sábado, 4 de marzo de 2023

Bizkartzun, Zuhalmendi eta Esnaur

 


Azkaingo Arraioko ibarrean goititzen diren hiru mendi apal hauek, badute gure historiaren pasarte batzuekin harreman zuzena. Gasteizko eta San Martzialeko gerretan, Napoleonen tropen porroten ondoren, tropa frantsesek, Lapurdiko mugan zeuden herrien gailurretan gotorlekuak eta lubakiak eraiki zituzten. Anglo-hispano-portugaldar tropen erasoen beldur, Azkaine, Sara eta Urruñako inguruko mendi eta gainetan, 20 baino gehiago altxatu zituzten. Ibilaldi honetan bisitatuko ditugun barruti hauek, tropa aliatuen mugimenduak kontrolatzea eta Azkaine aurkako erasoak saihestea ahalbidetzen zuten. Azkenean, tropek, Lapurdiko herriak hartu eta, Esnaur eta Bizkartzun mendi gainetan eraikitako barrutiak abandonatu egin zituzten.

 


Ibilaldiari hasiera emateko, Azkaingo Arraioko ibarreraino joango gara eta bertatik abiatuko gara ibilbide zirkular osatuz. Balizatutako bideak (Sentier des sommets-Bizkarzun-Esnaur), Arraioko  erreka zeharkatu, basoan murgildu eta, Bizkartzun eta Esnaur mendien artean igotzen den pista zabal batera eramango gaitu. Mendiaren magaletik erraz igoko gara eta, bihurgunera ailegatzean, Martinhaurrenbordaren ondoan,  pista utzi eta Bizkartzun aldera zuzentzen den bide belartsutik jarraituko dugu. Tontorrera iristean, Azkaine gure mende eta gertu, Larhun mendiaren silueta nahasezina. 185 metroko goragune apal honetan, 655 metro koadroko heptagono irregular formako gotorleku bat eraiki zuten 1813ko uztaila-azaroa bitarte.

 


Tontorrera igotzeko erabilitako bidetik atzera egin eta pista zabalera itzuliko gara. Bide balizatuak, gurutze handi baten ondora eramango gaitu, Sara eta Senpereko lurrek bat egiten duten tokian hain zuzen ere. Gurutzean, “2000ko jubilaua” hitzak agertzen dira. Norabidea galdu gabe, harritxintxarrezko pistan barrena metro batzuk bete eta, Kintoa txerri arrazaren haztegi bat ikusiko dugu. Euskal txerriak, Euskal Herriko bertako txerri arraza bat da eta bere koloreengatik, batzuetan txerri zuri eta beltza esaten zaio. 2017tik jatorri deitura babestua du Kintoa izenarekin.

 


Zuhalmendi mendira gerturatzean haztegi gehiago ikusiko ditugu. Bide balizatua tarte batean utzi eta, tontorrerantz zuzentzen den bide belartsuan zehar jarraituko dugu. Tontorra zabala da eta, hemen ere, lubakiak eta defentsarako arrasto batzuk topatuko ditugu. Bigarren mendi honetatik, Xaretako ikuspegi ederraz gozatuko dugu. Sarako lurretan dagoen zabaldiari bizkarra eman eta, Larhun mendiari begira jarriko gara gertu ikusiko dugun lepo txiki batera jaisteko. Puntu honetatik, gertu dugun pista zabalera jaisten jarraituko dugu, aurrez utzi dugun bide balizatuarekin bat eginez.

 


Basoan murgildu, San Inazio lepo aldera gerturatu, baina aldapa piko batek maldan behera jarri eta aldenduko gaitu. Errepidean dagoen aparkaleku batetik, Nagusienborda baserriraino hedatzen den asfaltozko errepide txikitik, Esnaur mendira gerturatzen hasiko gara. Baserriaren azpiko aldetik ateratzen den xenda hartu eta, aldapa motz baina piko batetik Esnaurreko tontorrean utziko gaitu.  273 metroko garaiera duen mendian, zazpi aldeko forma eta 2.200 metro koadroko azalera duen gotorleku baten aztarnak ikus daitezke. Abiapuntura itzultzeko tenorean, marra horiek erakutsiko diguten norabidean jaisten hasiko gara. Bidezidorra, Esnaur mendiaren magaletik Arraioko ibarraren beheko aldera eramango gaitu, abiapuntura hain zuzen ere.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2019/12/bizkartzun-zuhalmendi-eta-esnaur.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario