Páginas

sábado, 21 de enero de 2023

Oroko santutegia

 


Bitoriano-Oroko santutegia bidea hartu bezain pronto, zubi batek Baia ibaiaren adar bat den Ugalde ibaia gainditzen lagunduko digu. Malda txiki batek San Julian eta Santa Basilisa elizaren ondora eramango gaitu. Eliza atzean utzi eta berehala, bidegurutze batera iritsiko gara eta bertan dauden bide-seinaleei kasu eginez, ezkerrekoa itzulerako utzi eta eskuinekoa aukeratuko dugu. Asfaltatutako bide zabalak, behi-hazienda baten ondora eramango gaitu, eta aurrera jarraituz basoan sartzen den lurrezko pista aukeratuko dugu.



 

Pagadian murgildu eta maldan gora altuera irabazten hasiko gara. Langa bat igaro ondoren, aldapa gogortu egiten da. Santutegira gerturatu aurretik, eskuin aldera joko dugu Oroko begiratokia kokatuta dagoen lekua bilatuz. Talaia paregabe honetatik dugun panoramika oso ederra da: Gorobel, Arkamu eta Gijibo mendilerroak, Gorbeiako parke naturala eta batik bat, Zuiako lurraldean barreiatzen diren herri eta basoak. Ikuspegi eder honetaz gozatu ostean, gertu dagoen santutegirantz zuzenduko gara. Bertara heldu baino metro batzuk beherago dagoen gurutzearen ondotik pasako gara.



 

Jose Miel Barandiaranek eginiko indusketa eta ikerketa arkeologikoen arabera, eremu hauetan gizakia antzinatik bizi izan zela ondorioztatu zen, Brontze Aroaz geroztik hainbat komunitateren bizilekua izan baitzen. Zuiako haraneko otoitz-leku garrantzitsuenetakoa den santutegiak, berriz, XI. mendeko eta XII. mendearen hasierako eliza erromanikoa izan zenetik, hainbat aldaketa jasan ditu mendeetan zehar. Tenpluko gangak XIV. eta XV. mendekoak dira, eta sakristiako igeltsuzko ganga faltsuak XVIII. mendekoak. XIX. mendearen amaiera arte, udaletxearen bilkurak egiten ziren santutegian bertan. Santutegiaren multzo handia desagertzeko zorian egon zen 1913an, sute izugarri baten ondorioz. Haraneko elizetako kanpaiak behin eta berriz jo zituzten eta auzotar guztiak bertaratu ziren sugarrak itzaltzeko eta santutegia osorik suntsi zedin saihesteko. Ondoren, bizilagunen laguntzarekin, udalak suntsitutakoa berreraikitzea erabaki zuen. Santutegiaren barruan, erretaula barroko eder baten gainean, Oroko Andra Mariaren irudi bizantziarra dugu, XIII. mendeko harribitxia. Birjina askori ematen zaie grazia edo boteren bat, eta Oroko Andra Mariari ere, buruko minak sendatzeko ahalmena ematen diote. Elezaharrak dioenez, buruko gaitz hori dutenak, santutegiko kanpaien azpian jarri behar dira, eta hauek dilin-dalan ari diren bitartean Ama Birjinari otoitz egin behar diote.

 



Birjina guztiei ematen zaie grazia edo botereren bat, eta Urrezko Andre Mariaren Ama Birjinari, beste edozein Birjinek bezala, buruko minak sendatzeko ahalmena. Elezaharrak dioenez, buruko gaitz hori dutenak Santutegiko kanpaien azpian jarri behar dira XV-XVI. mendeen artean eraikitako bere izenean, eta Ama Birjinari otoitz egin behar diote kanpaiak dilin-dalan ari diren bitartean.



 

Gertu, Atxabal mendiaren tontorra dago, antena eta guzti. Gure ibilaldiren jarraituz, tontorretik amiltzen diren pareta bertikalak (eskalada eremua) inguratzen dituen bide zabaletik abiatuko gara. Bidegurutze desberdinetan jarrita dauden egurrezko seinaleek erakusten diguten norabidean, pagadi eder batean murgilduko gara. Orbela zapalduz santutegiraino igotzen den errepidera aterako gara eta hau gurutzatu eta gero, berriro basoan sartuko gara. Altuera galtzen hasi, gure ezkerrean iturri zahar bat utzi eta bat egingo dugu igotzeko erabili dugun bidearekin. Jaisten segi eta hurrengo bidegurutzera iristean, eskuinetik ateratzen dena aukeratuko dugu.



 

Kilometro erdi pasatxo ibili beharko dugu “Las Minas” putzuaren ondora ailegatu arte. Orain ura dagoen lekuan, lehen meatze-ahoa eta zamalekuak zeuden. Toki honetara, iristen baitziren bagonetak meatzetatik ateratzen zen lignitoz (harrikatz) beterik.  Zurbanoko bizilaguna zen Antonio de Inchaurreguik aurkitu zuen, eta, 1858az geroztik, hainbat enpresak ustiatu du: Lodio y Cia-k 1876 inguruan, Álava y Cia-ak Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean, Daniel Echeverríak 1954 inguruan... baina, instituzioek eta herritarrek bertan behera uztea lortu zuten Canteras Bengoa-k meatzea berriz irekitzeko saiakerak eragin zitzakeen ingurumen-kalteak zirela eta. 90. hamarkadan ingurua berreskuratu zen, eta, gaur egun, ingurune naturala da putzua; hainbat landare- eta animalia-espezie  basatiren habitat bilakatu den urmael txikia.



 

Iragana urpean lagata, aurrera jarraituko dugu balizatutako bidean zehar. Errepidera ateratzean, aurrez aurre ikusiko dugun San Julian eta Santa Basilisaren eliza aldera joko dugu eta hau atzean utzita, aldapa jaitsi, zubia igaro eta abiapuntura helduko gara.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2022/12/oroko-santutegia.html


 





Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario