domingo, 4 de febrero de 2024

San Martzialgo talaia

Powered by Wikiloc

 


Irungo Meaka auzoan emango diogu hasiera ibilaldi zirkular eta interesgarri honi. Kotxea aparkatu eta errekaren beste aldean hedatzen den bidegorritik (txirrindu eta oinezkoentzat soilik) erraz helduko gara Ola sagardotegiaren ondora. Sagardotegi hau 1999. urtean inauguratu zuten, baina adinez zaharragoa da. XIII. mendean eraikitako burdinola izan zen, Arantzateko burdinola hain zuzen ere. Gaur egun hiru metroko zabalerako kareharrizko hormak ederki kontserbatzen ditu.

 


Aitzondoko ur-jauziaren aldera zuzentzen den ibilbide balizatua (SL-Gi 1006) utziko dugu segidan. Ezker aldetik, Berroa aldera sartzen den errepidetik berrehun metro eskas bete eta gero, XV. mendeko Arantzateko dorretxearen ondora helduko gara. Dorretxeen ezaugarriekin bat datorren eraikin exentua da. Beheko solairuan ukuilu bezala erabiltzen zen gelaz gain, beste bi solairu eta ganbara ditu lau isurkiko egurrezko teilatu batez estalirik. Dorretxean ikusten den armarria Urdanibia jauregian eta Ospitalean ikusten den bera da, etxea Pedro Urdanibiarena baitzen. Bi garai desberdinetan eraikia izan zen. Beheko solairua eta lehena sorrerako kuboari dagozkio, XVI. mendekoak; goiko beste biak, berriz, XVII. mendean egindako eraberritze fase bati dagozkio. Egun etxebizitza modura erabiltzen da.

 



Paraje hauen historiaren lekuko izan diren Arantzateko burdinola eta dorretxea atzean utzi eta aurrera egingo dugu. Ehun bat metro errepidetik bete eta lehen bidegurutzera helduko gara. Ezker aldetik ateratzen den porlanazko pista zabalean zehar jarraitu eta, aurrerago aurkituko dugun beste bidegurutze batean, hiru bideen artean erdikoa aukeratuko dugu, Saroiako leporaino eramango gaituen lurrezko pista hain zuzen ere.

 



Berroa errekaren paraleloan hedatzen den pista zabal eta erosoak, bunker baten aurrien ondora eramango gaitu. Pixkanaka altuera irabazten hasiko gara. Maldaren azken zatian Saroia baserriaren ondoan dauden iturri eta askaren ondotik pasako gara izen bera duen leporaino igotzeko. Bidegurutzera ailegatzean, GR-11, 121, 285 ibilbide balizatuen seinale zurigorriek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea. Malda motz eta piko batek, ehiza-postuz beteta dagoen basoraino eramango gaitu eta hauen artean, antena erraldoi baten ondoan dagoen Martzialgo tontorrera igoko gara.

 



Interesik ez duen tontor desitxuratua atzean utzi eta beherago dagoen atsedenguneraino jaitsiko gara. GR-11 (Transpirenaika ibilbidea) eta GR-121 (Epaipide ibilbidea) banatzen diren bidegurutzean, ezkerrekoa aukeratuko dugu, aurrez aurre ikusiko dugun San Martzialerantz zuzentzen dena jarraituz. Aldapa txiki batek ermitaren ondora eramango gaitu eta honen ondoan dagoen talaiatik, Txingudiko badiaren ikuspegi osoaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu.

 



1522ko ekainaren 30ean frantsesen aurka lortutako garaipena ospatzeko eraiki zen ermita. Jatorrizko ermita tximista batek eragindako sutearen ondorioz suntsitu egin zen 1796an, eta, zortzi urte beranduago, 1804an berreraiki eta santuaren irudi berria jarri zuten. 1936ko Gerra Zibilean ere kalteak izan zituen. Gorputz nagusiak harlangaitzezko hormak ditu eta bi isurkiko teilatua. Dorreari atxikita dago mendebaldetik, baita hegoaldean jatetxe-funtzioak betetzen dituen alboko gorputz bat ere. Kanpo aldean, guduaren oroigarri den pinakulu bat ikus dezakegu, eta horman beste bi plaka, batak errepidea egin zutenak gogoratuz eta bestea, berriz, 1813ko guduan beren bizitza eman zutenei dedikatutakoa.

 



Herriko jaietan irundarrentzat funtsezko erreferentzia den ermita bisitatu eta GR-11aren bide-seinale zurigorriak bilatuko ditugu errepidea gurutzatu eta Aldabe baserriraino jaisteko. Baserriaren ondotik jaisten den porlanazko eta lurrezko bidetik Meakara doan errepidera jaitsiko gara eta, errekaren ondora ailegatzean, XVIII. mendekoa den Bordatxuri baserria ikusiko dugu. Honen ondoan dagoen jatetxea eskuinera utzi eta errekaren paraleloan doan bidegorritik abiapuntura itzuliko gara.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2024/01/san-martzial.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario