Mostrando entradas con la etiqueta Gontzal Murgoitio. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Gontzal Murgoitio. Mostrar todas las entradas

lunes, 16 de junio de 2025

Euskal Mendi Korrikalariei Elkarrizketak: Gontzal Murgoitio

Gontzal Murgoitio Esparza (Elorrio, 2001)

Bizkaitar atleta da. Estatuko txapelduna izan da hainbat aldiz bi modalitatetan: lineakoan eta distantzia klasikoan. Gaur egun Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua (IVEF) egiten ari da Gasteizen. Mendi lasterketetan aritzen da eta denboraldi hasierako neguko krosak mendirako prestakuntza bezala erabiltzen ditu.

TRENCACIMS. Argazkia: Alberto Susin


Noiz eta nola hasi zinen mendian korrika?

2018. urteko apirila-maiatza bitartean futbol denboraldia nahiko erreta bukatu nuen. Futbolean aritzeak konpromiso larregi eskatzen zidan eta beste kirol batzuk ere praktikatzea nahi nuen, eta korrika beti eman zait ondo. Eta horrela apuntatu nintzen Zegama Aizkorri Juniorrera. Gainera nahiko emaitza ona lortu nuen (11. edo 12. postua) eta bertan bizitako giroa eta anbientea asko gustatu zitzaidan. Momentu horretan erabaki nuen hurrengo urterako Zegamara ondo preparatuta bueltatzea. Eta azkenean, aitzakia horrekin hasi nintzen 2018. urteko irailean kilometro bertikal batzuk egiten, Anbotokoa eta Beriaingoa adibidez. Ondoren negua etorri zen eta honekin batera kros batzuk egin nituen, eta gero udaberrian nire lehenengo mendi denboraldia osorik egin nuen. Martxoan karrera batzuk egin eta gero, apirilean, Espainiako txapeldun geratu nintzen. Konturatzerako heldu zan urteko hitzordua, Zegama-Aizkorri juniorra, eta bueno, bertan garaipena lortu nuen. Hau ikusirik, erabaki nuen korrika serio hartzea eta nora arte iristeko gai naizen probatzea.

ZEGAMA-AIZKORRI JUNIOR TRAIL. Argazkia: Iñaki Gurrutxaga – Goierriko Hitza


Zein izan da Mendi lasterketetan izan duzun momenturik hunkigarriena? 

Mendi lasterketan eduki dudan momenturik hunkigarriena, agian 2022. urteko Sorginen Lasterketan izan zen. Izan ere, Euskadiko txapelketan nire lehenengo urtea zen absolutu mailan korritzen nuela eta, azkenean, Sorginen Lasterketa nire etxeko lasterketa da. Hainbat lagun eta familiar egon ziren ikusten, baina batez ere berezia izan zen Artola deituriko azkeneko igoera; jende ezagun asko zegoen eta momentu hori oso-oso ondo gogoratzen dut.

Eta gogorrena?

Bestalde, momenturik gogorrena 2023. urteko Euskadiko txapelketa izan zen, Kilimon Trailen. Lehen aipatu dugun bezala, aurreko urtean Sorginen Lasterketan irabazi nuen Euskadiko Txapelketa absolutu mailan eta, hortaz, Kilimonen ez nuen gutxiago espero. Baina bueno, joan nintzen horra eta Ibai Larreak irabazi zidan, merezita gainera nik baino askoz lasterketa hobea egin baitzuen. Baina emaitza hau ez nuen oso ondo hartu, ez dakit, ez nuen espero eta, psikologikoki hainbeste afektatuko zidanik lasterketa honek eta hortik burua altxatzea nahiko gogorra izan zan.


SORGINEN LASTERKETA. Argazkia: Anboto Komunikabideak
Argazki bat aukeratu, zergatik?

Argazki bat aukeratu behar badut, 2022an Sorginen Lasterketan helmugara iritsi nintzenean, Oier Ariznabarretakin besarka da bat ematen nagoena hautatuko nuke. Azkenean izan da niretzako Korrikan hasi nintzenetik gaur arte eduki dudan babes handienetariko bat, etxekoekin eta entrenatzailearekin batera; asko erakutsi dit eta Oierrengatik ez bazen izango, seguru nago ez nintzela helduko gaur egun naizen korrikalaria izatera.



Nola ikusten duzu mendi lasterketen etorkizuna?

Mendi lasterketen etorkizuna; egia esan, zalantza asko dauzkat eta ez dakit nola bukatuko duen kirol honek. Azkenaldian egon diren mugimenduekin ez nator bat, nire ustetan, kirol askoren moduan, dirua tartean dagoenean hau hartzen dela kontuan, baita prentsa eta holakoak, korrikalaria baino. Horregatik ez nago oso ados mendi lasterketak doazen bidetik, baina azkenean denok nahi dugu bai kirol hau aberastea. Orduan, alde batetik irabazten dugunean beste batetik galdu beharra daukagu. Gauzak horrela, egoera zaila da denontzako, baina bueno, eta etorkizunera begira, nik behintzat espero dut lasterketak mantentzea eta ea egunen batean behingoz benetan profesionalizatzen den kirol hau.


Zeintzuk dira zure helburuak etorkizun laburrean?

Nire helburuak etorkizun laburrean 2025. urteko denboraldira begira izango ziren. Momentu honetan oraindik ez dakit ze egutegi egongo den eta zein lasterketa egingo diren, baina oso argi daukat bai edo bai Gorbeiara bueltatu nahi dudala. Nik uste dut gaitasuna dudala egin nuena baino lasterketa hobea egiteko. Badakit lan txukun bat egin nuela, eta badakit ere hobeto egiteko kapaza naizela, hortaz urteko helburuetako bat hori izango da. Oraindik ez dakit Zegama Aizkorriko irteera marran egongo naizen. Esan nuen 2025ean egingo nuela debuta maratoian, eta argi daukat nire lehenengo maratoia Zegama-Aizkorri izango dela, baina ez dakit oraindik zelan bukatu behar dudan aurtengo denboraldia eta ea 2025erako zein motibazioekin nagoen eta ea gogotsu nagoen.


GORBEIA SUZIEN. Argazkia: Jabi Artaraz
GORBEIA SUZIEN. Argazkia: Jabi Artaraz
Entrenamendu eta elikadurari dagokionez, prestakuntza edo planifikazio 
bereziren bat jarraitzen duzu?

Elikadura eta entrenamenduei dagokienez, bai, eramaten dut prestakuntza berezi bat. Alde batetik entrenatzaile pertsonal bat eta bestetik nutrizionista pertsonal bat. Entrenatzaileak astelehen goizero bidaltzen dit asteko entrenamenduen planifikazioa, eta gero nik hau bidaltzen diot ahal bezain laster nire nutrizionistari, gero honek entrenamendu horiek egiteko zer jan behar dudan esateko. Egia esan sakrifizio handia da baina momentuz gogotsu nago jarraitzeko, bai entrenatzailearekin eta baita nutrizionistekin ere. Momentu batzuetan kosta egiten da planifikazio horiek aurrera eramatea, baina bueno, esan bezala helburuak eta lortzeko gustatzen zait esfortzuak egitea eta helburuak betetzen diren bitartean, eta ni motibazio honekin nagoen bitartean jarraituko ditut euren planifikazioak. 


Mendi Lasterketen Euskal selekzioan aritzeak zer ekarri dizu?

Alde batetik oso momentu bereziak ekarri dizkit, oso jende jatorra ezagutu dut, esperientzia oso onak bizi izan ditut eta baita oso txarrak ere. Esan beharra dago asteburu horietan igarotakoa sekulako esperientzia dela; momentu oso onak izaten ditugu eta sekulako talde giroa egoten da beti. Horrelako asteburutan ezagututako asko gaur egun nire lagunak dira, eta nik uste dut hori baino gauza hoberik ez dagoela. Gero lasterketan zapore hobea edo txarragoa utzi dizu baina tira, behin denbora bat pasatuta, asteburuan ezagututako jendearen eta pasatutako momentuen oroitzapenarekin gelditzen zara lasterketaz berarekin baino.

 

sábado, 10 de febrero de 2024

Euskal Mendi Korrikalariei Elkarrizketak

Pyrenaica aldizkariko zenbaki berri bakoitzarekin batera, Euskal mendi korrikalari bati eginiko elkarrizketa argitaratuko dugu; formatu orijinalean eta bere osotasunean.

Atal berri honen helburua euskal mendi korrikalariak hobeto eta gertuagotik ezagutzea izango da.

Gure seigarren gonbidatua...


Aitor Ajuria (Leintz Gatzaga, 1998)
Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzietan graduatua. Azken urteetan, artzain bezala aritu da lanean bere familiako gaztandegian (Kerexara). Mendiko kirol ezberdinak praktikatzea gustatzen zaio, mendiaz bere osotasunean gozatzeko.




Noiz eta nola hasi zinen mendian korrika?
14 urte inguru nituela hasi nintzen mendian korrika egiten, nahiz eta mendian betidanik ibili naizen. Nire ama Hiru Haundiak proba prestatzen hasi zen eta asteburuetan berarekin joaten nintzen korrika mendira. Ondoren, 16 urte nituela lehen aldiz hartu nuen parte lasterketa batean eta gaur egun arte.


Mendi lasterketa kuttunena?
Zaila egiten zait bat aukeratzea, baina Anbotoko Kilometro Bertikala esango nuke.
Nire lehen lasterketetako bat izan zen eta urtero bueltatu naiz. Gainera, nire etxetik ikusten den mendia da Anboto. Aipatu nahiko nuke, Arkaitz Za
makonak zuela Otxandiotar baten denborarik hoberena proban eta bere anaia den Markelekin beti izaten genuela denbora hori erreferentzia moduan, herriko “pike” bezala. Hauek guztiak batuta egiten dute berezi lasterketa hau.


 
Zein izan da Mendi lasterketetan izan duzun momenturik hunkigarriena? Eta gogorrena?
Momenturik hunkigarriena 2025. urteko Gorbeia Suzien irabaztea izan da, jende askoren babesa izan nuen eta, lasterketa bera irabazteak baino, horrek hunkitu ninduen. Momentu gogorrei dagokionez, momentu bat azpimarratzen ez nuke jakingo, baina gogorrena nire bidea eta oreka bilatzea izan da, gaur egun dauden estimulu denekin ez baita batere erraza.
 






Argazki bat aukeratu, zergatik?
Sentimendu askoko besarkada izan zen aita eta biona, biok bakarrik baitakigu zenbat esfortzu zegoen lasterketa horren atzean. Azken urte eta erdian aitarekin batera ardiekin eta gazta egiten ibili gara eskuz esku, eta guk bakarrik dakigu egunerokotasunean lana egitea eta entrenatzea zenbat kostatu den. Eta horregatik garaipena biona izango balitz bezala sentitu genuen.

Nola ikusten duzu mendi lasterketen etorkizuna? 
Nire ustez, ez da ahaztu behar mendiko lasterketak direla, eta mendia, lasterketaren aurretik dagoela. Denok nahi izaten dugu lasterketa ahalik eta hoberen egitea, baina hori egun bakar bat izaten da eta bertara disfrutatu gabe iristen bazara nire ustez zentzu dena galtzen du. Kirol konpetitibo bat izatera doa bideratuta eta horrek bere nolabaiteko xarma galtzera eraman dezake. Ikusiko da hurrengo belaunaldiek nolako bilakaera eta jarrera hartzen duten.









Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Hurrengo urteari begira, helburu nagusia aurreko urte amaieran lortutako oreka eta zoriontasuna mantentzea da. Lasterketei dagokionez, Gorbeia Suzien eta Anbotoko Kilometro Bertikala ahalik eta ondoen prestatzea gustatuko litzaidake.



Entrenamendu eta elikadurari dagokionez, prestakuntza edo planifikazio bereziren bat jarraitzen duzu? 
Entrenamenduei dagokionez zorte handia daukat, izan ere, hastapenetan Kepa Larrea eta gaur egun Beñat Agirreurreta izan ditut entrenatzaile. Konfiantza handia daukat Beñatengan eta entrenamenduen planifikazioa bere esku dago. Dieta aldetik, normal jaten dut -erotu gabe- eta ahalik eta etxeko gazta gehien noski.
 







Mendi Lasterketen Euskal selekzioan aritzeak zer ekarri dizu?
Euskal Selekzioarekin lehiatzea zorte handia da, azken finean mundu mailako lasterketa askotan aritzeko aukera izaten dugu. Horrez gain, jende asko ezagutzeko aukera ematen du eta selekzioari esker lagun handiak egin ditut.














BESTE ELKARRIZKETA BATZUK: