Irungo Meaka auzoan
emango diogu hasiera ibilaldi zirkular eta interesgarri honi. Kotxea aparkatu
eta errekaren beste aldean hedatzen den bidegorritik (txirrindu eta
oinezkoentzat soilik) erraz helduko gara Ola sagardotegiaren ondora.
Sagardotegi hau 1999. urtean inauguratu zuten, baina adinez zaharragoa da.
XIII. mendean eraikitako burdinola izan zen, Arantzateko burdinola hain zuzen
ere. Gaur egun hiru metroko zabalerako kareharrizko hormak ederki kontserbatzen
ditu.
Aitzondoko
ur-jauziaren aldera zuzentzen den ibilbide balizatua (SL-Gi 1006) utziko dugu
segidan. Ezker aldetik, Berroa aldera sartzen den errepidetik berrehun metro
eskas bete eta gero, XV. mendeko Arantzateko dorretxearen ondora helduko gara.
Dorretxeen ezaugarriekin bat datorren eraikin exentua da. Beheko solairuan
ukuilu bezala erabiltzen zen gelaz gain, beste bi solairu eta ganbara ditu lau isurkiko
egurrezko teilatu batez estalirik. Dorretxean ikusten den armarria Urdanibia
jauregian eta Ospitalean ikusten den bera da, etxea Pedro Urdanibiarena
baitzen. Bi garai desberdinetan eraikia izan zen. Beheko solairua eta lehena
sorrerako kuboari dagozkio, XVI. mendekoak; goiko beste biak, berriz, XVII.
mendean egindako eraberritze fase bati dagozkio. Egun etxebizitza modura
erabiltzen da.
Paraje hauen
historiaren lekuko izan diren Arantzateko burdinola eta dorretxea atzean utzi
eta aurrera egingo dugu. Ehun bat metro errepidetik bete eta lehen
bidegurutzera helduko gara. Ezker aldetik ateratzen den porlanazko pista
zabalean zehar jarraitu eta, aurrerago aurkituko dugun beste bidegurutze
batean, hiru bideen artean erdikoa aukeratuko dugu, Saroiako leporaino eramango
gaituen lurrezko pista hain zuzen ere.
Berroa errekaren
paraleloan hedatzen den pista zabal eta erosoak, bunker baten aurrien ondora
eramango gaitu. Pixkanaka altuera irabazten hasiko gara. Maldaren azken zatian
Saroia baserriaren ondoan dauden iturri eta askaren ondotik pasako gara izen
bera duen leporaino igotzeko. Bidegurutzera ailegatzean, GR-11, 121, 285
ibilbide balizatuen seinale zurigorriek erakutsiko digute jarraitu beharreko
bidea. Malda motz eta piko batek, ehiza-postuz beteta dagoen basoraino eramango
gaitu eta hauen artean, antena erraldoi baten ondoan dagoen Martzialgo
tontorrera igoko gara.
Interesik ez duen
tontor desitxuratua atzean utzi eta beherago dagoen atsedenguneraino jaitsiko
gara. GR-11 (Transpirenaika ibilbidea) eta GR-121 (Epaipide ibilbidea) banatzen
diren bidegurutzean, ezkerrekoa aukeratuko dugu, aurrez aurre ikusiko dugun San
Martzialerantz zuzentzen dena jarraituz. Aldapa txiki batek ermitaren ondora
eramango gaitu eta honen ondoan dagoen talaiatik, Txingudiko badiaren ikuspegi
osoaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu.
1522ko ekainaren
30ean frantsesen aurka lortutako garaipena ospatzeko eraiki zen ermita.
Jatorrizko ermita tximista batek eragindako sutearen ondorioz suntsitu egin zen
1796an, eta, zortzi urte beranduago, 1804an berreraiki eta santuaren irudi
berria jarri zuten. 1936ko Gerra Zibilean ere kalteak izan zituen. Gorputz
nagusiak harlangaitzezko hormak ditu eta bi isurkiko teilatua. Dorreari
atxikita dago mendebaldetik, baita hegoaldean jatetxe-funtzioak betetzen dituen
alboko gorputz bat ere. Kanpo aldean, guduaren oroigarri den pinakulu bat ikus
dezakegu, eta horman beste bi plaka, batak errepidea egin zutenak gogoratuz eta
bestea, berriz, 1813ko guduan beren bizitza eman zutenei dedikatutakoa.
Herriko jaietan irundarrentzat
funtsezko erreferentzia den ermita bisitatu eta GR-11aren bide-seinale
zurigorriak bilatuko ditugu errepidea gurutzatu eta Aldabe baserriraino
jaisteko. Baserriaren ondotik jaisten den porlanazko eta lurrezko bidetik
Meakara doan errepidera jaitsiko gara eta, errekaren ondora ailegatzean, XVIII.
mendekoa den Bordatxuri baserria ikusiko dugu. Honen ondoan dagoen jatetxea
eskuinera utzi eta errekaren paraleloan doan bidegorritik abiapuntura itzuliko
gara.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
No hay comentarios:
Publicar un comentario