Ardoaren ekoizpena bere ekonomiaren oinarria duen Lapuebla de
Labarcako herriaren udaletxearen aurretik abiatuko gara. Antzina Ebro ibaia
zeharkatzeko txalupa erabiltzen zuten eta hortik dator herriaren izena. Gerora,
zubia eraiki eta txaluparen erabilera desagertu egin zen. Herriaren lehen
aipamen idatzia 1369koa da eta jatorriz Guardiako udalerriaren barne zegoen,
1631n hiribildu titulua eman zioten arte. Erdigune historiakoren bisita
ibilaldiaren amaierarako utzi eta Pobeda parke aldera zuzentzen den bidetik
aurrera egingo dugu.
Ekialderantz zuzentzen den errepidetik aurrera egin eta azken
etxeak atzean utzi ondoren, mahastien artean jaisten den asfaltozko bidetik
Ebro ibaiaren ertzera gerturatuko gara. Bide bazterrean seinale desberdinak
ikusiko ditugu, Ebroko Bide Naturala (GR-99) eta GR Arabako Errioxa Bidearenak
hain zuzen ere. Mahasti ederren artean igaro ondoren, mahai, erretegi eta jolas-parke
batez osatutako Pobedako atsedenlekura iritsiko gara. Aisialdirako gune
honetan, abuztuko jaietako azken egunean ospatzen duten erromerian, herritarrek
bertaratutako guztien artean banatzen den zartaginkada ederra prestatzen dute.
Ebro ibaiaren ondotik Eltziego aldera zabaltzen den pista erosoak, lurraren azalera ia osorik betetzen duten mahastien artean murgilduko gaitu. Mahatsa biltzeko erabiltzen dituzten lur eta hareazko pisten artean ibiliz, mahatsondoen hostoen koloreen itzalean mahats-mordo zuri zein beltzek lekua bilatzen dute eguzkiaren izpiek goza dezaten. Kolore ederrez janzten dira udaberri eta udan, udazkenean, aldiz, biluzten hasi eta neguaren hotzaren aire zabalean lozorroan geratzen dira.
Ebro ibaiaren ondotik aldenduz, eskuinetik igotzen den
bigarren aldapari eutsiko diogu segidan eta, goiko aldera heldu aurretik,
asfaltozko errepide txikia utziko dugu. Hasieran ikusgaitz den xenda batek
erromero eta ezkai artean zabaltzen da eta oso denbora gutxi beharko dugu Las
Hoyas izeneko goi-ordokira igotzeko. Mahastiak inguratzen dituen lurretik
aurrera eginez, berehala iritsiko gara Balbinoren behatokira. Eltziego aldera
ikuspegi zabala eta ikusgarria duen balkoi honetatik, mahastien artean Ebro
ibaiak marrazten dituen meandroak ikusi ahal izango ditugu.
Ikuspegiaz gozatu ostean, lurrezko bideak Eltziego eta
Lapuebla de Labarca herriak lotzen dituen errepidera eramango gaitu. Maldan
behera segituz herriko kanposantuaren ondotik igaro eta antzina herriko bodegak
izan zirenen artean murgilduko gara. Maldak herrigune historikora eramango
gaitu Kale Nagusian zehar eta bertan, XVI. mendekoa den Jasokundeko Gure Amaren
elizaren inguruan, Errenazimenduko etxebizitzen adibideak (batzuk ondoren
egindako erreformek desitxuratuak) ikus daitezke. Erret eta Eguerdi kaleetan, dauden barroko
estiloko etxeen artean, XVIII. mendeko armarridun jauretxea nabarmentzen da.
Ibilaldiari amaiera emateko, herri honetan Arabako ardo bat hartzea besterik ez
zaigu geratuko.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
No hay comentarios:
Publicar un comentario