lunes, 3 de junio de 2024

Euskal Mendi Korrikalariei Elkarrizketak: Ainara Urrutia

Ainara Urrutia Yurrebaso (Aretxabaleta, 1981)

Ikasketez Informatikan Ingeniaria eta lanbidez irakaslea da Ainara. Nabarmentzeko ibilbidea osatzen ari da mendi lasterketen munduan; 2019. urtean korrika egiten hasi zenetik ibilbide meteorikoa izan du, garaipen eta podium ugariz betea.


Ainara, konta iezaguzu nola izan zen zure lehen kontaktua mendi lasterken munduarekin, noiz eta nola hasi zinen mendian korrika?

Kasualitatez iritsi nintzen mendi lasterketen mundura. Beti izan naiz kirolzalea eta trebea kirolean, gaztetan urte dezente eman nituen saskibaloian jolasten (ez nituen saskiratze asko egiten baina azkarra nintzen jeje), ondoren bizikleta, eskia, eskalada… denetik pixka bat baina inoiz ez modu lehiakorrean.

Korrika egiten, 2019an hasi nintzen, 37 urte nituela eta haurrak izan ostean, 2014 eta 2016an jaiotako bi alaba ditut. Txikiak 3 urte zituenean, gorputzak eta batez ere buruak eskatuta berriz ere kirola egiten hasteko gogoa sentitu nuen. Denbora gutxi nuenez, zer egingo… ba korrika! Eta halaxe hasi nintzen, probatu, gustatu eta gaur arte!

Korrika hasi eta berehala, senarra ere “engantxatu” nuen eta segituan hasi giñen lasterketetan parte hartzen. Hasieran errepideko lasterketa herrikoietan, bikotekako lasterketetan, mendi lasterketa motzen batean… gure asteburuko plana bihurtu zen, Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutu, korrika egin, guretzat tartetxo bat hartu eta helburu bakarra, disfrutatzea! oso oroitzapen politak ditut. Ezer gutxi eginda, emaitza onak lortzen nituela ikusita, motibatu eta serioago hartzea erabaki nuen.

Hala, 2019 amaieran, Gaikar-Zortzietakoak mendi taldean sartu eta niretzat guztiz arrotza zen mendi lasterketen mundu hau ezagutzen hasi nintzen. 



Mendi lasterketa asko daude, baina beti daukagu bat kuttunagoa dena… zein da zurea?

Nahiz eta urte gutxi daramatzaten mundu honetan, lasterketa asko egin ditut eta oso ezberdinak, 25 lasterketa inguru denboraldiko.

Atletismoko modalitate guztiak ditut gustuko, eta denetik probatu dut; pista estalia, aire librekoa, krosak, errepidekoak eta azken hiru denboraldietan batez ere mendi lasterketak. Momentu hunkigarri asko bizi izan ditut, lasterketen sortzen den giroa berezia da eta azken finean, bizitako eta sentitutako momentuek egiten dute berezi lasterketa bat. Eta bat aukeratu beharko banu, agian…

Ikazkin Trail, Aretxabaletako mendi lasterketa aukeratuko nuke. Beti da berezia etxekoen eta lagunen babesa sentitzea. 2022an sortutako mendi maratoi erdia da, ibilbideak paraje benetan politak ditu, herri erditik hasi, Urkulu urtegira igo, handik pagadi berezietatik Kurtzebarri mendira…

Baina beste asko ere etortzen zaizkit burura, zorteko sentitzen naiz, izan ere, lasterketa ikusgarriak egiteko aukera izan dut, adibidez:

Skyrunning munduko kopako lasterketak: Grigne Skymarathon (Italia), Ultra Skyrunning Madeira. Ultraks Extreme (Suitza)... guztiak egia esan. Izugarri disfrutatu ditut, sekulako lasterketak dira; gogorrak, desnibel handikoak eta gehienak oso teknikoak baina nik holakotan bikoitza disfrutatzen dut.

Eta beste asko etortzen zaizkit burura: Reventon maratoia (La Palma) eta beste hainbat gureak, zorte ederra daukagu Euskal Herrian ditugun lasterketekin: Mondraitz, Kilimon, Urduña, Berako maratoi erdia, Gorbeia Suzien… eta beste hainbat oraindik egin ez ditudanak baina begiz jota ditudanak: Aloña, Zegama…


Zein izan da Mendi lasterketetan izan duzun momenturik hunkigarriena?    

Pertsona sentibera eta azkar emozionatzen den horietakoa naiz, eta aipatu bezala, momentu hunkigarri asko bizi izan ditut lasterketen bueltan. Agian, 2022ko maiatzean, Euskal Selekzioarekin Skyrunning munduko kopako Matheysins (Frantzia) mendi lasterketan bizitakoarekin geldituko nintzateke. Lehen aldia zen munduko kopan parte hartzen nuena, lehen aldia baita horren lasterketa “exijente” batean parte hartzen nuena: teknikoa, kota altuan eta desnibel handikoa. Dena berria zen eta beldurrak jota nengoen, mundu mailako korrikalarien aurrean, Euskal Selekzioko kamisetarekin… behin eta berriz galdetuz nire buruari ea zer egiten nuen hor.

Nire harridurarako kriston lasterketa atera zitzaidan, 5.en postuan iritsi nintzen goi mailako korrikalari askoren aurretik, ez nuen horrelakorik espero. Metara irribarre batekin sartu nintzen beti bezala, baina segituan emozioak jota negarrez hasi eta ezin gelditu. Indar eta konfiantza handia eman zidan lasterketa horrek.

 

Eta gogorrena?

Ba ez nuke jakingo esaten. Oso pertsona positiboa naiz, jakina momentu gogorrak pasa ditudala. Gorputzak eta buruak ez dute beti berdin erantzuten eta hori kudeatzea ez da erraza baina momentu onekin geratu eta txarrei garrantzia kentzen saiatzen naiz. Konsziente naiz hau hobby bat besterik ez dela, ez naiz hontatik biziko, ezta nahi ere eta lehentasunak oso argi ditut.

 

Argazki bat aukeratu, zergatik?

Kuttunena alabekin metan sartzen Aretxabaletan, nire herrian, bertan irailean egiten den Ikazkin Trail izeneko mendi lasterketan. Alabekin eta herritarren babes artean... jarri nahi duzun bezala ;-)



Geroz ta mendi lasterketa gehiago antolatzen dira, nola ikusten duzu mendi lasterketen etorkizuna? 

Mendi lasterketek etorkizun oparoa dutela esango nuke. Jakina da azken urteotan gorakada handia bizi duela. Gero eta korrikalari gehiago daude mendian, ondorioz, maila ere nabarmen hazi da azken boladan eta hazten jarraituko du. Prestakuntzan ere salto bat eman dela esango nuke, gero eta kirolari gehiago ari gara entrenatzaile,  kirol-nutrizonista edota kirol-psikologoekin elkarlanean eta horrek errendimenduan ere eragina du noski.

Hala ere, oraindik, kirol minoritarioa da trail running-a eta badago zer hobetu!

 

2023. urtea ikaragarria izan da zuretzat, oinarri honekin zein da zure helburua 2024 urterako?

Bai, 2023ko denboraldia bikaina izan da, intentsoa baina batez ere, ederra, izugarri disfrutatu dut.

Urtea uste baino hobeto hasi nuen, otsailean, Atletismoko federazioko Espainiako maratoi txapelketara joan nintzen, nire lehen mendi maratoia egiten. Lortutako 3.postuak, ekainean Insbruck-en (Alemanian) ospatu zen Munduko Trail Running Txapelketara joateko aukera eman zidan. Ondoren, Euskal Selekzioarekin Skyrunning Munduko Kopan zentratu eta burubelarri ibili naiz.  Nork esango zidan orain dela laupabost urte hau bizitzeko aukera izango nuela!

Aitortu beharra dut baita honen atzetik lan, esfortzu eta dedikazio handia dagoela, ez baita erraza, familia, lana eta kirola maila honetan uztartzea. 2023an asteburu asko eman ditut etxetik kanpo eta etxekoen partetik babes eta laguntza handia izan arren, denboraldian zehar momentu gogorrak ere pasa ditut.

2024 denboraldia printzipioz, lasaiago hartzeko asmoa dut, ez dakit lortuko dudan, nahiko egonezina naiz eta ;-)

Lasterketa ezberdinak probatzeko gogoa dut, egia esan, oraindik ez dut egutegia guztiz lotuta, epe laburrera badut lasterketaren batzuk buruan baina ez zait gustatzen denboraldia oso programatuta izatea, gogoen arabera mugitzea gustatzen zait. Aurten, Zegama egitea gustatuko litzaidake, bizitzan behin egin behar dela esaten dute ezta? Ea aurten den!



Entrenamendu eta elikadurari dagokionez, prestakuntza edo planifikazio bereziren bat jarraitzen duzu edo zure kabuz antolatzen zara? 

Korrika egiten hasi eta berehala jarri nintzen entrenatzaile eta kirol-nutrizionista baten eskuetan eta argi dut nire emaitza onen gakoetako bat izan dela. Aipatu bezala, zerotik hasi nintzen korrika egiten, inolako oinarri eta ezagutzarik gabe.

Asko ikasi dut alboan izan ditudan profesional hauetaz eta aurtengo denboraldian ikasitakoa praktikan jarri eta nire kabuz aritzea erabaki dut, ni izango naiz nire entrenatzaile eta nutrizionista, ea zer moduz doakidan!


Hurrengo urteko erronken artean, izendatu berri zaituzten Euskal Mendi Lasterketen selekzioko hautatzaile ardura izango duzu. Baiezkoa ematea erabaki erraza izan zen? Nola ikusten duzu taldea? Zein lehiaketetan parte hartuko duzue? Helburu konkreturen bat?

 

Bai, ez dut askorik pentsatu behar izan. Ilusio handiz hartu dut kargua, laguntzeko eta ekarpenak egiteko gogoz nago. Azken urteotan Euskal selekzioko korrikalari moduan harreman oso estua izan dut lan-talde osoarekin, eta modu naturalean hartu dut proposamena.

Lan talde anitza, esperientziaduna eta serioa dago atzetik eta lan bikaina egiten ari dira. Korrikalari bezala, gustora, babestuta eta lasai sentitu naiz deialdi guztietan, korrikalariok bestela ere nahiko presio ezartzen diogu gure buruari eta hau eskertzekoa da! Datozenei ere halaxe izan dadin saiatuko gara.

Korrikalari taldeari dagokionez, Euskal Herrian korrikalarien maila oso altua da, bai mutiletan eta baita nesketan ere, eta ziur gaude talde lehiakorrak sortuko ditugula.

2024 denboraldian, aurrekoetan bezala, Espainiako Txapelketa ezberdinetara joango gara; kilometro bertikalekora, lineakora eta ultrako txapelketetara. Honez gain, Skyrunning munduko kopan ere parte hartuko dugu.

Euskal Selekzioaren helburuen artean, etorkizuna bermatzeko gazteei aukerak eman, parekotasuna eta aniztasuna bultzatu, korrikalariak aukeratzeko orduan gardenak izan eta ofizialtasuna lortzeko bidean, lanean jarraitzea izango dira. Horretarakoa, kirol emaitzetaz haratago, Euskal Selekzioaren indarra, munduan barrena erakusten jarraituko dugu.




No hay comentarios:

Publicar un comentario