Pyrenaica aldizkariko zenbaki berri bakoitzarekin batera, Euskal mendi korrikalari bati eginiko elkarrizketa argitaratuko dugu; formatu orijinalean eta bere osotasunean.
Atal berri honen helburua euskal mendi korrikalariak hobeto eta gertuagotik ezagutzea izango da.
Gure hirugarren gonbidatua...
Lide Urrestarazu Agirre (Ordizia, 1999)
Guraso mendizaleak izanik umetatik izan du mendiarekin lotura estua. 10-12 urterekin atletismoan hasi zen eta 16 urte inguru zituela egin zuen jauzi mendi lasterketetara. Medikuntza ikasketak bukatu berri ditu eta elkarrizketa unean Skyrunner World Series zirkuituko lidertzan da.
Zegama-Aizkorri mendi maratoian helmugaratzen Argazkia: www.lasterketak.eus |
Noiz eta nola hasi zinen mendian korrika?
Zein izan da Mendi lasterketetan izan duzun momenturik hunkigarriena? Eta gogorrena?
Pff zaila galdera honi erantzutea.
Hunkigarriena aurtengo Zegaman bizitakoa izan dela esango nuke.
Nire inguruko jende asko gerturatu zen animatzera, lagun, familia… eta ingurukoak zugatik emozionatuta ikustea… asko hunkitu ninduen zerbait izan zen, izugarrizko babesa sentitu nuen.
Bigarrenari erantzutea zaila zait. Mendi lasterketak jolas bezala ulertzen ditut, bizitzak badu gogortasun nahiko beste aspektu batzuetan. Noski sufritzen dudala hustuta eta dena emanda heltzen naizela metara, baina lasterketa batean dena ematera goazenean sufrimendu punttu honen bila ere bagoaz ezta?
Argazki bat aukeratu, zergatik?
Argazkia ez bideoa da baina hauxe aukeratuko nuke ;)
Irati Zubizarretak aurtengo Zegama Aizkorri mendi lasterketan Sancti Spirituko aldapa azpian emaniko animoak. Nigatik nola poztu zen ikusteak izugarri emozionatu ninduen.
ACANTILADOS DEL NORTE Argazkia: Guaresti |
Azken urteetan gorakada handia izaten ari den kirola da. Geroz eta jende gehiago dabil mendian korrika, gero eta prestatuago, eta hori lasterketetan ere islatzen da: parte hartzaile gehiago eta maila ere gorantz doa.
Mendira korrika geroz eta jende gehiago animatzea positiboa dela esango nuke, osasuna sustatu eta jendea naturarekin kontaktua izatera bultzatzen baitu. Beti ere naturarekiko eta mendi eremuan dabilen gainontzeko jendearekiko errespetuz egiten bada.
Bestalde, asko profesionalizatzen ari den kirola da. Geroz eta diru gehiago mugitzen ari da mendi lasterketen munduaren inguruan eta hazten doan merkatu bat ari da sortzen.
Honek alde batetik kirolarien baldintzak hobetzea eta profesionalizazioa dakar.
Baina, bestalde, inguruan sortu den merkatuak kirolaren inguruan sorturiko espektakulua bilatzen du, eta honek, modalitate hau burutzen den ingurunea, hau da, mendia bera, bigarren plano batean uztea ekartzen du askotan eta honekiko errespetua galtzea.
Zein da zure helburua 2024 urterako?
Denboraldiak orain arte eman duenaz asko gozatu dut eta helburu nagusia disfrutatzen jarraitzea izango da emaitzekin itsutu gabe.
Duela urtebete amaitu nituen medikuntzako ikasketak eta azken urte honetan mendiari denbora gehiago eskaintzeko aukera izan dut, emaitzak gehiegi bilatu gabe modu natural batean etorri direla esango nuke.
Argi dudana mendian ibiltzeak berak jada betetzen nauela da eta etorkizun hurbil zein urrunean mendiaz gozatzen jarraitu nahi dudala, nabilen modalitatea dena delakoa dela.
Momentu honetan korrika gustura nabil, jende eta toki asko ezagutu eta esperientzia berriak bizitzeko aukera ematen ari zait, eta ahal dudan bitartean honi eutsi nahi diot.
Lasterketei dagokienez, Skyrunner Word Series munduko kopa osatzen jarraitzeko asmoa daukat: Matterhorn Ultraks abuztuaren 23an, Gorbeia Suzien irailaren 28an, Asian jokatuko diren pare bat urri-azaroan eta finala azaroaren 16an Castellonen, Marató dels Dements. Honez gain euskal herrian ere beste lasterketaren bat egingo dut seguraski.
ZEGAMA-AIZKORRI Argazkia: www.lasterketak.eus |
Entrenamendu eta elikadurari dagokionez, prestakuntza edo planifikazio bereziren bat jarraitzen duzu?
Ez dut ez entrenatzaile ez nutrizionistarik. Ez zait gustatzen errendimenduari begira eginiko planifikazio oso itxiek nire bizitzako beste alor batzuk behar baino gehiago baldintzatzea.
Entrenamenduei dagokienez, gutxi gora beherako plangintza bat egiten dut buruan eta gero inguruneko beste faktore/plan batzuen eta gorputzaren sentsazioen arabera moldatzen joaten naiz.
Elikadurari dagokionez ere antzeko, egunerokotasunean kalitatezko produktuetan oinarritutako elikadura bariatu bat eramaten dut baina plangintza itxirik gabe, gorputzari entzunez eta flexible izanez.
Aspektu honetan, flexibilitate hau mantentzea eta gorputzari entzunez jardutea beharrezko zaidala iruditzen zait bideaz gozatzen segitzeko eta ez erretzeko.
Mendi Lasterketen Euskal selekzioan aritzeak zer ekarri dizu?
Batez ere jende eta leku zoragarriak ezagutzeko aukera. Euskal Selekzioak Skyrunning munduko kopako zirkuituko hainbat lasterketetan parte hartzeko aukera eman dit, eta honekin batera, paraje ikusgarrietan korrika egin eta herrialde desberdinak ezagutzekoa.
Baina honez gain, lasterketetara taldean joateko aukera izatea gauza ederra da. Zaletasun antzekoak ditugun jendea elkartzen gara eta harreman estuak eraikitzen dira. Giro oso ona izan ohi dugu taldean eta bidaia bakoitzetik, eginiko lasterketa edo emaitza baino gehiago, bizitako eta konpartitutako momentuak dakartzazu bueltan.
Honez gain, mundu mailako kopa batean euskal herria ordezkatzekok aukera izatea gauza polita da.
BESTE ELKARRIZKETA BATZUK:
Ainara Urrutia | |
Aitor Zunzunegi |
No hay comentarios:
Publicar un comentario