Páginas

viernes, 17 de marzo de 2023

Larreineta eta Zugastieta

 

Trapagaran herrian dagoen funikularra hartuko dugu Larreineta auzoraino iristeko. Trenbidea 1926an inauguratu zuten, eta hasieran meategietako langileak garraitzen bazituen ere, meategietan ateratako burdinak ere garraiatzeko erabili zuten. Gaur egun, bisitari eta bi herrietako biztanleek erabiltzen dute batik bat, eta 2014tik Eusko Jaurlaritzak “Monumentu multzo” izendatu zuen. Kilometro pasatxo duen aldapa bizia gainditzen duen funikularrak Larreineta auzoan utziko gaitu, gure ibilaldi honen abiapuntuan hain zuzen ere.

 


Herriaren goiko aldera joko dugu eta, Zugastietara zuzentzen den errepidea gure eskuinera utziz, ezker aldetik zabaltzen den lurrezko pistatik aurrera egingo dugu. Geltokitik abiatu eta kilometro bat ibili ostean, Parkotxa aintziraren ertzera iritsiko gara. Forma ia biribila duen aintzira landaretza ugariz inguraturik dago eta bertan, aintziraren ertzera gerturatuko gaituzten egurrezko zenbait begiratoki ikusiko ditugu. Bide belartsuak aintzira inguratzera gonbidatuko gaitu, baina beste muturrera heldu aurretik, bideak Zuloko aintziraren aldera bira egiten du. Honen ondotik segituz, kolore marroiz margoturiko egurrezko zutoin txiki batzuk erakutsiko digute jarraitu beharreko norabidea.

 


Inguru ikusgarri honetan dago kokatuta “Meatzalde Goikoa Parkea”, eskultura parkea, non hainbat eskultoreen obrak ikus ditzakegun: Nestor Basterretxea, Iñigo Arregi, Guillermo Olmo, Karmelo Gañan, Jose Antonio Legorburu, Mariemi Otaola, Victor Arrizabalaga eta Alex Morlotezen lanak. Ibilbide osoa aire zabaleko eskulturaz josita dago, baina zoritxarrez horietako batzuk bestelako “pintadaz” zikindu dituzte. Hala ere, ikusgarriak dira oso, batik bat ingurune berezi honetan sortzen duten magia.  Parkotxa aintziraren ondoan “Aizkoate”, eta honen gain aldean, berriz, “Hambre” eta “Zutik” eskulturak ikusiko ditugu.

 




Ibilbidearen zati honetan, meatze-galeria bat ezagutzeko aukera ere izango dugu, dozenaka metrotan bisitatu ahal izateko egokitua. Zuloko aintziraren hormetan, “Sustraiak” eskultura eskegita, eta aurrera jarraituz, “Momento” izenekoa. Blondis aintziraren behatokitik ikuspegi zabala izango dugu eta bere ertzeraino jaitsiko gara segidan, garai batean paraje hauetan izan zen jarduna imajinatuz. Bide beretik atzera egin eta “Lurraren tximiniak” eskulturaren ondotik pasa eta gero, ezkerretik ateratzen den bide zabala hartuko dugu. Honen amaieran, iturri agortu bat eta Ama Birjina baten iruditxoa arrokan eginiko zulotxo batean sartuta ikusiko dugu.

 


Bide nagusira itzuliko gara berriro, eta bertatik, Ostion aintziraren urak ikusiko ditugu gertu. Bere ertzera gerturatu nahi izanez gero, ezker aldetik ateratzen diren bideak erabili ditzakegu. Atsedenleku nagusira gerturatuko gara segidan eta bertan hainbat eskultura han eta hemen barreiaturik: “Azpiegitura”, “Elkarrizketa”, “El espectador” eta “La desocupación del cubo” izenekoak.  Bide nabarmenak aintzira inguratzen jarraitzen du eta bertatik segituz, beste obra batzuk izango ditugu aurrez aurre: “Lurraren alde”, Lolita” eta “Begirada” eskulturak. Puntu honetan, Zugastieta auzora igoko gara eta bertako kaleetan murgilduz bertako historia gogora ekarriko dugu.

 


1877 urtearen inguruan sortu zen auzoa, mendi hauetako azken zuhaitzen ondoan altxatutako etxolatzarretatik abiatuta, meategien albo-alboan. Meatze ekoizpenarekin batera, hazkundea oso azkarra izan zen, atzerriko konpainiek, Triano mendien meatze-ustiapenari bultzada handia eman baitzioten. Horren ondorioz, Espainiako leku askotatik langile kopuru handia etorri zen, meategien ondoan herriak sortuz. 1910ean, Zugastietak hiru mila biztanle baino gehiago zituen eta honako zerbitzuak eskaintzen zituen: eliza, eskola publikoak eta pribatuak, ospitalea, Guardia Zibilaren kuartela, bake-epaitegia, bi zinema, pilotalekua, musika-banda, ekonomatua, egoitza sindikalak, sozietate kulturalak eta, denda eta taberna ugari. Meatze-jarduerak behera egin zuenean, jendea beste industria gune batzuetara joan zen, eta joera hori XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera areagotu zen. Zugaztieta auzoa, langileen mugimenduaren hastapenekin eta Espainiako sozialismoaren sorrerarekin lotzen da.

 





2003. urtean, Eusko Jaurlaritzak Multzo Monumentalaren kategoriako Ondare Kultural izendatu zuen Zugastietako meatzarien herria, bertako hiri-egitura berezia babesteko asmoz. Abiapuntura itzultzeko tenorean, burdinaren paraje berezi eta eder hauei agur esango diegu. Bi auzoak  lotzen dituen errepidearen paraleloan marrazten den bidetik aurrera egingo dugu eta Larreinetara heldu aurretik, errepidearen horma luzean margotutako muralean ikusi ahal izango ditugu garai bateko jardunaren irudi politak. Funikularraren geltokira jaitsi eta amitutzat emango dugu ibilaldia.

 

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2023/01/larreineta-eta-zugastieta.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario