Pyrenaica aldizkariko zenbaki berri bakoitzarekin batera, Euskal mendi korrikalari bati eginiko elkarrizketa argitaratuko dugu; formatu orijinalean eta bere osotasunean.
Atal berri honen helburua euskal mendi korrikalariak hobeto eta gertuagotik ezagutzea izango da.
Gure seigarren gonbidatua...
Paul Ormaetxea Bilbao (Murueta, 1996)
Prozesuen ingeniaria naiz ofizioz, eta mendi korrikalaria afizioz. Ingeniaritza Mekanikoko gradua ikasi nuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta horri esker gaur egun prozesuen ingeniari bezala nago lanean, egurrezko eraikuntzan espezializatutako enpresa batean.
Denbora librean, mendian galtzea eta bizikletan ibiltzea dira nire pasio nagusiak. Txikitatik aire libreko kirolak gustatu izan zaizkit, bereziki mendiarekin lotutakoak. Hori dela eta, 2018ra arte txirrindulari izan nintzen, eta gaur egun mendi korrikalari moduan jarraitzen dut.
Noiz eta nola hasi zinen mendian korrika?
2018. urtea izan zen nire txirrindulari ibilbidearen amaiera. Urte hori serio hartu nuen, baina gauzak ez ziren espero bezala atera. Lasterketak ez nituen bereziki gozatzen, baina entrenamenduak, batez ere mendialdean bizikletan ibiltzea, Pirinioetan adibidez izugarri gustatzen zitzaidan.
Momentu horretan argi ikusi nuen mendian ibili nahi nuela eta bizikletako azken lasterketa egin eta hurrengo astean Anbotoko Kilometro Bertikala korritu nuen. Han bizitako giroa ikaragarri gustatu zitzaidan, eta 2019an korrikan hasi nahi nuela erabaki nuen.
Gainera, Gernikako Arrolape taldean lagun ugari izateak asko lagundu zidan. Taldearen herrikotasunak eta giroak, konturatu gabe lasterketetan parte hartzera bultzatu zidan.
Lasterketa gero eta gehiago daude egutegian, eta horietatik asko oso politak dira. Bat aukeratzea ez da erraza, baina beti esaten dut lasterketa bat errepikatzen bada, zozergaitik izango da.
Aukeratu beharko banu, Arrasateko Udalatx Mendi Lasterketa aukeratuko nuke. Baliteke ibilbidearen aldetik ez izatea ikusgarriena, baina bertako herrikotasunak, jendearen animoek eta Udalatx mendiko presentziak berezi egiten dute. Hori guztia batuta lasterketa honek badu zerbait desberdina.
Zein izan da Mendi lasterketetan izan duzun momenturik hunkigarriena? Eta gogorrena?
Momentu hunkigarrienetako bat orain dela gutxi bizi nuen Zegama-Aizkorri lasterketan. Irteera lerroan egotea bera jada hunkigarria egin zitzaidan, eta lasterketako emaitzek are gehiago bete ninduten. Ibilbidean zehar lagun asko ikustea, eta helmugan familia zain edukitzea, emozioa areagotu zuten. Une ahaztezina izan zen niretzat.
Baina, kirol guztietan bezala, hemen ere badaude une gogorrak. Horietako bat 2023ko Val d'Aran-eko lasterketan bizi izan nuen. Egia esan, ezer larririk ez zitzaidan gertatu, baina lasterketa erdian erretiratu egin nintzen. Ingurua eta ibilbidea zoragarriak ziren, baina nik ez nuen batere disfrutatzen. Ez nuen ulertzen zer gertatzen zitzaidan, agian urteko lasterketarik politena zen eta hala ere, gutxien gozatzen ari nintzena. Beharbada ez nengoen psikologikoki prestatuta.
Argazki bat aukeratu, zergatik?
Argazki hau aukeratu dut, lehen aipatutako Arrasateko lasterketan ateratakoa. Emaitzen aldetik ez zen nabarmentzekoa izan, baina edukiz, oso berezia, nire lagun Ibaiekin egin nuen lasterketa. Bi urte genituenetik gara lagunak, eta kuadrilla berekoak gara. Afizio berdinak partekatzeak asko errazten du dena, eta ez gara bakarrak, txikitatik elkarrekin egon garen hainbat lagun gaude talde berean, Unai, Ander, goiti
Eta zer esanik ez, Arrolape taldearen bidez eta orain Euskal selekzioaren bidez ezagututako lagun kopuru handiaz. Giro horrek guztiak egiten du berezi esperientzia hau. Horregatik, helmugara lagun batekin iristeko irribarreak justifikatzen du guztiz egindako esfortzua.
Nola ikusten duzu mendi lasterketen etorkizuna?
Kirol honen etorkizuna ez dut oso argi ikusten. Gero eta lasterketa gehiago daude, eta pixkanaka profesionalizatzen ari da. Diru inbertsio handiak egiten ari dira, eta lehen afizioz eta herri giroan egiten zen zerbait, orain gero eta gehiago lanbide moduan hartzen da.
Hala ere, horrek ez du zertan txarra izan. Garrantzitsuena da gure ingurua eta mendiarekin ditugun balioak errespetatzea, eta hori zainduz gero, kirolak hartu duen norabidea ere onargarria izan daiteke.
Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
denboraldiaren lehen zatia bukatu berri dut eta orain udan, deskantsu txiki bat hartzea tokatzen da. Azken hilabeteotan lasterketa asko lehiatu ditut, eta ondo etorriko zait tarte batez lehiaketarik ez izatea.
Irailean berriz martxan izatea espero dut, nahiz eta oraindik ez dudan argi zer lehiatuko dudan. Skyrunning ligako pare bat lasterketa egitea gustatuko litzaidake, eta aukera izango banu, Marató dels Dementsen izateak ilusio handia egingo zidan. Datorrena datorrela orain arte moduan disfrutatzen jarraitzea da asmoa.
Entrenamendu eta elikadurari dagokionez, prestakuntza edo planifikazio bereziren bat jarraitzen duzu?
Egia esan ez dut planifikazio zehatzik jarraitzen, baina horrek ez du esan nahi gogor entrenatzen ez naizenik edo elikadura zaintzen ez dudanik. Gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz baina burua galdu gabe.
Txirrindularia izateak asko lagundu didala uste dut, batez ere nire gorputza hobeto ezagutzen eta entzuten. Hainbat urte eman ditut egutegi zehatz baten arabera entrenatzen eta psikologikoki oso gogorra izan daiteke entrenamendu jakin batzuk burutzea. Hala ere, nire errendimenduaren zati handi bat hortik datorrela uste dut momentu bakoitza bizitzea eta entrenamenduaz ere disfrutatzeko gai izatea. Horregatik, bizitza eta kirolaren arteko oreka bilatzen saiatzen naiz beti ere lana, lagunak eta familiarentzako denbora gordez.
Mendi Lasterketen Euskal selekzioan aritzeak zer ekarri dizu?
Lehenik eta behin, izugarrizko ohorea sentitzen dut Euskal Nazio hau ordezkatzeak. Uste dut egindako esfortzuari sari bat dela eta horrek oso harro sentiarazten nau.
Pertsonalki izugarrizko aukera moduan ikusten dut. Izan ere, selekzioari esker esperientzia paregabeak bizitzen ari naiz, bai inoiz ezagutuko ez nituzkeen lekuak eta lasterketak ezagutzeagatik, baina batez ere ezagututako pertsonengatik. Jende berri asko ezagutzeko aukera izan dut, eta aldi berean lagun asko egitekoa ere bai.
Beraz, pertsonalki oso aberasgarria den aukera bezala ikusten dut eta oso eskertuta nago aukera honegatik.
BESTE ELKARRIZKETA BATZUK:
Ainara Urrutia | |
Aitor Zunzunegi | |
Lide Urrestarazu | |
Gontzal Murgoitio |
Ainara Alcuaz |
No hay comentarios:
Publicar un comentario