Ezkurrako
mendatean dagoen Basakabi jatetxearen ondoan kotxea utzi eta Leitzako muinoak
ezagutzera abiatu gara. Pista zabala hartu eta berehala eskuin aldera jo dugu
Loiategiko kaskura igotzeko. Lehen muino hau pasa eta gertu dagoen lepora
jaitsi gara eta aurrez ikusi dugun xendatik baso aldera igotzen hasi gara.
Pagadia zeharkatu eta apenas ikusten den xendatik aldapa piko eta gogorrari
ekin diogu aska baten ondora ailegatu arte.
Aurpegia
eta lepoa freskatu, gertu dagoen lurrezko pista zeharkatu eta belarrezko
alfonbratik igotzen jarraitu dugu. Petriketaren magalean eskuin aldera
zabaltzen den bidetik gertu dugun Eguzkizko muinorantz zuzendu ditugu gure
urratsak. Erraz heldu gara tontorrera eta bertan bi buzoi eta ikuspegi
paregabea; Kornieta, Ireber, Aralar, Aizkorri, Berian eta abar luze bat.
Talaia
bikaina atzean utzi eta lepora itzuli gara gertu dagoen Petriketako tontorrean
dagoen buzoiaren ondora iristeko. Aurrekoan bezala, panoramika zoragarria.
Lurrezko pistak pagadian murgildu gaitu eta bertatik ateratzean gertu dagoen
Baztarlako gainean dagoen buzoia ezagutu dugu. Leitza aldera ikuspegi ederra.
Itzulera, antenara igotzeko erabiltzen den pista zabaletik egin dugu.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://menditxiki1.blogspot.com/2022/11/leitzako-muinoetan.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario