baina zoritxarrez horietako
batzuk bestelako “pintadaz” zikindu dituzte. Hala ere, ikusgarriak dira oso,
batik bat ingurune berezi honetan sortzen duten magia. Parkotxa aintziraren ondoan “Aizkoate”, eta
honen gain aldean, berriz, “Hambre” eta “Zutik” eskulturak ikusiko ditugu.
Ibilbidearen zati
honetan, meatze-galeria bat ezagutzeko aukera ere izango dugu, dozenaka
metrotan bisitatu ahal izateko egokitua. Zuloko aintziraren hormetan,
“Sustraiak” eskultura eskegita, eta aurrera jarraituz, “Momento” izenekoa.
Blondis aintziraren behatokitik ikuspegi zabala izango dugu eta bere ertzeraino
jaitsiko gara segidan, garai batean paraje hauetan izan zen jarduna imajinatuz.
Bide beretik atzera egin eta “Lurraren tximiniak” eskulturaren ondotik pasa eta
gero, ezkerretik ateratzen den bide zabala hartuko dugu. Honen amaieran, iturri
agortu bat eta Ama Birjina baten iruditxoa arrokan eginiko zulotxo batean
sartuta ikusiko dugu.
Bide nagusira
itzuliko gara berriro, eta bertatik, Ostion aintziraren urak ikusiko ditugu
gertu. Bere ertzera gerturatu nahi izanez gero, ezker aldetik ateratzen diren
bideak erabili ditzakegu. Atsedenleku nagusira gerturatuko gara segidan eta
bertan hainbat eskultura han eta hemen barreiaturik: “Azpiegitura”,
“Elkarrizketa”, “El espectador” eta “La desocupación del cubo” izenekoak. Bide nabarmenak aintzira inguratzen
jarraitzen du eta bertatik segituz, beste obra batzuk izango ditugu aurrez
aurre: “Lurraren alde”, Lolita” eta “Begirada” eskulturak. Puntu honetan,
Zugastieta auzora igoko gara eta bertako kaleetan murgilduz bertako historia
gogora ekarriko dugu.
1877 urtearen
inguruan sortu zen auzoa, mendi hauetako azken zuhaitzen ondoan altxatutako etxolatzarretatik
abiatuta, meategien albo-alboan. Meatze ekoizpenarekin batera, hazkundea oso
azkarra izan zen, atzerriko konpainiek, Triano mendien meatze-ustiapenari
bultzada handia eman baitzioten. Horren ondorioz, Espainiako leku askotatik
langile kopuru handia etorri zen, meategien ondoan herriak sortuz. 1910ean,
Zugastietak hiru mila biztanle baino gehiago zituen eta honako zerbitzuak
eskaintzen zituen: eliza, eskola publikoak eta pribatuak, ospitalea, Guardia
Zibilaren kuartela, bake-epaitegia, bi zinema, pilotalekua, musika-banda,
ekonomatua, egoitza sindikalak, sozietate kulturalak eta, denda eta taberna
ugari. Meatze-jarduerak behera egin zuenean, jendea beste industria gune
batzuetara joan zen, eta joera hori XX. mendeko berrogeita hamarreko
hamarkadatik aurrera areagotu zen. Zugaztieta auzoa, langileen mugimenduaren
hastapenekin eta Espainiako sozialismoaren sorrerarekin lotzen da.
2003. urtean, Eusko
Jaurlaritzak Multzo Monumentalaren kategoriako Ondare Kultural izendatu zuen
Zugastietako meatzarien herria, bertako hiri-egitura berezia babesteko asmoz. Abiapuntura
itzultzeko tenorean, burdinaren paraje berezi eta eder hauei agur esango diegu.
Bi auzoak lotzen dituen errepidearen
paraleloan marrazten den bidetik aurrera egingo dugu eta Larreinetara heldu
aurretik, errepidearen horma luzean margotutako muralean ikusi ahal izango
ditugu garai bateko jardunaren irudi politak. Funikularraren geltokira jaitsi
eta amitutzat emango dugu ibilaldia.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2023/01/larreineta-eta-zugastieta.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario