Mauleren mendebaldean hasi eta
Nafarroa Behereraino iristen den Arbailako mendikateak, ekialdetik Aphurako
ibarreraino iristen da eta mendebaldetik, berriz, Oskitxeko mendateko
errepidera. Oihanak estaltzen ditu Arbailako mendigunearen bi herenak. Bertan
dago Europako pagadirik ederrenetarikoa, baita aberastasun geologiko eta
arkeologiko ugari ere. Altuera ertaineko mendigunea basoak estaltzen du eta
tontor nagusienak nekez jalgitzen dira zoru harritsu eta arrailduak (lapiaz)
babesten duen pagadi iragangaitz baten erdian. Erliebea nahikoa astuna da
hemen, baina kare-haitzezko eremuetako higadurak (karstikoa) modu guztiz
bitxian landu du eta lekurik garrantzitsuenak ezagutzeagatik merezi du bertara
igotzeak.
Paraje eder hauek gertutik ezagutzeko dugun abiapunturik egoki eta ederrena, Ahüzkiko ostatu-jatetxea eta jatetxea da. Bertan ikusiko dugun aparkalekutik abiatu eta, mendi aldera zuzentzen den pistan barrena, lehen kilometroa bete eta gertu ikusiko dugu Ahüzkiko üthürri ezaguna. Nahiz eta azterketa zientifikoek ezetz dioten, isurtzen duen urak ahalmen diuretikoak omen ditu bertakoentzat. Txorrotxaren azpian, Pierre Topet Etchaunena izan daitekeen kantu herrikoi ezagun baten lehen estrofa irakur dezakegu: “Bortian Ahüzki hur hunak osoki”. XIX. mendean ur hauek oso estimu handia izan zuten eta bertan, bainuetxe bat sortu zuten.
Kondaira askoren
lekuko izan den iturriari bizkar eman eta, marra horiz balizatutako xendan
barrena igotzen hasiko gara. Markak berehala utzi eta, Bohokortea mendiaren
tontorrerantz zuzen igotzen hasiko gara bere bizkar leun eta belartsua
zeharkatuz. Tontorrak, dorre harritsua den Zaboze eta Arbailako tontorrik
garaiena den Ihatearekin batera, Elzarreko Ordokia sakonune karstiko handia
menderatzen du.
Parez pare ikusiko dugun Ihatea mendirantz joko dugu segidan. Mendiaren gandorrean zehar, ur-biltegi baten ondotik pasa eta lepora jaitsiko gara. Oso nabarmena eta erosoa den xendak Ilhasteriako muinora eramango gaitu. Altuera galdu eta, aldapa motz eta piko batek igotzen duen zidorretik pagadira gerturatuko gara. Punturik gorenean, haitzen artean ikusgaitz den bideak beste lepo txiki batera eramango gaitu. Ingurune karstikoarekin topo egingo dugu lehen aldiz eta horrek ibilera zaildu egiten du.
Kontu handiz, harri-pilek (cairn) erraztuko digute bide egoki eta zuzena
aukeratzen. Basotik atera eta denbora gutxi beharko dugu Arbailetako mendirik
garaienera iristeko. Ez buzoirik, ezta tontorrean gaudela bestelako
artifiziorik, soilik bi harri-pila ikusiko ditugu. Gailurretik, Arbailako
mendigunea bere osotasunean ikus dezakegu: Zaboze, Zihiga, Zorzauki, Azküne,
Lexagorri, Belhigaña, Beltxu… eta hauen magaletan amiltzen diren baso ederrak.
Abiapuntura itzultzeko, etorritako
bidetik buelta atzera egin eta, Ilhasteriako muinoa inguratu ondoren,
Bohokortearen mendean dagoen lepora itzuliko gara. Elzarreko Ordokira jaisten
den pista kontrako norantzan hartuko dugu eta, sigi-saga pare batean
abiapuntura helduko gara, Ahüzkiko ostatu-jatetxera hain zuzen ere. Jatetxearen
aurreko aldean dagoen terrazan eseri eta, Orhitik Auñamendiraino Euskal
Pirinioetako panoramika bikainaz goza dezakegu.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2020/02/ahuzkiko-mendietan.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario