Piramide itxura duen mendi hau leku
estrategikoa izan da historian zehar. Hamaika gertaeren lekuko izan da, hamaika
bataila eta borrokena. Baina, ziurrenik, Amaiurko bataila izango da bere
magaletan izan den gertaera historikorik garrantzitsuena, Nafarroako erreinuak
independentzia galdu zuenekoa, nafar gudarien azken hatsen gordelekua bihurtu
zenekoa.
Atseden
gunearen ondoan dagoen aparkalekuan eman diogu hasiera gaurko txangoari.
Orabiderantz doan errepidean barna bete dugu lehen zatia eta aurrez aurre dugun
Alkurruntzeko magaletara gerturatu gara. Izeidia igaro eta berehala utzi dugu
errepidea gure ezkerretik ateratzen den xenda nabarmen batetik gorantz eginez.
Bide-seinale
zuriak eta berdeak segituz aldapa pikoari aurre egin diogu. Lehen izerdi tantak
kopetatik irristatzen hasi orduko lepo txiki batera igo gara eta bertan bi
harritzar zutik, Artzubietako zutarri bikainak.
Zuretako leporantz doan bidezidor nabarmenerantz jo dugu segidan eta bertara
iristean, gailurrerantz zuzentzen xendatik gorantz egin dugu.
Bide
bazterrean eraikin zahar eta bitxi batzuk ikusi ditugu: Alkurruntzeko
sismografia estazioa eta bunker desberdinetara iristeko mendiaren erraietan
zulatutako antzinako gotorlekuaren sarrera. Tontorrean zintzurra freskatzen
dugun bitartean, begiratoki aparta honetatik Baztango lur ederrak gure mendean,
Amaiurko gazteluaren aurriak ikusi ditugu eta honen gainean Gorramendi eta
Gorramakil. Urrutiago Saioa gailentzen da harro eta Iparralderantz, berriz,
Xaretako lurrak eta Etxalarko gainak.
Amaiurko
gazteluaren aurriei begira gogora ekarri nahi izan dugu orain bost mende,
lur haueten izandako azken batailaren ondoren,
Nafarroako erreinuak independentzia galdu zuen. Alkurruntzeko begiradapean gertatu zen Nafarroako erreinuaren gertaera
garrantzitsu hau. 1522an, Noaingo bataila galdu eta Nafarroako noble eta zaldun
batzuk gaztelu honetan gotortu ziren Nafarroako independentziaren alde borrokan
jarraitzeko. Gaztelauen armadak gaztelua setiatu eta kanoien indarrez txikitu
eta gero, nafar gudariak errenditzera behartu zituzten. Itzulera etorritako
bidetik egin dugu.
Klikatu hemen ARGAZKIAK
ikusteko
https://menditxiki1.blogspot.com/2022/10/alkurruntz.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario