domingo, 17 de marzo de 2024

Imotz harana

 

Imotzeko zortzi herri eta Basaburuko beste bi lotzen dituzten xenda zaharrak berreskuratu, balizatu eta zirkuitu desberdinen bidez, oinez, mendiko txirringaz edota korrika haran honetako bazterrak ezagutzeko aukera dugu gaur egun. Bidezidor hauek, Muskitz, Oskotz, Etxaleku, Beramendi, Udabe, Urritza, Goldaratz, Latasa, Eraso eta Zarrantz herri txikiak lotzen ditu eta besteak beste, herri hauetan dauden etxe bikain, zubi zahar edo erroten aurriak ikusi ahal izango ditugu. Guztira, 70 kilometro elkar gurutzatzen diren hiru zirkuitu marra horiez eta egurrezko hesolez balizaturik. Xenda, errepide, lurrezko eta porlanezko pista eta baso mota desberdinen artean hedatzen den bide-sare honek, urtearen sasoiaren arabera, naturak eskaintzen dituen bere aurpegi koloretsu eta desberdinez gozatzeko aukera eskainiko digu. 

 



Latasa herrian emango diogu hasiera gaurko ibilaldi luze honi. Etxe artean murgildu eta berehala ikusiko ditugu ibilaldi osoan zehar lagun izango dugun marra horia (Herrien arteko xendak). Errepidea utzi eta pista zabalean zehar, erreka gurutzatu eta pixkanaka altuera hartuko dugu. Basoan zehar aurrera eginez Martikoneko bordaren ondora iritsiko gara. Errepide aldera jaitsi eta bidegurutzean, ezkerraldera Eraso herrirantz eta eskuin aldetik, berriz, Zarrantzerantz. Kilometro erdi eskas aurrerago, errepidea utzi, pagadian sartu eta aurrera egingo dugu bide erosoa segituz.

 


Basotik errepidera ateratzean, gertu ikusiko dugun Zarrantz herria gure eskuinera utzi eta jaisten hasiko gara. Bihurgune handi batera heltzean, eskuinetik ateratzen den porlanezko pistak Oskotz aldera eramango gaitu. Berriro errepidera aterako gara eta gure eskuinera herria utzita aurrez aurre ikusiko dugun Probintzietako Errege Bidea (CRP) edo Zezenen Bidea hartuko dugu (GR 9). Antzina, ganadu transhumanteak erabili ohi zuen bide hau, Iruñetik gertu hasi eta Gipuzkoako bihotzeraino zabaltzen zen, Noain herritik Azpeitiaraino hain zuzen ere. Gipuzkoan, ibilbide hau Zezenen Bidea izenez ere ezaguna da, XVI. mendetik aurrera Nafarroatik zezenak ekartzen baitziren.

 



Antzinako bide honek Beramendiraino eramango gaitu, baina aldez aurretik eraikin bikainak (elizak, etxeak, latsarria…) dituen Etxaleku herri polita ezagutuko dugu. Herriaren goiko aldetik hedatzen den bide balizatuak, hariztia zeharkatu eta errepidearen ondoan dagoen Donatoko bordaren ondora eramango gaitu. Aurrerago, eskuinetik, Basaburua erreka zeharkatzeko dagoen zubiraino jaitsiko gara eta segidan, Beramendi herriraino igo. Gertu ikusiko dugu Udabe herria eta marka zuriak segituz erraz helduko gara bertara. Kilometro bat lehenago, Aldatz aldera zuzentzen den Probintzietako Errege Bidea utziko dugu. 

 



Azken zatia, Udabe herria atzean utzi eta errepidearen beste aldetik jaisten hasiko gara Basaburua errekaren ondora iristeko. Arku bakarra duen zubi bikaina zeharkatu eta bere paraleloan marrazten diren xenda eta pista desberdinen artean aurrera egingo dugu. Lau kilometro pasatxo bete dugunean, Urritzako Bentetara helduko gara eta abiapuntura iristeko, Plazaolako tren zaharren ibilbidea hartuko dugu.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/10/imotz-harana.html

 



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario