Iparla,
Alkaxuri eta Gorramendiko mendiek gordetzen duten Urritzateko haran ezkutua
urtetan ohiko mendi ibilbideetatik at egon da, baina egun bertaraino autoz
gerturatu daiteke eta bere ondoan dagoen Aritzakun haranarekin batera, asko
dira jasotzen dituzten bisitariak. Ordura arte zuten xarma galdu dutela esan
daiteke, baina zorionez ez dute betidanik erakutsi duen edertasun basatia galdu.
Iparla
Mendizale
gehienek Sumusako Bentako ingurua aukeratzen dute mendietara igo edota itzuli
osoa egiteko. Guk, aldiz, Gorramendi eta Iparlako mendilerroak lotzen dituen
mendikate apalago bat aukeratu dugu. Aizpitza antenaren azpiko aldean dagoen
errepidearen bazterrean autoa utzi eta berehala eskuinetik Iparla aldera
ateratzen den bide zabala hartu dugu. Mendi muinoen magaletan zehar erraz egin
dugu aurrera. Inzpideko eta Meaka lepoak pasa eta Lizarlepora iritsi gara.
Inguru bakarti honetan dauden pagadiak eta zelai zabalak tartekatuz, Astate
mendiaren magaletara gerturatu gara. Abiatu garenetik eta kasik ibilbide osoan
zehar, lurrean edota zuhaitzen enborretan margotutako arrosa koloreko borobil
txiki batzuek asko lagundu digute bide zuzena aukeratzen.
Xenda
on batek basoan murgildu eta lepora heldu aurretik “Arrietako surtsa” izena
duen iturrian zintzurra freskatu eta kantinplorak betetzeko aukera izan dugu. Arrietako
lepotik gertu, Izpegitik datorren bidearekin bat egin dugu eta aurrez
aipatutako bide-seinaleekin batera GR 10ari dagozkion marka zurigorriak izan
ditugu lagun. Aurrez aurre dugun malda pikoari heldu eta xenda estu batetik,
harri eta garo artean Tutuliaren tontorra ezker aldetik inguratu eta Gapelu
lepora jaitsi gara Iparlako tontorrera igotzeko azken aldapari ekinez. Erpin
geodesikoa eta buzoi zaharra. Iparralderantz lainoak dena estaltzen du eta ezin
izan dugu itsaso zuriaren mendean dagoen ikuspegiaz gozatu. Hegoalderantz,
berriz, Alkaxuriko piramide zorrotza, Urritzate eta Aritzakungo haranak
berezituz. Gertu Itsusiko haitzak eta Lapurdiko mendirik garaiena den
Artzamendi.
Alkaxuri
Alkaxurira igotzeko abiapuntua den Sumusako benta aldera jaisteko GR 10ak
gailurreriaren paraleloan doan bidea erakutsi digu. Azkar jaitsi gara Iparlako
lepora eta metro batzuk aurrerago, markak utzi eta ipar-mendebalderantz jo dugu
belardian marrazten den xenda batetik. Horrela, Latxoko lepora heltzean bidea
zabaldu egin da eta malda bizian azkar galdu dugu altuera. Behean ikusi dugu
Sumusako bentara iristeko, hasieran deseroso samarra den pista zabaletik
errepidera jaitsi gara. Luzea eta nekagarria gertatu zaigun jaitsieratik
errekuperatzeko eta gure gainean dugun Alkaxuriko piramidearen tontorrera
igotzeko erreka bazterrean eseri eta hamaiketakoa egitea erabaki dugu.
Zubia igaro eta bide asfaltatuan metro batzuk bete eta gero, ezker
aldetik ateratzen den pista hartu eta berehala hau utzi eta ezkerretik gorantz
egin dugu. Apenas atsedenik ez duen oso igoera gogorra da eta bere malda biziak
gainditzeak ahalegin handia eskatzen dute. Igoera ia osorik ipar aldeko
ertzetik burutzen da eta Ezkietako harkaitzen azpiko aldean dagoen lepora iristean
azken atsedena hartu dugu. Bidezidorra basoan barneratu eta sigi-sagan gorantz
jo dugu. Aldapa geroz eta pikoagoa da eta kostata bada ere, tontorrera igotzeko
azken ertz luzearen hasierara iritsi gara. Puntu honetatik gailurrera doan bide
hautsiari aurre egin eta azken metroak bete ditugu Alkaxuriko tontorra
zapaltzeko. Ikuspegi paregabea: Iparlako
harresia, Gorramakil eta Gorramendi mendi multzoa, Itsusiko haitzak,
Iguzkimendi eta Artzamendi… eta horien mendean Urritzate eta Alkaxuriko haran
ezkutuak.
Gorramakil eta Gorramendi
Abiapuntura heltzeko tenorean, gandor ziragarrian zehar, kontu handiz
jaitsi gara Gorostiko lepora. Aurrean dugun Bardako kaskoa ezkerretik saihestu
dugu eta xenda nabarmena segituz gorantz jo dugu gandor belartsuan zehar
Gorramakil tontor aldera. Hona iristean, erabat aldatu da ikuspegia,
perspektiba berri batekin egin dugu topo. Gorramakil, Otanarte eta Gorramendi
tontorren gailurretan era guztietako arrastoak ikusi ditugu, antena erraldoiak,
amerikarren base militarra izandako eraikuntzen hondakinak, asfaltatutako errepidea…
inguru ederra ezabatu dituzten gizakiaren opariak. Eremu atsekabegarri
honetatik Aizpitza antenaren ondoraino jaitsi gara, pista eta belazeak
tartekatuz. Ezker aldetik saihestu eta berehala heldu gara abiapuntura.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2015/02/urritzate-inguratuz.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario