domingo, 24 de marzo de 2024

Menditxiki: Atxorrotx

 


Gipuzkoako hego mendebaldeko muturrean, Araba eta Gipuzkoa arteko mugan, dagoen herri txiki honetan eman diogu hasiera gaurko ibilaldiari. Erdi Aroko herria da, 1331an lortu baitzuen Hiri Gutuna Alfontso XI.a Gaztelako erregearen eskutik. 1374tik aurrera eta 120 urte luzez, Oñatiko Gebara kondearen mende egon zen 1496an Gipuzkoako Batzar Nagusietan eserlekua berreskuratu zuen arte. Hirigunearen edertasunak garai bateko ospea eta bizimodua irudikatzen ditu. Erdi Aroko hirigunearen ezaugarriak ditu eta herrian sartzeko zeuden zazpi ateetatik, gaur egun bost ikus daitezke harresiarekin batera. Hirigunean ilaratan antolatutako etxeen artean, San Millan eliza eta “as de copas” deritzon hamabi tutuko iturria daude. Bere izenak garbi erakusten duen bezala, Leintz-Gatzaga jarduera ekonomiko zehatz baten inguruan sortu zen, gatzaren industriarena alegia. Mende askotan zehar bizitzaz gain, aberastasuna ere ekarri zion jarduera honek hiribilduaren sorrera ekarri zuen. Herritik gertu Dorletako Santutegia dago. Garai batean herriaren eta gatzaren produkzioaren babesteko erromatarrek eraikitako gaztelua, Donejakue bideko erromesen ostatu bihurtu zen ondoren.

 

PR-Gi 36ari dagozkion bide seinale zuri eta horiak jarraituz, lehen metroak aldapan behera beteko ditugu eta eskailera batzuk jaitsi ondoren, puntu erdiko zubiaren gainetik Deba ibaia gaindituko dugu Bengoerreka atsedengunera heldu aurretik. Lurrezko bidea jarraituz, Santa Columba ermitaren ondora iritsiko gara eta gertu gatz museoa.

 


Mende askotan zehar gatza izan da Leintz-Gatzagako bizigarria. “Urre zuria” deitua izan den honek herria sortzeaz gain izena ere eman baitzion. Gatz-iturria herritik 250 metrora dago, garai batean herria eta gatz-produkzioa zaintzeko erromatarrek eraiki zuten Dorletaren ondoan (egun santutegia da). Leintz-Gatzagak duen klima hotz eta hezeagatik ezinezkoa egiten zitzaion gatza lortzeko beste zenbat lekutan erabiltzen zuten lurrinketa-sistema erabiltzea eta bakarrik suaren bidez ur gazia berotu, likidoa lurrindu eta gatza lortzen zuten. Gaur egun, herriak bere iragana berreskuratu eta museo monografiko bat zabalik du. Museo honek gatzaren ustiapenaren bilakaera erakusten du eta mineral honek izan duen garrantzia ulertzen laguntzen digu, Burdin Aroan hasi eta 1972ra arte, itsasoko gatzaren konpetentziak ixtera bultzatu zuen arte. Museoak lau garai desberdinetan banatzen du gatzaren ustiapenaren historia: Burdin Aroa, XVI. mendeko dorlak, XVIII. mendeko putzupada-gurpila eta XX. mendeko industri aroa. Puntu honetan ibilbidea PR-Gi 37arekin bat egiten du Dorletaraino. Aldapa labur eta pikoak berehala utziko gaitu santutegiaren ondoan. Bertako Ama Birjina txirrindularien zaindaria da.



Santutegia atzean utzi bezain pronto, ibilbidea bitan banatzen da, eskuin aldetik Deba ibaiaren sorburura joango ginateke (PR-Gi 37) eta ezker aldetik, aldiz, Atxorrotxera. Azken honi heldu eta lehen maldak gainditu ostean, Olaun Beheko baserriaren azpi aldetik igaroko gara. Gi-627 errepidearen azpitik pasa eta porlanezko pistatik Olaun Erdiko eta Goikora helduko gara. Gaztainondo eta haritzen artean beteko ditugu hurrengo metroak. Artabila baserria ezker aldera utzita, bide seinaleek erakusten diguten norabidean aurrera joko dugu. Bide zabala eta erosoak bidegurutze baten aurrean utziko gaitu eta bertan norabide desberdinak erakusten dituzten metalezko seinaleak. Gertu izango dugu helmuga eta lurrezko pistan barrena berehala iritsiko gara Leintz bailara osoa menderatzen duen tontorraren oinera. Ondo zaindutako bidetik XVI. mendekoa den Santa Kurutz ermitara igoko gara eta goian aztarnategi baten arrastoak ikusiko ditugu. Bertan Erdi Aroko materiala aurkitu dute eta Nafarroako Erresumaren gaztelua izan zenaren lekuan ermita dago orain, bertatik igarotzen baitzen defentsa lerroetako bat. 1.200. urtean Gipuzkoa Gaztelara pasa zenean, gipuzkoarrek gaztelu hau Alfonso VII.ari eman zioten. Maiatzeko lehen igandean erromeria izaten da.  Abiapuntura itzultzeko bide beretik egin dugu.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2024/03/atxorrotx.html

 




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario