Artikutza
Frontoiaren ondotik doan bidea hartu, Olazar etxea pasa,
urtegira doan pista utzi eta aurrera jarraituko dugu. Zerrategia gure eskuinera
lagako dugu eta errekaren paraleloan doan pistan barna aurrera egingo dugu.
Zubira heltzean pista utzi eta eskuinetik ateratzen den bidezidorrari helduko
diogu. Bide hau Artikutzatik Añarbeko urtegira doan ubidearen gainetik
zabaltzen da eta tarteka ur hodiaren zatiak lur gainean azalduko zaizkigu. Bide
estua jarraituz garai batean Elamako meategi gunetik heltzen zen burdinbidearen
plano inklinatuaren hasierara helduko gara (ikus 2. ibilbidea). Bidea erosoa
da, batere aldaparik gabe. Ezker aldean, Artikutza erreka gure mendean eta
eskuinera, berriz, pagoz eta haritzez osatutako baso trinkoak.
Presaetxe
Xenda jarraituz erraz iritsiko gara Ugaldeko presaren
ondora. Eraikin txiki batzuk, erreka
igarotzeko zubia, urtegi txikia eta ur-saltoa. Beste aldera pasa eta
abiapuntura itzul gaitezke, baina guk aurrera egingo dugu. Eskuin aldetik,
txabola zuri baten ondora igo eta ubidera jaitsiko gara. Beste aldean Presaetxe
baserriaren aurriak ikusiko ditugu. Hemendik aurrera ura agerian izango dugu
eta bere ondotik marrazten den xenda jarraituko dugu. Tarteka, ubidearen horma
erabiliko dugu leku estuak igarotzeko, beti ere kontu handiz. Harana estutzen
doan heinean, bideak bihurguneak marrazten ditu.
Berdabio
Gorabeherarik gabeko ubidea segituz laster iritsiko gara
Berdabioko baserriaren parera. Leku honetan alanbrezko hesia gainditu eta xenda
txiki bat bilatuko dugu erreka ondora jaisteko. Zubi zaharra igaro eta
errekaren beste aldean izango gara. Leku isila, naturaren babesa bilatzen duena ezkutuan gordetzeko aproposa.
Misteriotsua. Zubiaren ondotik, ezkerrera ateratzen den bide zaharra hartuko
dugu baserriari bizkarra emanez. Berehala murgilduko gara basoan eta
gaztainondo zaharren artean pixkanaka altuera hartzen hasiko gara. Antzinako
bide hau tarte batzuetan desagertu egin da higaduraren ondorioz, baina berehala
ohartuko gara ubide zaharraren presentziaz eta horrek lagunduko digu bidezidor
zuzena aukeratzen.
Presaetxe
Basotik apenas atera gabe, errekaren beste aldean
ikusiko dugu Berdabiora joateko erabili dugun ubide erosoa. Orain, berriz, bide
zahar hautsiak ahalegin handiagoa eskatuko digu. Gure ahaleginak Presaetxe
baserriaren ondora eramango gaitu eta metro batzuk aurrerago Ugaldeko presara
igotzeko amuarrainek erabiltzen duten esklusa. Ez dugu zubia igaroko eta
aurrera segituz, ubide zaharraren gainetik erraz helduko gara
Oronozko-Zubietako zubiaren ondora. Elama aldera doan pista utzi eta Artikutza
aldera joko dugu. Bi eraikin zahar atzean laga ondoren, kilometro eskas bete
eta zubia gurutzatuko dugu. Hemendik herrira ailegatzeko hamar minutu beharko
ditugu.
Luzera: 9 km Desnibela: 127 m Denbora: 2 ordu 30’
BERDABIO
Berdabiyo,
urrezko txanponen faltsifikatzailea izan zela dio ahozko tradizioak. Delitu hau
Iruñeko kartzelan ordaindu zuen eta bertan, urtebetean zehar, hirurehun eta
hirurogeita bost bertso moldatu zituen, egun bakoitzeko bertso bat. Horietatik
lehen bostak, 1933. urtean argitaratutako “Anuario de Eusko-Folklore” XIII.
liburuko 75-76. orrialdeetan jasota daude. Hauetako bertso batzuei Mikel Laboa
abeslari ezagunak musika jarri eta oso ezagunak egin ziren. Hona hemen bertso
bat:
Berdabiyo’ren xaldiyak
Lau ankak ditu txuriyak
Salto batian irago zuen
Zazpi estatuko esiya;
Beste bat igaro balu,
Seguru zuen biziya.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:
Klikatu hemen 3D (ayvri) deskargatzeko
No hay comentarios:
Publicar un comentario