Oiartzungo estazio megalitikoa, izen bereko
harana osatzen duten mendietan kokaturik dago. Gaur egun, trikuharri bat eta 60
mairu-baratze (harrespil) daude 18 gunetan kokaturik. Ibilbide zirkular hau
burutuz gero, horietako bat ezagutzeko parada izango dugu, zazpi mairu-baratzez
osatutako Egiarko harrespil-gunea hain zuzen ere.
Oiartzungo Ergoien auzoan dagoen Olaizola
jatetxearen aparkalekuan emango diogu hasiera ibilaldiari. Errepidearen beste
aldean dagoen Arditurriko bidegorrira igo eta bertatik laurehun metro pasatxo
beteko ditugu bidegurutze batekin topo egin arte. Bidegorria utzi eta
eskuinetik ateratzen den bide zabaletik aurrera egingo dugu. Porlanezko bidean
zehar, Telleritxiki baserria lehenik, eta geroago Lezoti eta Bornaetxea
etxaldearen ondotik igaroko gara Zuloagagainera heldu arte. Hemen porlanezko
bidea amaitu eta eskuinetik gorantz egiten duen lurrezko bidetik gora egingo dugu. Gaztainondo eta pinu artean
zabaltzen den bideak Larremotx baserri ederraren ondora eramango gaitu.
Baserriraino heltzen den bide zabaletik jarraituko dugu eta gain batera
heltzean hau utzi eta eskuinetik marrazten den xendan zehar Egiederrera igotzen
hasiko gara. Puntu honetan bat egingo dugu Oiartzundik Elurretxeko leporaino
doan PR-Gi 1011 bide balizatuarekin.
Tontorrera zuzentzen den malda piko eta gogorrari
ekingo diogu segidan eta, gora heltzean, ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera
izango dugu. Tontorretik ateratzen den bidezidorretik erraz ailegatuko gara
Egiarko multzo megalitikora. Burdin Arokoa den multzo hau P. Soralucek aurkitu
zuen 1909an, eta 1912an eta 1967an induskatu zuten Telesforo Aranzadik eta Jesus
Altunak, hurrenez hurren. Urte askoan zehar, bertan zuhaiztia zegoen, eta,
beraz, gaur egun ikus daitekeena antzina oharkabean pasatzen zen. Multzo
megalitiko ikusgarri honek zazpi mairu-baratze (harrespil) ditu eta horietako
batek ia bi metroko lekukoa du. Harrespil horiek diametro desberdinak dituzte
(2 eta 7,5 metro artekoak), eta bertako osagaiek ere askotariko tamaina, forma
eta altuera dute. Inguruan dauden harkaiztegietako blokeez osaturik daude,
baina horietako bat harkaitz-azaleratze natural batean dago.
Trikuharriak baino geroago eraikiak dira harrespilak edo lurpean
sartutako harriez osatutako zirkuluak. Mairu-baratze edo Jentil-baratze ere
deitzen zaie. Harrespil hauen barruan lurperatuta, hildakoak erraustearen
ondoriozko errautsen zati bat gordetzen zuten. Errausketa barrutiaz kanpo
egiten zuten, urrunduta, eta egur eta hezur erreen errautsak harrespilaren zentrora
eramaten zituzten, eta bertan uzten zituzten, zuzenean lurzoruaren gainean edo
harriz osatutako kutxatxo batean.
Multzo megalitiko ederrari bisita egin eta gero, bide landu eta eroso
batek muinoa inguratu eta Elurretxera doan errepidera eramango gaitu, bi
argibide-taulen ondora. Errepidearen azpiko aldetik marrazten den xendan
barrena Buenavista baserrira jaisten den porlanezko pistara aterako gara eta
bertatik igoko gara errepidearekin bat egin arte. Hau gurutzatu eta aurrez
aurre dugun bidetik igotzen jarraituko dugu. Bide-seinale
zuri eta horiek eskuinera egitera gonbidatuko gaituzte eta bertatik zabaltzen
den bidean zehar, Lerungo haitzak inguratu eta Lerunzabalera iritsiko gara.
Beltzaizko gaina inguratzen duen bideak Bosbidetako lepora eramango gaitu.
Puntu honetan balizatutako bidea utzi eta aurrez aurre dugun porlanezko bide
zabaletik jaisten hasiko gara. Bihurgunera heldu aurretik, ezkerretik ateratzen
den lurrezko pista hartu eta bertatik jarraituko dugu altuera galtzen
Arditurriko meategien aparkalekuraino iritsi arte. Meategietara doan bidea
ezkerrera utzita, Arditurriko bidegorritik hiru kilometro bete beharko ditugu
abiapuntura itzultzeko.
Klikatu hemen
ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2023/03/egiarko-mairu-baratzeak.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario