Bitoriano-Oroko santutegia bidea hartu bezain pronto, zubi
batek Baia ibaiaren adar bat den Ugalde ibaia gainditzen lagunduko digu. Malda
txiki batek San Julian eta Santa Basilisa elizaren ondora eramango gaitu. Eliza
atzean utzi eta berehala, bidegurutze batera iritsiko gara eta bertan dauden
bide-seinaleei kasu eginez, ezkerrekoa itzulerako utzi eta eskuinekoa
aukeratuko dugu. Asfaltatutako bide zabalak, behi-hazienda baten ondora
eramango gaitu, eta aurrera jarraituz basoan sartzen den lurrezko pista
aukeratuko dugu.
Pagadian murgildu eta maldan gora altuera irabazten hasiko
gara. Langa bat igaro ondoren, aldapa gogortu egiten da. Santutegira gerturatu
aurretik, eskuin aldera joko dugu Oroko begiratokia kokatuta dagoen lekua
bilatuz. Talaia paregabe honetatik dugun panoramika oso ederra da: Gorobel, Arkamu
eta Gijibo mendilerroak, Gorbeiako parke naturala eta batik bat, Zuiako
lurraldean barreiatzen diren herri eta basoak. Ikuspegi eder honetaz gozatu
ostean, gertu dagoen santutegirantz zuzenduko gara. Bertara heldu baino metro
batzuk beherago dagoen gurutzearen ondotik pasako gara.
Jose Miel Barandiaranek eginiko indusketa eta ikerketa
arkeologikoen arabera, eremu hauetan gizakia antzinatik bizi izan zela
ondorioztatu zen, Brontze Aroaz geroztik hainbat komunitateren bizilekua izan
baitzen. Zuiako haraneko otoitz-leku garrantzitsuenetakoa den santutegiak,
berriz, XI. mendeko eta XII. mendearen hasierako eliza erromanikoa izan
zenetik, hainbat aldaketa jasan ditu mendeetan zehar. Tenpluko gangak XIV. eta
XV. mendekoak dira, eta sakristiako igeltsuzko ganga faltsuak XVIII. mendekoak.
XIX. mendearen amaiera arte, udaletxearen bilkurak egiten ziren santutegian
bertan. Santutegiaren multzo handia desagertzeko zorian egon zen 1913an, sute
izugarri baten ondorioz. Haraneko elizetako kanpaiak behin eta berriz
jo zituzten eta auzotar guztiak bertaratu ziren sugarrak itzaltzeko eta
santutegia osorik suntsi zedin saihesteko. Ondoren,
bizilagunen laguntzarekin, udalak suntsitutakoa berreraikitzea erabaki zuen.
Santutegiaren barruan, erretaula barroko eder baten gainean, Oroko Andra
Mariaren irudi bizantziarra dugu, XIII. mendeko harribitxia. Birjina askori
ematen zaie grazia edo boteren bat, eta Oroko Andra Mariari ere, buruko minak
sendatzeko ahalmena ematen diote. Elezaharrak dioenez, buruko gaitz hori
dutenak, santutegiko kanpaien azpian jarri behar dira, eta hauek dilin-dalan
ari diren bitartean Ama Birjinari otoitz egin behar diote.
Birjina guztiei ematen zaie grazia edo botereren bat, eta
Urrezko Andre Mariaren Ama Birjinari, beste edozein Birjinek bezala, buruko
minak sendatzeko ahalmena. Elezaharrak dioenez, buruko gaitz hori dutenak
Santutegiko kanpaien azpian jarri behar dira XV-XVI. mendeen artean eraikitako
bere izenean, eta Ama Birjinari otoitz egin behar diote kanpaiak dilin-dalan
ari diren bitartean.
Gertu, Atxabal mendiaren tontorra dago, antena eta guzti.
Gure ibilaldiren jarraituz, tontorretik amiltzen diren pareta bertikalak
(eskalada eremua) inguratzen dituen bide zabaletik abiatuko gara. Bidegurutze
desberdinetan jarrita dauden egurrezko seinaleek erakusten diguten norabidean,
pagadi eder batean murgilduko gara. Orbela zapalduz santutegiraino igotzen den
errepidera aterako gara eta hau gurutzatu eta gero, berriro basoan sartuko gara.
Altuera galtzen hasi, gure ezkerrean iturri zahar bat utzi eta bat egingo dugu
igotzeko erabili dugun bidearekin. Jaisten segi eta hurrengo bidegurutzera
iristean, eskuinetik ateratzen dena aukeratuko dugu.
Kilometro erdi pasatxo ibili beharko dugu “Las Minas”
putzuaren ondora ailegatu arte. Orain ura dagoen lekuan, lehen meatze-ahoa eta
zamalekuak zeuden. Toki honetara, iristen baitziren bagonetak meatzetatik
ateratzen zen lignitoz (harrikatz) beterik. Zurbanoko bizilaguna zen Antonio de
Inchaurreguik aurkitu zuen, eta, 1858az geroztik, hainbat enpresak ustiatu du: Lodio y Cia-k 1876 inguruan, Álava y Cia-ak Bigarren
Mundu Gerrak iraun zuen bitartean, Daniel Echeverríak 1954 inguruan... baina,
instituzioek eta herritarrek bertan behera uztea lortu zuten Canteras Bengoa-k
meatzea berriz irekitzeko saiakerak eragin zitzakeen ingurumen-kalteak zirela
eta. 90. hamarkadan ingurua berreskuratu zen, eta,
gaur egun, ingurune naturala da putzua; hainbat landare- eta
animalia-espezie basatiren habitat bilakatu den urmael txikia.
Iragana urpean lagata, aurrera jarraituko dugu
balizatutako bidean zehar. Errepidera ateratzean, aurrez aurre ikusiko dugun
San Julian eta Santa Basilisaren eliza aldera joko dugu eta hau atzean utzita,
aldapa jaitsi, zubia igaro eta abiapuntura helduko gara.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2022/12/oroko-santutegia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario