martes, 10 de mayo de 2022

Artikutzako basoetan

 


Artikutza inguratzen duten mendien magaletatik esekitzen diren baso trinko eta sakonetan ezkutatzen dira iraganaren lekuko isilak. Haran estuen bihotzean murgiltzen bagara, egun naturaren altzoan lokarturik dauden historiaren pasarteak irakurri ahal izango ditugu eta errekastoen urek zizelatu dituzten paraje hauek ezagutuz gero, ohartuko gara mendeetan zehar izan duten garrantzia. Garai bateko jarduera desberdinen aztarnak aurkituko ditugu bazter guztietan, baita misterioz betetako inguruak ere. Bizimodu desberdinen eta bertako errekurtso naturalen ustiapen ugarien lekuko izan diren lur hauetan iraganak loak hartu du.

Egun ingurune babestua bada ere, Artikutzako lurrak hainbat bizimoduren lekuko izan dira historian zehar, eta bertako baliabide naturalak modu ugaritan ustiatu izan dira. Europan gertatu ziren aurrerapen teknologikoen ondorioz, burdinolak baztertu egin ziren, erabat ahazteraino. Horiek izan ziren garairik zailenak. Orduko joera sozioekonomikoen babesean, indartu eta areagotu egin ziren egur ikatzaren ekoizpena eta meategien ustiapena —burdina, batik bat—. Horrela, 1898an, bide estuko trenbidea eraiki zuten ustiapen horiek errazteko. 1903tik 1908ra, Artikutzako Oihandar eta Ustiapenerako Konpainiak eratu ziren.

Burdinbidearen bihotza Elamako (Nafarroa) meategi gunea zen, eta hura Errenteriako (Gipuzkoa) iparraldeko geltokiarekin komunikatzera iritsi zen, plano inklinatu eta korapilatsu baten bitartez. Neurririk gabeko ustiapen haien ondorioz, basoak atzera egin zuen berehala, 1919an Donostiako Udalak finka erosi eta lehengoratze lanak hasi arte.

Ibilaldiaren zati honetan, burdinbide horren zati handi bat egingo dugu. Exkaxetik abiatu eta 400 bat metro errepidean zehar egin ostean, ezkerrean Artikutzako auzora jaisten den bidea utzi, eta, metro batzuk aurrerago, pagadi ederrean marrazten den burdinbide zaharraren xenda hartuko dugu. Erroiarriko behatoki naturalaren ingurura helduko gara laster, eta bertatik finka osoaren ikuspegi zabalaz gozatu ahal izango dugu. Pagadia baso mota nagusia izan arren, tarteka beste baso mota desberdinak zeharkatzen jarraituko dugu. Bidegurutzera iristean, bide balizatua utzi eta eskuinaldera joko dugu, egurrezko seinaleak erakusten duen lekutik. 150 bat metro egingo ditugu burdinbide zaharraren plano inklinatuan dagoen geltokiaren aztarnak ikusi ahal izateko.

Hona hemen ATIT Artikutzako Trenaren Ikerketa Taldeak emandako datu gutxi batzuk: trenak izen bat baino gehiago zituen, hala nola KarramarroaDekabillaFrantzesen TrenaArtikutzako Trena eta Xorrolako Trena. Burdinbidearen zabalera 600 milimetrokoa zen, eta trenbidearen luzera, berriz, 28,5 kilometrokoa. Ibilbide osoan lau tren makina izan ziren, bakarra zati bakoitzean, eta, haiekin batera, 61 bagoi. Bidaia bakoitzean, 2 tonako sei bagoi zeramatzaten, 12 tonako gai garraioa aldiro. Egunero, lau bidaia egiten zituen, garairik oparoenean. Honako material hauek garraiatzen zituen: burdina, egur ikatza, kaolina, posteak, tren trabesak, eraikuntzarako egurra... Pertsonak ere garraiatzen zituen. Zati bakoitzeko, trenak hiru langile behar zituen: tren gidaria, sugina eta balaztaria. Guztira, trenean 30 bat langile aritzen ziren, planoetakoak kontuan hartuta.

Bidegurutzera itzuli eta maldan behera abiatuko gara. Laster, gure eskuinean xenda bat ikusiko dugu, eta, bide balizatua utzita, hortik egingo dugu aurrera. Plano inklinatua egin aurretik, idiekin minerala goiko geltokira garraiatzeko erabiltzen zuten bide hori beteko dugu. Plano inklinatua bitan zeharkatu eta maldan behera Oronoz-Zubieta ingurura jaitsiko gara. Puntu horretan, Elamara doan bidea utzi, eta Artikutza auzorantz zuzentzen den pista zabaletik Artikutzako auzorantz joko dugu.

Auzoan sartu aurretik, frontoiaren ondotik doan bidea hartu eta ezkerretik ateratzen den pistatik, Enobietako urtegirako norabidea hartuko dugu. Aurrera jarraitu eta bihurgune nabarmen batera heltzean, langa igaro eta eskuinera joko dugu errekaren ondoan dagoen zubitxora iristeko. Hau pasa eta ezkerrera hartu behar da, errekaren ondotik metro batzuk betez. Bide zaharra Otarango pagadian murgiltzen da sigi-sagan altuera hartuz.

 

Artikutzan ekosistema ezberdinak aurkitu badaitezke ere, pagadiak dira urtegiaren inguruko lurrak estaltzen dituzten komunitate handienak. Hauen azpian eta beraien estaldura dentsoa izaki, lurra biluzik dagoela esan daiteke, orbela eta goroldioa izanik beren biztanlerik ugari eta nabarmenenak. Zenbait onddo ere aurki daitezke ingurune hauetan, baina agian beren tamaina eta hazteko lekuarengatik (pago enborretan) ardagaiak, enbor zaharren apaingarri gisa, ikusgarrienak suertatzen dira. Baina pagadiek mundu oso bat ezkutatzen dute, ekosistema honen oreka mantentzen duten biztanleak ugariak izanik.


 

Enbor luzeko pago gazte askok osaturiko pagadi ikusgarri bezain eder honetan murgildurik, orbelak lurra erabat estaltzen du eta tarteka bidea ikusgaitza da. Pagaditik ateratzean, Goizarindik  Beltzuntzera doan pista batekin egingo dugu topo. Metro gutxi batzuk aurrerago, berriz, ezkerrera hartu eta Urdallueko pagadian barneratzen den beste xenda bat jarraituko dugu. Pagadia zeharkatzen duen bidezidorra segituz, laster sakanaren hondora iritsiko gara. Enborrez eratutako zubitxo bat zeharkatuko dugu beste aldera pasatzeko. Urdallueko burdinola eta baserri-multzo zaharraren aztarnekin aurrez aurre egingo dugu topo. Denboraren poderioz, natura pixkanaka eraikin hauek guztiak estaliz joan da eta egun zail samarra gertatzen da eraikin horien egitura osoa nabarmentzea.

 

Artikutzan lau dira ezagutzen diren burdinola hidraulikoak, Urdallue, Elama, Goizarin eta Artikutzako parajeetan kokatutakoa. Burdinola hidrauliko baten egituran hiru zati dira bereizgarrienak: uharka, arragoa (mineralen kiskaltze-labea) eta lantegia. Azken honek oso egitura konplexua zuen, albo batean gurpil hidraulikoak kokatzen ziren ardatzak mugiarazteko; gurpil hauek gabia eta hauspoa martxan jartzen zituzten. Hauekin batera beste zenbait dependentzia eraikitzen ziren, hala nola langileen bizitokiak, kiskaldutako mineral eta egur-ikatzarentzat biltegiak eta “Olaetxea” edo burdinolaren arrendatariaren bizilekua.


 

Industria metalurgikoarekin guztiz loturik zegoen ikazkintza izan da paisaia eraldatu duen beste jardueretako bat eta horren lekuko pagadietan aurki daitezkeen “txondor-plaza” (txondorrak eraikitzeko plataformak) ugariak. Ekonomia guztia egurraren inguruan oinarrituta zegoenez, jarduera industrial honek eragin nabarmena izan zuen Artikutzako basoetan. Gaur egun, paraje hauek isiltasunean murgildurik daude, eta naturak, galdutako espazioa berreskuratu du.

 

Baserri-multzoa utzi eta sakanaren ezker aldeko mendialdetik doan bide zabala jarraituko dugu. Berehala, Lapurzulo izenez ezaguna den meatze ingurura iritsiko gara eta aurrerago, garai batean Ollagarate errekatik Lizarurdiñetako deposituraino ura garraiatzen zuen ubide bat aurkituko dugu, honek herritik gertu zegoen zentral bat elikatzen baitzuen. Bidea, ubidearen ondotik doa depositura iritsi arte. Segidan Lizarurdiñetatik jaisten den pista segituko dugu eta seinale zuri eta horiak jarraituz urtegia inguratzen duen pistara helduko gara. Hemendik, urtegiaren hormaren ondotik pasatzen den zidorretik herrira jaitsiko gara, egurrezko hesolak erakusten duen norabidean.

 

1919. urtean Donostiako udaletxeak lur hauek erosi eta 1947. eta 1960. urteen artean Enobietako urtegia altxatu zuen (gaur egun hustuta). Zenbait bizileku berritu eta beste batzuk eraiki ziren egun Artikutza herria edo auzoa izenez ezaguna dena sortu arte. Hauekin batera bideak berritu ziren,  batez ere Oiartzundik datorrena. Gaur egun eremu honen mantenurako familia gutxi batzuk baino ez dira bizi. Artikutzako antzinako burdinola izan zenaren inguruan eraiki ziren etxe batzuk: Olajaundi, Ostatu Zarra, Almandoz, Olazar eta Bekoetxe. Beste batzuk, berriz, beranduagokoak dira: San Agustin kapera, zentral elektriko txiki bat, barrakoiak, ikuztegia, zubiak, txaletak eta udaleko aterpea. Urtean behin, San Agustin egunaren inguruan, Orreagatik Artikutzara joaten ziren nagusiak, bertakoei errentak kobratzeko. Gaur egun, berriz, abuztuaren 28an, San Agustin egunean hain zuzen ere, Artikutzan jai giroa nagusitzen da. Egun horretan ateak zabaltzen dira nahi duenak bertara joateko, baimenik eskatu gabe. Urte osoko isiltasuna apurtzen da eta festa giroa nagusitzen da.

Auzoko etxe eta parajeak bisitatu ostean, porlanezko bide malkartsutik aterpetxea dagoen lekuraino igoko gara. Ataka metalikoa gainditu eta, urtegia inguratzen duen pista utziko dugu gure ezkerrean geratzen den bidea hartuz. Xenda estuak, Legarzurietara eramango gaitu, haritz amerikarrez osatutako birpopulaketa bat zeharkatuz. Altuera irabazten dugun heinean, Elizmendiko parajeetan, ekosistema aldaketa nabarmenaz ohartuko gara, haritz, gorosti eta hagin ale bikainek osatutako basoak dira nagusi. Bidea leuntzen hasi orduko, pagadiaren presentzia berriro nagusituko da eta ibilaldiaren bukaeraraino lagun izango dugu.

Bide erosoak, Erroiarriko ur jauziaren gainaldera eramango gaitu. Exkaxpeko errekara iristean, isiltasuna nagusi da goroldioz jantzitako pago zaharren erreinuan. Igoera piko batean gora eginda, egurrezko panel informatibo baten ondora iritsiko gara. Handik, pagadian zabaltzen den bide zabalari jarraituz, auzora jaisten den errepidera aterako gara, informazio panela eta egurrezko seinaleak dauden lekura. Exkaxeko atezaindegia gertu.

 Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2021/04/artikutzako-basoetan.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario