sábado, 25 de marzo de 2023

Egiarko mairu-baratzeak

 


Oiartzungo estazio megalitikoa, izen bereko harana osatzen duten mendietan kokaturik dago. Gaur egun, trikuharri bat eta 60 mairu-baratze (harrespil) daude 18 gunetan kokaturik. Ibilbide zirkular hau burutuz gero, horietako bat ezagutzeko parada izango dugu, zazpi mairu-baratzez osatutako Egiarko harrespil-gunea hain zuzen ere.

 


Oiartzungo Ergoien auzoan dagoen Olaizola jatetxearen aparkalekuan emango diogu hasiera ibilaldiari. Errepidearen beste aldean dagoen Arditurriko bidegorrira igo eta bertatik laurehun metro pasatxo beteko ditugu bidegurutze batekin topo egin arte. Bidegorria utzi eta eskuinetik ateratzen den bide zabaletik aurrera egingo dugu. Porlanezko bidean zehar, Telleritxiki baserria lehenik, eta geroago Lezoti eta Bornaetxea etxaldearen ondotik igaroko gara Zuloagagainera heldu arte. Hemen porlanezko bidea amaitu eta eskuinetik gorantz egiten duen lurrezko bidetik  gora egingo dugu. Gaztainondo eta pinu artean zabaltzen den bideak Larremotx baserri ederraren ondora eramango gaitu. Baserriraino heltzen den bide zabaletik jarraituko dugu eta gain batera heltzean hau utzi eta eskuinetik marrazten den xendan zehar Egiederrera igotzen hasiko gara. Puntu honetan bat egingo dugu Oiartzundik Elurretxeko leporaino doan PR-Gi 1011 bide balizatuarekin.

 


Tontorrera zuzentzen den malda piko eta gogorrari ekingo diogu segidan eta, gora heltzean, ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera izango dugu. Tontorretik ateratzen den bidezidorretik erraz ailegatuko gara Egiarko multzo megalitikora. Burdin Arokoa den multzo hau P. Soralucek aurkitu zuen 1909an, eta 1912an eta 1967an induskatu zuten Telesforo Aranzadik eta Jesus Altunak, hurrenez hurren. Urte askoan zehar, bertan zuhaiztia zegoen, eta, beraz, gaur egun ikus daitekeena antzina oharkabean pasatzen zen. Multzo megalitiko ikusgarri honek zazpi mairu-baratze (harrespil) ditu eta horietako batek ia bi metroko lekukoa du. Harrespil horiek diametro desberdinak dituzte (2 eta 7,5 metro artekoak), eta bertako osagaiek ere askotariko tamaina, forma eta altuera dute. Inguruan dauden harkaiztegietako blokeez osaturik daude, baina horietako bat harkaitz-azaleratze natural batean dago.

 


Trikuharriak baino geroago eraikiak dira harrespilak edo lurpean sartutako harriez osatutako zirkuluak. Mairu-baratze edo Jentil-baratze ere deitzen zaie. Harrespil hauen barruan lurperatuta, hildakoak erraustearen ondoriozko errautsen zati bat gordetzen zuten. Errausketa barrutiaz kanpo egiten zuten, urrunduta, eta egur eta hezur erreen errautsak harrespilaren zentrora eramaten zituzten, eta bertan uzten zituzten, zuzenean lurzoruaren gainean edo harriz osatutako kutxatxo batean.

 


Multzo megalitiko ederrari bisita egin eta gero, bide landu eta eroso batek muinoa inguratu eta Elurretxera doan errepidera eramango gaitu, bi argibide-taulen ondora. Errepidearen azpiko aldetik marrazten den xendan barrena Buenavista baserrira jaisten den porlanezko pistara aterako gara eta bertatik igoko gara errepidearekin bat egin arte. Hau gurutzatu eta aurrez aurre dugun bidetik igotzen jarraituko dugu. Bide-seinale zuri eta horiek eskuinera egitera gonbidatuko gaituzte eta bertatik zabaltzen den bidean zehar, Lerungo haitzak inguratu eta Lerunzabalera iritsiko gara. Beltzaizko gaina inguratzen duen bideak Bosbidetako lepora eramango gaitu. Puntu honetan balizatutako bidea utzi eta aurrez aurre dugun porlanezko bide zabaletik jaisten hasiko gara. Bihurgunera heldu aurretik, ezkerretik ateratzen den lurrezko pista hartu eta bertatik jarraituko dugu altuera galtzen Arditurriko meategien aparkalekuraino iritsi arte. Meategietara doan bidea ezkerrera utzita, Arditurriko bidegorritik hiru kilometro bete beharko ditugu abiapuntura itzultzeko.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2023/03/egiarko-mairu-baratzeak.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario