sábado, 11 de marzo de 2023

Menditxiki: Jaizkibelgo errotarriak

 



Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EHUko ikertzaile talde batek azaldutakoaren arabera, eta dokumentu zahar batean oinarrituta, Jaizkibelen ba omen ziren errota-harrobi batzuk, baina hauen kokapena ez zen zehazten. Harrobi horien arrastoen bila ibili eta gero, 79 laginketa-eremu markatu eta, banan-banan ikertu eta aztertu ondoren, XVI. mendean Jaizkibelen harlanduzko 25 harrobi izan zirela ondorioztatu zuten, horietatik 7 errota-harrobi oso interesgarriak. XVI. mendean errota-harrobi horien inguruan, harginek, idi-gidariek, merkatariek eta marinelek osatutako industria indartsu bat zegoela baieztatu dute,.

 


Ibilaldi labur eta zirkular hau burutzeko Jaizkibelgo Paradorea izan zenaren hondarren ondoan utziko dugu ibilgailua, Santa Barbara dorretik oso gertu. Langa igaro eta mendebalderantz marrazten den bidetik berehala helduko gara Santa Barbara tumuluaren ondora. Xendan zehar gertu ikusiko dugun ur-biltegi zaharraren ondora igoko gara eta aurrerago dagoen Iskulingo trikuharrira. Metro batzuk aurrerago, tontor aldera zuzentzen den bidezidorra utzi eta eskuinetik errepide aldera jaisten hasiko gara. Berehala monolito txiki bat ikusiko dugu eta metro batzuk aurrerago hareharrian tailatutako aska bat.

 


Metro batzuk atzera egin eta goraxeago dagoen xenda txiki batetik Jaizkibelgo antenetara igotzen den errepide aldera gerturatuko gara. Hemendik aurrera hamaika xenda edo zidorrekin egingo dugu topo, beraz errotarriak non dauden kokatuta jakiteko komenigarria litzateke lekua ezagutzen duen norbaitekin edota GPSa erabiltzea, bestela zaila gertatuko zaigu horien guztien kokapen zehatza aurkitzea. Jaizkibelgo gandor eta antenetara doan errepidearen artean zabaltzen den magalean kokatzen dira errota-harrobi horiek. Batzuk oso-osorik ikusiko ditugu, erditik zatikatutakoak ere, goroldioak eta belarrek erdi estalitakoak batzuk… eta errotarri horien artean, ateburu eder bat ere. 

 


Ikertzaileek aztertu dituzten dokumentuei esker, jakin izan da Jaizkibelgo harginek XVI. mendean  zorroztarriak bidaltzen zituztela Ameriketara, eta, beraz, Hondarribiatik Ameriketara hainbat produktu esportatu eta inportatzeko merkataritza handia zegoela. Mende horretan aurkitutako dokumentu bat izan zen abiapuntua, testamentu bat hain zuzen ere. Joanes de Aldasorok idatzitako dokumentu horretan jakin da Hondarribiako Santa Engrazia ermitan 100 errotarri zeudela, eta beste horrenbeste Jaizkibelen. Haritik tiraka, eta dokumentu gehiago aztertuz, XVI, eta XVII. mendeetan zehar Galizia, Portugal, Sevilla, Madeira eta Kanariar Uharteetara errotarriak garraiatzen zituztela ondorioztatu da. Zorroztarriak Ameriketara garraiatzen zituzten, baina errotarriak? Ikertzaileek errotarri horiek Ameriketara eramaten zituzten hipotesiarekin aurrera jarraitzen dute lanean, Sevillan dagoen Indiako Artxibo Nagusiko dokumentuak aztertzeko asmoz. Ikerketa lan hauen guztien ondorioz, argi geratu da XVI. mendean Hondarribian arrantza eta baserrietako lanaz gain, errotarriak ekoiztu eta esportatzeko industria bat indartsu bat zegoela (harginak, idi-gidariak, merkatariak, marinelak…).

 


Errotarriak atzean utzi eta tontor aldera joko dugu segidan. Paradoretik igotzen bidezidorrarekin bat egingo  dugu eta bertatik erraz helduko gara tontorrera, San Enrique gotorlekuaren aurrien artera. Hau atzean utzi eta hesiaren paraleloan jaisten den xendatik Jaizkibelgo begiratokira iritsiko gara, atseden txiki bat hartu eta ikuspegi ederraz gozatzeko leku ederra. Gandorra zeharkatzen duen bidea utzita, berriro hesiaren ondotik errepide txikira aterako gara eta aurrerago ikusiko dugun langaraino joango gara.

 


Bide jakinik gabe, errepide nagusiraino hedatzen den magal honetan beste errotarri batzuk ikusi ahal izango ditugu, Hondarribia eta Pasaia udalerrien lurrak elkartzen diren mugarritik gertu. Errepide txikira itzuli eta Jaizkibelgo mendateraino jaitsiko gara bertatik, eta hau gurutzatu ostean, aurrez aurre ikusiko dugun langaraino joango gara. Beste aldera pasa eta pinudian murgilduko gara erorita dagoen txabola baten hormen ondoraino heltzeko. Alanbrezko hesiaren ondotik pista zabaleraino jaitsiko gara eta bertatik itzuliko gara abiapuntura.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2023/03/jaizkibelgo-errotarriak.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario