Powered by Wikiloc
Ilundain
herritik abiatu eta berehala, bide-seinale batek erakutsiko digu Irulegira
igotzeko bidea. Pista zabalean zehar, Lakidaingo leporaino igoko gara. Puntu
honetan, bide zabala utzi eta GR-220aren seinale zurigorriek (Iruñerriako
arroaren itzulia) erakusten diguten norabidean, pinudian murgildu eta bertatik
zabaltzen den xendan barrena abiatuko gara. Lehen malda igo orduko, malda
handia eta pikoa gainditzeko 150 maila dituen eskailera batekin egingo dugu
topo. Goiko aldera iristean, ikuspegia zabaldu egingo zaigu, ezpel eta pinu
txiki batzuk izan ezik, ez dugu trabarik izango. Gure mendean, Itzagaondoako
ibarreko zereal lurrek osatzen duten puzzle koloretsua, sasoi bakoitzaren
arabera kolore desberdinez jantziz.
Bidezidorrak pinudi txiki bateraino eramango
gaitu eta hau zeharkatzean, aurrez aurre ikusiko dugun ordoki berdearen goiko
aldean Irulegiko gazteluaren aurriak agertuko zaizkigu. Tontorrerantz abiatu
aurretik, magalean kokatuta dagoen Burdin Aroko herrixkaren aztarnategira
gerturatuko gara. Aranzadi Zientzia Elkarteak, 2007 eta 2017 artean gaztelua
ikertu eta gero, 2018an honen magalean dagoen herrixka aztertzen hasi zen.
Indusketa horien ondorioz, Kristo aurreko I. mendekoa den esku itxura duen
brontzezko xafla bat aurkitu zuten. “Irulegiko eskua” izenez ezagutzen den
pieza berezi honetan lau lerroko idatziak agertzen dira, eta horietako
lehenengoa, “sorioneku” modura transkribatu dute, karaktere paleohispaniarretan
eta hizkuntza baskoian idatzia. Adituen arabera, ohiz kanpoko aurkikuntza honek
antzinako baskoiek alfabetaturik zeudela erakusten du, eta ez zirela idazten
hasi alfabeto latinoan. Baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena dugu hau.
Zinez, antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsua.
Herrixka atzean utzi eta gaztelu aldera igotzeko
azken maldari aurre egingo diogu. Iruñerrian ondoen mantentzen den Nafarroako
Erresumako Erdi Aroko gaztelua da. Eta hori, Aranguren ibarreko herritar,
Larrazkoa elkartea, Nafarroako gobernua eta Aranzadi Zientzia Elkarteak,
egindako ikerketa arkeologiko eta berreraikitze lanetan parte hartu izanari zor
zaio. Iruñeko erresumaren hastapenetan eraiki zela uste da, garai hartako
baskoien defentsa-sistema gotorlekuetan oinarritzen baitzen. Agaramontarren eta
beaumontarren arteko gerra zibilean, Leringo kondea izan zen gazteluaren jabea,
eta XIV. mendearen bukaeran, Juan Mearin beaumontarra zen hango alkaidea.
1494an, Joanes III.a eta Katalina I.a Nafarroako errege-erreginek gaztelua
berreskuratu zuten, baina urte berean gaztelua eraistea erabaki zuten. Gaur
egun ikusten diren egiturak XIII eta XV. mendeetako eraikuntza faseei
dagozkienak dira. Gazteluan dago tontorra adierazten duen buzoi edo gutunontzia
eta harresietara igotze besterik ez dugu panoramika zabal eta ederraz
gozatzeko.
Aranzadi Zientzia Elkarteak dionaren arabera,
“Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia da, eta
arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Iruñeko arroko bilakaera
historikoa ezagutzeko”. Datozen urteetan egingo diren balizko aurkikuntzek
berriro Irulegi bisitatzera ekarriko gaituela desiratuz, etorritako bidetik
atzera egin eta berehala, bide-seinale batek abiapuntura itzultzeko bidea
erakutsiko digu. Pista zabalak Lakidain herriraino eramango gaitu eta hortik
erraz helduko gara Ilundain herrira.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2023/12/irulegi.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario