miércoles, 22 de mayo de 2019

Artikutzaren erraiak VI: Berdabio, ubidea jarraituz





Artikutza
Frontoiaren ondotik doan bidea hartu, Olazar etxea pasa, urtegira doan pista utzi eta aurrera jarraituko dugu. Zerrategia gure eskuinera lagako dugu eta errekaren paraleloan doan pistan barna aurrera egingo dugu. Zubira heltzean pista utzi eta eskuinetik ateratzen den bidezidorrari helduko diogu. Bide hau Artikutzatik Añarbeko urtegira doan ubidearen gainetik zabaltzen da eta tarteka ur hodiaren zatiak lur gainean azalduko zaizkigu. Bide estua jarraituz garai batean Elamako meategi gunetik heltzen zen burdinbidearen plano inklinatuaren hasierara helduko gara (ikus 2. ibilbidea). Bidea erosoa da, batere aldaparik gabe. Ezker aldean, Artikutza erreka gure mendean eta eskuinera, berriz, pagoz eta haritzez osatutako baso trinkoak.
Presaetxe
Xenda jarraituz erraz iritsiko gara Ugaldeko presaren ondora. Eraikin txiki batzuk, erreka  igarotzeko zubia, urtegi txikia eta ur-saltoa. Beste aldera pasa eta abiapuntura itzul gaitezke, baina guk aurrera egingo dugu. Eskuin aldetik, txabola zuri baten ondora igo eta ubidera jaitsiko gara. Beste aldean Presaetxe baserriaren aurriak ikusiko ditugu. Hemendik aurrera ura agerian izango dugu eta bere ondotik marrazten den xenda jarraituko dugu. Tarteka, ubidearen horma erabiliko dugu leku estuak igarotzeko, beti ere kontu handiz. Harana estutzen doan heinean, bideak bihurguneak marrazten ditu.
Berdabio
Gorabeherarik gabeko ubidea segituz laster iritsiko gara Berdabioko baserriaren parera. Leku honetan alanbrezko hesia gainditu eta xenda txiki bat bilatuko dugu erreka ondora jaisteko. Zubi zaharra igaro eta errekaren beste aldean izango gara. Leku isila, naturaren babesa  bilatzen duena ezkutuan gordetzeko aproposa. Misteriotsua. Zubiaren ondotik, ezkerrera ateratzen den bide zaharra hartuko dugu baserriari bizkarra emanez. Berehala murgilduko gara basoan eta gaztainondo zaharren artean pixkanaka altuera hartzen hasiko gara. Antzinako bide hau tarte batzuetan desagertu egin da higaduraren ondorioz, baina berehala ohartuko gara ubide zaharraren presentziaz eta horrek lagunduko digu bidezidor zuzena aukeratzen.
Presaetxe
Basotik apenas atera gabe, errekaren beste aldean ikusiko dugu Berdabiora joateko erabili dugun ubide erosoa. Orain, berriz, bide zahar hautsiak ahalegin handiagoa eskatuko digu. Gure ahaleginak Presaetxe baserriaren ondora eramango gaitu eta metro batzuk aurrerago Ugaldeko presara igotzeko amuarrainek erabiltzen duten esklusa. Ez dugu zubia igaroko eta aurrera segituz, ubide zaharraren gainetik erraz helduko gara Oronozko-Zubietako zubiaren ondora. Elama aldera doan pista utzi eta Artikutza aldera joko dugu. Bi eraikin zahar atzean laga ondoren, kilometro eskas bete eta zubia gurutzatuko dugu. Hemendik herrira ailegatzeko hamar minutu beharko ditugu.

Luzera: 9 km   Desnibela: 127 m     Denbora: 2 ordu 30’

BERDABIO
Berdabiyo, urrezko txanponen faltsifikatzailea izan zela dio ahozko tradizioak. Delitu hau Iruñeko kartzelan ordaindu zuen eta bertan, urtebetean zehar, hirurehun eta hirurogeita bost bertso moldatu zituen, egun bakoitzeko bertso bat. Horietatik lehen bostak, 1933. urtean argitaratutako “Anuario de Eusko-Folklore” XIII. liburuko 75-76. orrialdeetan jasota daude. Hauetako bertso batzuei Mikel Laboa abeslari ezagunak musika jarri eta oso ezagunak egin ziren. Hona hemen bertso bat:

Berdabiyo’ren xaldiyak
Lau ankak ditu txuriyak
Salto batian irago zuen
Zazpi estatuko esiya;
Beste bat igaro balu,
Seguru zuen biziya.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc)  deskargatzeko:
Klikatu hemen 3D (ayvri)  deskargatzeko


No hay comentarios:

Publicar un comentario