Páginas

sábado, 10 de febrero de 2024

Euskal Mendi Korrikalariei Elkarrizketak

Pyrenaica aldizkariko zenbaki berri bakoitzarekin batera, Euskal mendi korrikalari bati eginiko elkarrizketa argitaratuko dugu; formatu orijinalean eta bere osotasunean.

Atal berri honen helburua euskal mendi korrikalariak hobeto eta gertuagotik ezagutzea izango da.

Gure seigarren gonbidatua...


Aitor Ajuria (Leintz Gatzaga, 1998)
Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzietan graduatua. Azken urteetan, artzain bezala aritu da lanean bere familiako gaztandegian (Kerexara). Mendiko kirol ezberdinak praktikatzea gustatzen zaio, mendiaz bere osotasunean gozatzeko.




Noiz eta nola hasi zinen mendian korrika?
14 urte inguru nituela hasi nintzen mendian korrika egiten, nahiz eta mendian betidanik ibili naizen. Nire ama Hiru Haundiak proba prestatzen hasi zen eta asteburuetan berarekin joaten nintzen korrika mendira. Ondoren, 16 urte nituela lehen aldiz hartu nuen parte lasterketa batean eta gaur egun arte.


Mendi lasterketa kuttunena?
Zaila egiten zait bat aukeratzea, baina Anbotoko Kilometro Bertikala esango nuke.
Nire lehen lasterketetako bat izan zen eta urtero bueltatu naiz. Gainera, nire etxetik ikusten den mendia da Anboto. Aipatu nahiko nuke, Arkaitz Za
makonak zuela Otxandiotar baten denborarik hoberena proban eta bere anaia den Markelekin beti izaten genuela denbora hori erreferentzia moduan, herriko “pike” bezala. Hauek guztiak batuta egiten dute berezi lasterketa hau.


 
Zein izan da Mendi lasterketetan izan duzun momenturik hunkigarriena? Eta gogorrena?
Momenturik hunkigarriena 2025. urteko Gorbeia Suzien irabaztea izan da, jende askoren babesa izan nuen eta, lasterketa bera irabazteak baino, horrek hunkitu ninduen. Momentu gogorrei dagokionez, momentu bat azpimarratzen ez nuke jakingo, baina gogorrena nire bidea eta oreka bilatzea izan da, gaur egun dauden estimulu denekin ez baita batere erraza.
 






Argazki bat aukeratu, zergatik?
Sentimendu askoko besarkada izan zen aita eta biona, biok bakarrik baitakigu zenbat esfortzu zegoen lasterketa horren atzean. Azken urte eta erdian aitarekin batera ardiekin eta gazta egiten ibili gara eskuz esku, eta guk bakarrik dakigu egunerokotasunean lana egitea eta entrenatzea zenbat kostatu den. Eta horregatik garaipena biona izango balitz bezala sentitu genuen.

Nola ikusten duzu mendi lasterketen etorkizuna? 
Nire ustez, ez da ahaztu behar mendiko lasterketak direla, eta mendia, lasterketaren aurretik dagoela. Denok nahi izaten dugu lasterketa ahalik eta hoberen egitea, baina hori egun bakar bat izaten da eta bertara disfrutatu gabe iristen bazara nire ustez zentzu dena galtzen du. Kirol konpetitibo bat izatera doa bideratuta eta horrek bere nolabaiteko xarma galtzera eraman dezake. Ikusiko da hurrengo belaunaldiek nolako bilakaera eta jarrera hartzen duten.









Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Hurrengo urteari begira, helburu nagusia aurreko urte amaieran lortutako oreka eta zoriontasuna mantentzea da. Lasterketei dagokionez, Gorbeia Suzien eta Anbotoko Kilometro Bertikala ahalik eta ondoen prestatzea gustatuko litzaidake.



Entrenamendu eta elikadurari dagokionez, prestakuntza edo planifikazio bereziren bat jarraitzen duzu? 
Entrenamenduei dagokionez zorte handia daukat, izan ere, hastapenetan Kepa Larrea eta gaur egun Beñat Agirreurreta izan ditut entrenatzaile. Konfiantza handia daukat Beñatengan eta entrenamenduen planifikazioa bere esku dago. Dieta aldetik, normal jaten dut -erotu gabe- eta ahalik eta etxeko gazta gehien noski.
 







Mendi Lasterketen Euskal selekzioan aritzeak zer ekarri dizu?
Euskal Selekzioarekin lehiatzea zorte handia da, azken finean mundu mailako lasterketa askotan aritzeko aukera izaten dugu. Horrez gain, jende asko ezagutzeko aukera ematen du eta selekzioari esker lagun handiak egin ditut.














BESTE ELKARRIZKETA BATZUK:

No hay comentarios:

Publicar un comentario