Zumaia,
Itziar, Deba eta Mutriku osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkearen zati
interesagarrienetako batean murgilduko gara, paisaia protagonista bakarra den
lurretan hain zuzen ere. Hamahiru kilometroko luzera duen ibilbidearen zati
honetako paisaia liluragarri honetan, Mendatako portuari lotuta zegoen Itziarko
Talaia ere bisitatuko dugu, labarren ertzetik aurrera egiten dugun bitartean.
Ibilbide erraza eta ondo balizatua, Gipuzkoako Biraren (GR 121) marra
zurigorriek eta bereziki inguru hau ere zeharkatzen duen PR-Gi 5001aren zuri
eta horiek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea.
Errota
Berri jatetxe eta landetxearen ondoan dagoen aparkalekuan kotxea utzi eta
berehala ikusiko dugu hartu beharreko bidea, Itziar aldera doana utzi eta
Itxasperantz zuzentzen dena aukeratuko dugu. Langa igaro eta haltzadian zehar
marrazten den bidetik erraz egingo dugu aurrera. Kilometro pasatxo bete eta
gero, kostara gerturatu eta goian ikusiko dugun Portutxikiko behatokira igoko
gara. Lurraren historiako pasarteak gordetzen dituen paisaia ikusgarria
agertuko zaigu begien aurrean. Panoramika zabala bezain erakargarria.
Behatokitik
pistara jaitsi, artadia eta baratzaren ondotik pasa eta Sakonetako sarreran
izango gara, itxasotik oso gertu. Garai batean, hemen Zentral Nuklearra egin
nahi izan zuten eta zorionez, herritarren presioagatik lortu zen gaur egun
gozatzen dugun ingurune paregabe hau zegoen bezala uztea. Egurrezko zubitxoa
igaro eta xenda nabarmen batek aldapa pikotik eramango gaitu. Gure eskuinera
Sakonetako puntara doan xenda txikia utzi eta goi aldera aterako gara. Gure
mendean, Sakonetako hondartza bikainaren ikuspegi zabala edukiko dugu.
Maldan
behera, Mendata aldera jaitsiko gara eta izen bera duen errekastoa igaro
ondoren, porlanezko pistara igo eta eskuinetik Mendatagañako tontorrera
iritsiko gara. Ikuspegi paregabe duen leku honetatik egin dugun bidea ikusteaz
gain, Kantauriko marearteko zabalgune handienetakoaz gozatzeko parada izango
dugu.
Maldan
behera, porlanezko pistatik jaitsi eta trenbidea gurutzatuko dugu, GR
zaharraren xenda bilatuz. Malda txikia igo, ataka igaro eta metro batzuk
beherago Itziarko Talaia izandakoaren hondarrak ikusiko ditugu. Eta bertan,
talaia honi buruz azalpen hau irakurriko dugu: “Balearen
arrantza Erdi Arotik jarduera garrantzitsuenetakoa izan zen euskal kostaldean.
Inguruko herrien artean egiazko lehia izaten zen balea nork harrapatuko, eta
itsasoan zetazeoa bistaratzea zen lehen urratsa lasterketan ateratzeko. Talaia
hau, Mendatako portuari lotuta zegoen. Itziarko biztanleek eta Itxaspeko
baserriek abantaila txiki bat izan zezaketen dorre honetako seinaleak ezin
baitziren bistaratu Deba, Mutriku eta Ondarroako herrietatik”.
Balearik ez dugu hemendik begiztatuko, beraz, maldan behera
metro batzuk jaitsi eta lehen etorritako bidearekin bat egingo dugu. Hemendik
abiapuntura itzultzeko ez dugu arazorik edukiko, berriro Sakonetako labarren
gainetik marrazten den xendan barrena itsas ondoraino jaitsiko gara. Norbaitek
nahi izanez gero, Sakonetako puntara igotzeko aukera izango du, baina beti ere
kontu handiz. Portutxikiko talaia atzean utzi eta abiapuntura itzuliko gara.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2016/10/itziarko-talaia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario