Elizagorria herriko
nekazal lurretan higadurak erliebe bitxi eta harrigarriak zizelkatu ditu
mendeetan zehar. Lubaki, mendixka eta beste hamaika forma koloretsu zereal
lurren artean altxatzen dira inguruari itxura berezia emanez. Sasoiaren arabera
erliebe hauek soineko dotorez janzten
dira; udaberrian berde biziaz eta udaran, berriz, hori distiratsuaz. Ibilbide
zirkular hau burutuz gero, ingurune bakarti eta bitxi honetaz gozatzeko parada
izango dugu eta bide batez gogora ekarri ahal izango dugu Ramoncitoren elezaharra.
Elizagorrian kotxea utzi
eta gero, kale nagusitik beherantz egingo dugu, ekialderantz hain zuzen ere.
Odron ibaia gurutzatu eta bidegurutze batera heltzean, gure ezkerretik
ateratzen den pista zabala hartuko dugu. Salado izenez ezaguna den sakanean murgilduko
gara eta lehen bidegurutzera iristean, ezkerretik igotzen den lurrezko beste
pista bat hartuko dugu. Erraz iritsiko gara La Raicilla eskortaren hondarren
ondora. Honen ondotik, ikusgaitz den bideak gertu dugun lepora eramango gaitu
eta bertara iristean gertu ikusiko dugu Agudilloko tontorra. Motoek utzitako
arrastotik azken aldapa motz eta pikoa igo eta gainera helduko gara. Ez dago ez
buzoirik ezta bestelako markarik. Bertatik, gertu ikusiko ditugu Cerrorroyo eta
Raposos tontorrak.
Lehenik Cerrorroyo aldera
joko dugu eta horretarako, tontorretik beste aldera jaisten hasiko gara eta
zertxobait aurrerago mendiaren magala zeharkatzen duen xenda bilatuko dugu.
Laster okre koloreko lurrak zapalduko ditugu eta pista zabalera ateratzean
gorri koloreko Cerrorroyo (Cerrorojo egokiago?) mendixkara gerturatuko gara.
Bidetik at, ipar aldetik igoera erraza du. Pistara itzuli eta aurrera egingo
dugu Raposos izeneko mendixkaren ondora gerturatuz. Sumendi txiki baten itxura
duen mendi honetara igotzeko ipar ekialdetik ikusiko duzun xenda moduko bat
hartuko dugu eta aldapa motz eta pikoa gainditu ondoren, gain alde zabalean
agertuko gara. La Planillako goi-lautadatik bereizten den uharte honek ez du
erakarmen berezirik, baina bada elezahar bat gogora ekarriko duguna. Kondaira
horren arabera, inguru hauetan ba omen zen Ramoncito izeneko lapur bat mendi
honetan leize txiki batean bizi zena. Inguruko muinetan txorimaloak jartzen
zituen lapur askoz lagundurik zegoela irudikatzeko eta estrategia hau baliatuz,
oihuka jaisten zen, jendea ikaratu eta lapurreta burutzeko.
Igotako bidetik lepora
itzuliko gara eta hemen bi aukera izango ditugu: eskuin aldetik ateratzen den
euri-bidetik gorantz egin dezakegu edo aurrez aurre ikusiko dugun pinudian
murgildu eta maldan gora igoko gara bide jakinik gabe. Goiko aldera ateratzean,
La Planillako zereal lur zabalak ikusiko ditugu eta pinudiaren paraleloan
aurrera egingo dugu apenas altuerarik irabazi gabe. Pistak bidegurutze batera eramango gaitu eta
eskuinekoa aukeratuz erraz egingo dugu aurrera. Elizagorria aldera zuzentzen
den lurrezko pista zabal honetatik, beste bidegurutze batera iritsi, ezkerrekoa
hartu eta Salado sakanaren hasierako puntura jaitsiko gara. Abiapuntura
heltzeko denbora gutxi beharko dugu.
Powered by Wikiloc
No hay comentarios:
Publicar un comentario