jueves, 12 de enero de 2023

Elhaudi eta San Antoni

 


Arbailak mendigunearen iparraldeko isurialdean, altuera apala duten gailur-multzo bat altxatzen da. Zuberoa eta Nafarroa Behereako lurren artean muga naturala marrazten duten mendi hauen magaletako zelai zabal eta berdeetan, baserri eta etxalde multzo ederrak sakabanaturik agertzen dira. Hauek denak, Muskildi herriaren lurrak dira, Oxkaxeko mendatetik Zuberoan sartzean aurkituko dugun lehen herriarenak hain zuzen ere. Bertatik abiatu eta, mendebaldera nabarmentzen diren bi gailur ezagutzeko aukera baliatuko dugu: Elhaudi eta San Antoni.

 


Muskildi beti izan da herri txikia, baina azken hamarkadetan, Zuberoako herri askok bezala, etenik gabe galdu ditu biztanleak. Bertan, zubereraren aldera den Basabürüako hizkera mintzatzen da. San Ziprian elizaren ondoan dagoen pilotalekutik abiatuko gara. Antzina, eliza ermita bat izan zen eta, XVIII. mendetik aurrera, parrokia bihurtu zen. D-918 errepidea zeharkatu eta, aurreko kaletik aurrera egingo dugu aparkaleku bateraino. Lehen bidegurutze honetan, ezkerreko bidea aukeratuko dugu, eskuinekoa itzultzeko utziko dugu. Marra horiz balizatutako ibilbideak norabide zuzena aukeratzen lagunduko digu. Asfaltoan zehar ibiliko gara zelai zabal eta berdeen artean. Ehüsako lephoak bereizten dituen Elhaudi eta San Antoni mendien silueta ederki ikusiko dugu bertatik.  Arrokain etxaldea atzean utzita, margo horiek erakusten diguten bidea eskuinera utzi eta, ezkerretik, Elhaudi mendiaren magal aldera doan bidea bilatuko dugu.

 


Elhaudiren iparraldeko hegaletik gora egiten duen bide nabarmena jarraituko dugu. Asfaltozko bidea utzi eta, ezkerretik igotzen den lurrezko bide zabala hartuko dugu. Borda erori baten ondotik pasa eta berehala, basotik atera eta Elhaudi mendiaren iparraldeko hegal zabal eta belartsuan gora egingo dugu. Haranaren panoramika zabalduko egingo da. Ahüsako lephora doan bidea utzi eta, ezkerretik ateratzen dena aukeratuko dugu tontorreraino iristeko eta, bertan, harrizko gurutzea ikusiko dugu.

 


Jaitsiera azkar batek, Ehüsako lephora eramango gaitu, Muskilditik datorren bide balizatuarekin berriro bat egiteko. Hemen ere, Done Jakueren Piamonte Bidearen (GR-78) marra zurigorriak izango ditugu lagun tarte batez. Pistak, San Antoni kaperaraino eramango gaitu, izen bera duen tontorrera. Karlos II.a, (Gaiztoa ezizenez ezaguna) errege nafarraren aginduz eraiki zuten kapera kokaleku honetan, 1835. urtean, Lüküztarren eta Agramondarren leinuen arteko bakearen sinadura ospatzeko. Bere kanpandorre hirukoiztarra, Zuberoako eliza eta kaperetan ohikoa da. Ermitaren azpian kripta ikusiko dugu.

 


Abiapuntura itzultzeko orduan, marra horiz balizatutako bidean barna jaitsiko gara. Hasieran, iparraldeko isurialde belartsuan zehar egingo dugu behera, Oxkaxeko mendatetik datorren pistaren paraleloan eta marra horiek erakutsiko diguten norabidea segituz. Erraz galduko dugu altuera Eiheregi baserri ederrera iristeko. Lurrezko pista, asfaltozko errepidea bihurtzearekin batera, leundu egiten da. Zelai berdeen artean marrazten den asfaltozko bidearen alboetan, ohikoa da artalde ugari bazkatzen ikustea. Herrira sartu aurretik, harrizko gurutzadura ikusiko dugu, hasieran igaro dugun aparkalekutik gertu.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2020/02/san-antoni.html





Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario