domingo, 11 de febrero de 2024

Alkaxuri Asfodeloen zirkutik

 


Iparla, Alkaxuri eta Gorramendiko mendiek gordetzen dituzten Urritzate eta Aritzakungo haran ezkutuak urtetan ohiko mendi ibilbideetatik at egon dira, baina egun bertaraino autoz gerturatu daiteke eta asko dira jasotzen dituzten bisitariak. Ordura arte zuten xarma galdu dutela esan daiteke, baina zorionez ez dute betidanik erakutsi duen edertasun  basatia galdu. Bi haran hauen artean, Alkaxuriko piramide perfektua harro altxatzen da eta bertara igo eta gero, bere magaletako batean marrazten den Asfodeloen zirkura jaitsiko gara bide basati batetik berriro Sumutsuko bentara itzultzeko.

 


Kotxea utzi dugun aparkaleku txikitik asfaltatutako bidetik beherantz egingo dugu Alkaxurira igotzeko erreferentzia den Sumutsuko bentaraino jaitsiz. Garai batean kontrabandista, ikazkin, artzain eta baserritarren biltokia zen bentatik bide asfaltatuan metro batzuk bete eta gero, ezker aldetik ateratzen den pista hartu eta berehala hau utzi eta ezkerretik gorantz egingo dugu.

 



Itsusiko Haitzek erakusten duten postal bikainari bizkarra emanez, apenas atsedenik duen igoera oso gogorrari ekingo diogu. Garo eta belar artean hedatzen den malda bizia gainditzeak ahalegin handia eskatzen du. Igoera ia osorik ipar aldeko ertzetik burutzen da eta Ezkietako harkaitzen azpiko aldean dagoen lepora iristean azken atsedena hartuko dugu.

 


Bidezidorra basoan barneratu eta sigi-sagan gorantz joko dugu. Aldapa geroz eta pikoagoa da eta kostata bada ere, tontorrera igotzeko azken ertz luzearen hasierara iritsiko gara. Puntu honetatik gailurrera doan bide hautsiari aurre egin eta azken metroak beteko ditugu Alkaxuriko tontorra zapaltzeko.  Ikuspegi paregabea: Iparlako harresia, Gorramakil eta Gorramendi mendi multzoa, Itsusiko Haitzak, Iguzkimendi eta Artzamendi… eta horien mendean Urritzate eta Aritzakungo haran ezkutuak.

 


Abiapuntura itzultzeko Asfodeloen zirkura jaitsiko gara gailurretik gertu ateratzen den mendiaren iparraldeko ertzetik beherantz eginez. Margo urdinez balizatutako xendatik jaisten hasiko gara, hasieran txilarrak tarteka xenda ikusgaitz bihurtzen duelarik. Ezproi eder hau tentuz hartu behar da. Altuera berehala galdu eta Jesus Mari Alkezar mendizale ezagunak ondo dioen moduan, Orinoko-Amazoniako oihanean aurki daitekeen antzeko eszenatoki batean murgilduko gara. Garo asko dagoen sasoian ez da komeni hemendik jaistea bidea zaildu eta ezkutatu egiten baita, beraz udaberria da garairik egokiena. Laster iritsiko gara Asfodeloen zirkuaren paretatzar gorrien ondora. Inguru honetan dauden izen bereko loreek ematen baitiote izena lekuari.

 



Pago txiki eta garo artean marrazten den zidor ahul eta ikusgaitzetik altuera galtzen jarraituko dugu Aritzakungo errekaren ertzera heldu arte. Bertan bainu bat hartzeko tentaziori eutsi, zubia igaro eta gertu dagoen pista zabalera aterako gara. Berekoetxea baserriaren ondotik pasa eta erraz iritsiko gara Sumutsuko bentaren ondora. Azken malda kotxea aparkatu dugun lekura igotzeko. Atzera begiratu eta Euskal Herrian dagoen mendi ederrenetako bati begira geratuko gatzaizkio. Desafiatzaile agertzen da.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/02/alkaxuri-asfodelosetik.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario