domingo, 24 de diciembre de 2023

Baztango lurretan

Powered by Wikiloc

 


Arizkun herritik abiatu eta galtzada zaharretik Baztango Donejakue bidea (Berroko bidea) jarraituko dugu. Baztan ibaia zeharkatzen duen zubi zaharraren ondora iritsi eta berehala, Ordoki auzoko pabilioien ondoan izango gara. Bide zahar honek, Baionatik zetozen erromesak Baztan haranean zehar jaitsi eta Belate mendatea gainditu eta gero, Arre udalerrian bat egiten zuen Donejakue bide nagusiarekin. Errepidea gurutzatu ondoren, bide zaharra basoan barneratu eta Urrasun auzoraino eramango gaitu. Hona iristean, Amaiur arte bidelagun izango ditugun Donejakue bideko gezi horiak PRaren marka zuri eta horiekin (Baztangoiza-PR-NA 4) tartekatuko dira.

 


Santiago ermita atzean utzita, aurrera egin eta berehala, begi bistan izango ditugu Amaiur herrigunea eta bere gainean nabarmentzen diren gazteluaren aurriak. Eskuinera bunker bat utzi eta gero, N-121 B errepidera aterako gara, Amaiurko sarreran. Herriko beheko aldean eliza, errota, iturria eta gurutzea ikusiko ditugu.

 


Herriko arkuaren azpitik igaro eta karrika nagusian murgilduko gara ezker-eskuin altxatzen diren etxe ederrei so. Herriko goi aldera iristean ermitaren ezker aldetik Amaiurko gaztelurantz zuzentzen den bide zabala igoko dugu. Gora iristean, ikuspegi ederraz gozatu eta gaztelu esanguratsu honen historia gogora ekarriko dugu.

 


Gure historiaren pasarte garrantzitsu honi errepaso laburra egin ondoren, Arizkunerantz abiatuko gara. Gaztelua atzean utzi, herria zeharkatu eta sarreran ezkerrerantz hartuko dugu, bide-seinaleak erakusten diguten bidean barrena. Kisuko bordaren ondotik pasa eta bide nabarmenetik San Migel ermitaren ondora iritsiko gara. Bozate auzora doan bidea hartuko dugu segidan, agoten herrira hain zuzen ere. Agot deitura Erronkari eta Baztango eremu baztertuetako biztanle jakin batzuk jasotzen zuten. Harria eta zure, eta geroago burdina ere lantzen zuten artisauak hauek, mendeetan zehar bazterkeria sozioekonomikoa pairatu behar izan zuten.

 


Agoten bizilekua izan zen Bozate auzo zeharkatu eta errepidearen ondoan dagoen Santxotena parke-museoa dago. Errepidearen bazterretik tarte bat bete eta eskuinerantz egingo dugu Erdi Aroko eraikuntza sendoa den Urtsuako jauregi-dorrearen eta Santa Ana ermitaren ondora joateko. Nafarroako nobleziaren sortetxerik zaharrenetako bat da.

 



Aurrerago Lamiarrietako jauregiaren ondotik pasa, Baztan erreka zeharkatu eta Arizkun herrian goi aldetik sartuko gara. Karrika nagusia zeharkatzean eta abiapuntura itzuli aurretik, San Joan Bataiatzailearen eliza eta Klaratarren  komentua ikusiko ditugu.


Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2023/12/baztango-historiaren-lekukoak.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario