Arbailak mendigunearen iparraldeko
isurialdean, altuera apala duten gailur-multzo bat altxatzen da. Zuberoa eta
Nafarroa Behereako lurren artean muga naturala marrazten duten mendi hauen
magaletako zelai zabal eta berdeetan, baserri eta etxalde multzo ederrak
sakabanaturik agertzen dira. Hauek denak, Muskildi herriaren lurrak dira,
Oxkaxeko mendatetik Zuberoan sartzean aurkituko dugun lehen herriarenak hain
zuzen ere. Bertatik abiatu eta, mendebaldera nabarmentzen diren bi gailur
ezagutzeko aukera baliatuko dugu: Elhaudi eta San Antoni.
Muskildi beti izan da herri txikia,
baina azken hamarkadetan, Zuberoako herri askok bezala, etenik gabe galdu ditu
biztanleak. Bertan, zubereraren aldera den Basabürüako hizkera mintzatzen da. San
Ziprian elizaren ondoan dagoen pilotalekutik abiatuko gara. Antzina, eliza
ermita bat izan zen eta, XVIII. mendetik aurrera, parrokia bihurtu zen. D-918 errepidea
zeharkatu eta, aurreko kaletik aurrera egingo dugu aparkaleku bateraino. Lehen
bidegurutze honetan, ezkerreko bidea aukeratuko dugu, eskuinekoa itzultzeko
utziko dugu. Marra horiz balizatutako ibilbideak norabide zuzena aukeratzen
lagunduko digu. Asfaltoan zehar ibiliko gara zelai zabal eta berdeen artean.
Ehüsako lephoak bereizten dituen Elhaudi eta San Antoni mendien silueta ederki
ikusiko dugu bertatik. Arrokain etxaldea
atzean utzita, margo horiek erakusten diguten bidea eskuinera utzi eta, ezkerretik,
Elhaudi mendiaren magal aldera doan bidea bilatuko dugu.
Elhaudiren iparraldeko hegaletik gora
egiten duen bide nabarmena jarraituko dugu. Asfaltozko bidea utzi eta,
ezkerretik igotzen den lurrezko bide zabala hartuko dugu. Borda erori baten ondotik
pasa eta berehala, basotik atera eta Elhaudi mendiaren iparraldeko hegal zabal
eta belartsuan gora egingo dugu. Haranaren panoramika zabalduko egingo da.
Ahüsako lephora doan bidea utzi eta, ezkerretik ateratzen dena aukeratuko dugu
tontorreraino iristeko eta, bertan, harrizko gurutzea ikusiko dugu.
Jaitsiera azkar batek, Ehüsako lephora
eramango gaitu, Muskilditik datorren bide balizatuarekin berriro bat egiteko. Hemen
ere, Done Jakueren Piamonte Bidearen (GR-78) marra zurigorriak izango ditugu
lagun tarte batez. Pistak, San Antoni kaperaraino eramango gaitu, izen bera
duen tontorrera. Karlos II.a, (Gaiztoa ezizenez ezaguna) errege nafarraren
aginduz eraiki zuten kapera kokaleku honetan, 1835. urtean, Lüküztarren eta
Agramondarren leinuen arteko bakearen sinadura ospatzeko. Bere kanpandorre
hirukoiztarra, Zuberoako eliza eta kaperetan ohikoa da. Ermitaren azpian kripta
ikusiko dugu.
Abiapuntura itzultzeko orduan, marra
horiz balizatutako bidean barna jaitsiko gara. Hasieran, iparraldeko isurialde
belartsuan zehar egingo dugu behera, Oxkaxeko mendatetik datorren pistaren
paraleloan eta marra horiek erakutsiko diguten norabidea segituz. Erraz galduko
dugu altuera Eiheregi baserri ederrera iristeko. Lurrezko pista, asfaltozko
errepidea bihurtzearekin batera, leundu egiten da. Zelai berdeen artean
marrazten den asfaltozko bidearen alboetan, ohikoa da artalde ugari bazkatzen
ikustea. Herrira sartu aurretik, harrizko gurutzadura ikusiko dugu, hasieran
igaro dugun aparkalekutik gertu.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2020/02/san-antoni.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario