Amak eta biok beti esan ohi dugu: errepideko bidaia oporren parte da. Furgonetan sartu orduko ahaztu ditut egunotako nerbioak. Ordu luzeko bidaia aurretik, tres bien! Gidariak ez du halakorik esango 😂 baina niri labur geratzen zaizkit helmugarainoko orduak.
Senide eta lagunei ohiko agur-dei eta mezuak bidali ostean, hasi da “planazoa”. Material guztia hartu dugun errepasatu, zenbat gauza ahaztu zaizkigun ikusi 🤦♀️ Han eta hemen intereseko errezetak begiratu, etxeko eta laneko kontuez aritu, mendiko ibilaldiak begiratu… Plazer hartzeko beste denbora-pasagarri bat daukat oraingoan. Andres Alberdi getariar-elgoibartarra Euskaltzain Oso izendatu zuten iaz. Joan den larunbatean egin zuen Euskaltzaindiaren sarrera hitzaldia, Getarian. Estimu handitan daukagu Andres etxean, eta desiatzen nengoen ekitaldi hark zer eman zuen jakiteko. Argazki eta elkarrizketa batzuk iritsi zaizkit, baina haren hitzaldia irakurri nahi nuen nik, eta Alpeetarako bidaiak eman dit horretarako tartea. Banekien edukiz interesgarria izango zela, baina esandakoa nola esaten zuen, horrek sortzen zidan jakinmina. Euskara bikaina erabiliko zuela eta, ikasbide aparta izango zela niretzat. Halakoetan, bertatik bertara ikusi eta entzutea izaten da ederra. Zer eta nola esaten den. Intonazioa, zeinu hizkuntza eta abar. Jendaurreko komunikazioa. Defektu profesionala izango da. Izugarri gustatzen zait euskara ederrean hitz egiten duen jendea entzutea. Getarian egoteko aukerarik ez eta, haren hitzaldia irakurtzearekin “konformatu” behar (Andres Alberdi, Barren).
Bidaia zoragarria izan da Arecheseraino. Hitz eta esapide berriak ikasi ditut testua irakurtzen. Zalantzaren bat ere sortu zait tartean, eta hara! Zalantzetako batek aukera eman dit Joxerra Gartzia aspaldiko lagun eta irakasle maitearekin hitz egiteko. Wasapa bota diot. Baina beti bezala, berak galdera bati erantzun orduko, beste bost bota dizkiot, eta azkenean, telefonoz deitu nau 😂 “Terremoto, nola zaude? Non gogoa, han zangoa? Ala, non zangoa, han gogoa?” Zenbat barre egin dugun. Zalantzak argitzeaz batera, azken mila urtean elkarri zor diogun kafeaz barre. Honezkero kafea izoztu egin baita.
Gidariari txapa sendoa ematen ari natzaio. Euskal Filologia ikasketak egin nituen aspaldi, eta orduko oker-zuzentzaile (edo zuzen-okertzaile behar du, Joxerra?) sena atera zait. Bai, Euskal Filologia. Ez daukat ahazteko, Deustuko unibertsitatean azken ikasturtea nola hasi nuen: “ama, hau ez da espero nuena.” Eta bat-batean, iritsi zitzaidan eskaintza bat, Eitbko albistegietan euskara zuzentzaile aritzeko. Euskara zuzentzaile? Zer da hori? Euskal Filologia ikasita, uste nuen irakasle edo itzultzaile, ez zegoela beste lanbiderik. Tuntuna ni! Mundua zabaldu zitzaidan parez pare. Euskal Telebistaren euskarazko albistegietan kazetari eta aurkezleek idazten eta ondoren lokutatzen dituzten testuak zuzentzen egin nituen 7 bat urte. Izugarri ikasi nuen! Esperientzia zoragarria izan zen. Filologiako irakasle eta ikaskideak oso maiteak ditut, baina 3 urtean baino askoz gehiago ikasi nuen Eitbren bekaldian. Tira, esan nahi dudana da, euskararen arloan benetan gustatzen zitzaidana lantzeko aukera ezin hobea izan zela telebista. Gramatika trinkoa, hizkuntzalaritza, euskalkiak, euskararen historia eta literatura… gauza mordoa ikasi nuen Unibertsitatean, baina praktika falta nuen. Ikaskide gehienek irakasle hasi nahi zuten. Nik ez. Orduan? Imajinatu ere ezin nuen egin euskara komunikatiboa eta komunikabideetako euskara lanbide izan zitezkeela. Opari bat izan zen niretzat. Euskaltzaindiaren arauak aplikatzeaz harago, testu egoki eta komunikatiboak sortzea zen gure lana. Esaldi errazak, ulergarriak, termino egokiak… Kazetariei laguntzea, euren mezua entzuleei ahalik eta ondoen helarazteko. Euskaraz! Apasionante. 🤩 Euskara inguruko erdal hizkuntzak bezain komunikazio tresna eraginkorra zela ikusi nuen.
Bada Alberdirena irakurtzen, Ainhoa hura esnatu da. Inoiz lokartu bazen. Zeren aitortu behar dut, irratia entzuten edo albistegi bat ikusten ari naizelarik, edukiari baino gehiago, hizkuntzari erreparatzen diodala. Eta horregatik irakurri nahi nuen Alberdirena. Edukiaz gozatzearekin batera, euskara ikasteko.
Horri lotuta, gogoan daukat zenbat gozatu nuen 2015ean EHUk antolatu zituen “Koldo Mitxelenari, esker onaren agiri” jardunaldietan. 100 urte ziren Mitxelena jaio zela, eta hizkuntzalari handiak elkartu zituzten Gasteizko campusean hitzaldiak egiteko. Jai hartu nuen entzule joateko. Lagunek flipatu egin zuten nirekin, nire “frikismoarekin”. Zaletasuna niretzat. Ez dut gezurrik esango, edukia trinkoa eta astuna izan zen batzuetan, baina erabili zuten euskara, ederra. Izan ere, asmatuko zenuen honezkero irakurle, edukiaz harago, makina bat liburutan irakurriak neuzkan haiek bertatik bertara euskaraz entzutea zen nire ilusioa. Eta bai asmatu ere. Halakorik! Lurdes Oñederraren zorroztasuna, Miren Azkarateren euskara lasaia. Ibon Sarasolarekin barre algaraka aritu ginen han ginenok. Aspalditik ezagutzen nuen Ibon. Arecheseraino joan eta etorri, eta ez nuke nahikoa denbora izango Sarasolarekin ikasi eta bizitakoak azaltzeko. Amazing. Jarri pentsatzen:, nire pasioa mendia da, Hiztegiak egitea berea. Merezi du, eta kontatuko dut nola ezagutu nuen, Ibon.
Euskara-zuzentzaile ari nintzen orduan telebistan. Obsesionatu samar (ohikoa nigan bizitzako arlo askotan😅), bai. Blogetako artikuluak, liburuak, denetarik irensten nuen. Azpeitiko Euskara patronatuak Erabili.com atarian argitaratzen zituenak ere bai. Tartean ziren Ibon Sarasolarenak. Asteazkenero publikatzen zuten haren artikulu bat. Madredeus. Ahobizarrik gabe idazten zuen, kañeroa zen, argia, zuzena. Joder, askoren txapetatik urrun, erraz ulertzeko moduan azaltzen zuen dena. Sarasolaren adibideak, dardoak. Izugarri gustatu zitzaidan. Asteazkena noiz iritsiko zain egoten nintzen. Haren liburuak eta hiztegiak eskuratzen hasi nintzen, baina bat agortuta zegoen eta ez nekien non aurkitu. Haren hitzaldiren batera joan nahi nuen, baina ez nekien nora. Azpeitiko Patronatura idatzi nuen. Artikuluengatik zoriondu, hiztegia non eskura nezakeen galdetu eta hitzaldirik gertu egiten bazuen jakinaren gainean egon nahiko nukeela. Bi asteren buruan Ibonen email bat iritsi zitzaidan. Eskerrak eman zizkidan interesarengatik, eta esan zidan, hiztegiaren liburuki bat zeukala niretzat, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan. Lorik ere ez nuen egin gau hartan. 😂 Futbolzale batentzat Messi, musikazale batentzat Shakira, mendizale batentzat Urubko. Maila hartan zegoen Sarasola niretzat. Bide batez, ni hemen ari naiz Sarasolari buruz, etxekoa balitz bezala, pentsatuz irakurle, zuk ere ezagutzen duzula. Ingeniaria, euskaltzain osoa, hiztegigilea eta euskalari aparta (gehiago jakiteko, jo sarera). Hiztegiaren bila joan nintzen, bai noski! Garai hartan, Donostian ari nintzen lanean eta asko ikasi nuen Ibonekin. Kafe-etxe (“kafetegi” hitzaren inguruko zalantzak kontatu zizkidan) baten bueltan, dardotik dardora. Euria ari zuen batean, “eutsi aterkia” esan nion. “Aterkiari”, esan zidan berak. Ordutik sekula ez dut ahaztu. Sarasolaren ajeak. Nik neuk konprobatu nuen, ikasteko eta irakasteko libururik onena zela, ohiko zereginetan irakasle on bat ondoan izatea. Oso garai oparoa izan zen hura niretzat.
Lyon inguruan gaude honezkero. Natorren Alberdiren testura. Portuz portu, zenbat kontu interesgarri: “Hizkuntzek egiten dute herria”, euskararen kontrako azken erabaki judizialak eta eskola nahiz hedabideen erantzukizuna euskararen trasmisioan eta iraupenean. Gezia bihotzean. Asko pentsatzen dut horren inguruan, baina egunerokotasunaren zurrunbiloan, behar baino gutxiagotan. Eta behar baino arreta gutxiago ematen diogu. Joder, hizkuntza da gure lan-tresna, euskararen aldeko kanpainekin lata eman ordez, eredu izan beharko genuke, eta euskara zuzen eta jatorra egin. Eta euskaraz egin. Askotan iruditzen zait, nahi eta behar baino gutxiago eta traketsago aritzen garela euskaraz hedabideetan.
Hotz, bidean
Asko gustatu zait Uxue Alberdi alaba idazleak liburu batean aitari buruz idatzitakoa: “Etxe blokeen arteko banku berdean itxaroten diet lagunei aitak ez diezaien interfonotik euskaraz gaizki egiteagatik kargu hartu. Gramatika du aitak ezinegonari aurre egiteko modua, araua zaintzea du ofizio, seguru sentitzen da sintagmaren barruan” Nork bere pasioa aurkitzea modukorik ez dago, nire ustez. Ederra izan da Elgoibarko Institutuan irakasle hasi zeneko anekdotak irakurtzea ere. Barre egin dut.
Hitzak azpimarratu eta kontsultatu. Ekitaldiko argazkiak ikusi, eta behinola irakasle izan nituenak identifikatu. Eta haien inguruan sarean bilatu. Poza eman dit ikusteak euskalgintzan jarraitzen dutela. Sarasolaren artikuluak berreskuratu, dardoak. Joxerraren ikastaroan bizitakoak gogoratu. Eta kafe izoztua hartzeko gogoa sentitu. Euskararen kontrako azken ebazpen eta albisteak berrirakurri. Euskararen arnasguneak ere aipatzen ditu Alberdik. Getaria moduko herriek noiz arte eutsiko dioten, turismo masiboari aterik itxi ezean. Puri-purian dagoen, egon behar lukeen auzia, euskara arnasguneena eta turismo ereduarena. Erregistroak eta euskara. Kontu interesgarri asko, euskara ezin ederragoan.
Leihotik begiratu dut. Zuri daude inguruak. 4 gradu zero azpitik. Nous sommes arrivés. Areches. Planazoa gauerako ere: “Nekatutak” monologoa enegarrenez ikustea. “Eskerrik” esaten badizu, potagurea. “Nekatutak” esaten badizu, maitatu. Lagun bihotzeko bat daukat, “muxukaka” esaten duena. Eta ezin dut gehiago miretsi eta maitatu. Bihar, Beaufort gazta. Eta euskararen eguna.
LE GRAND MONT
Esnatu gara, zero azpitik 10 gradu. Gustura nago, edredoi goxoan kiribilduta. Gidariari minutuak lapurtzen. Eguneko momenturik gogorrena beti da ohetik jaikitzekoa😂 Leihotik begiratu eta Arecheseko zurezko ipuin-etxetxoak. Elurra inguruko pinu eta zuhaitzen ederretan, perfektuki pausatuta. Asko kostatu zitzaidan etxeko ohea agurtzea, baina gaur pozik nago, gure etxe ibiltariko ohetik, koadro ezin ederrago honetaz gozatzen.😍
Lagun batek esan zidan behin, bera ez dela jaio “tuperretarako”. Iruditu zitzaidan, “tuperretarako” horretan zeudela, ez soilik jatekoa plastiko-beirazko potoetan jatea. Ulertu nuen, ez zuela bere burua ikusi nahi furgoneta batean, 9 egunez, espazio mugatu eta urrian, izerditutako arropaz inguratuta, eta atea zabaldu orduko, hotz polarra aurpegian sentitzen 😂. Eskerrak denok garen ezberdinak. Niretzat opari bat da hau. Etxeko luxuzko dutxa, epeltasuna eta janariz beteriko armairuak espazio erabat mugatuarengatik aldatzea. Nondik begiratzen zaion. Infernua batzuentzat, paradisua bestetzuentzat.
Kontatuko dizuet nola moldatzen garen. Gidariak oso txukun dauka beti furgoa. Ohe bikoitza, behean eta goian, aukeran. Sukaldetxoa eta ontziak garbitzeko txorrota. Komunik ez, baina beti saiatzen gara komun, kiroldegi edo camping batetik gertu hartzen lekua. Ni oso lotia naiz, eta etxeko ohean bezain ondo egiten dut lo, zaratak zarata. Jateko mordoa eramaten dugu beti. Ezin dut jasan, mendian luze ibili ostean, etxe ibiltarira iritsi eta jatekoa eskas daukagula ikustea (lehen aldiz bidaia honetan ez dugu horrenbeste ekarri eta urduri samar nabil😂). Gosari oparoa egiten dugu. Etxean bestekoa edo oparoagoa. Nire kasuan, jogurt begetala mila fruta eta gehigarrirekin. Askotariko ogi-tostak eta infusioa. Eguneko zatirik handiena mendian egin ostean, iritsi eta berehala garagardoa. Gurean erritual bat da. La primera birra con las botas puestas😂 Garagardoa falta bada, hori bai arazoa! Gaurkoa ere halatsu joan da. 15:30erako iritsi, egindakoa ospatzeko pikoteoa eta “dutxa” momentua. Frantzian la ostia dira. Gurean pintada josita egongo liratekeen komun publikoak, etxekoak baino garbiago daude hemen! Kalefazioa eta denetarik. Bale, ez dutxarik ez, baina moldatzeko moduko lekua. Alpeetako eta Nepalgo refuetan hainbat eguneko espedizio edo lasterketak egin izana alde daukat halakoei txispak ateratzeko. Letrina de hoyo omen dute izena 😅 Zutikako kakalekuak, de toda la vida. Bada holako batean botila-ur batekin eta jaboi pixka batekin, Arecheseko printzesa legez. 😂 Afal aurretik, egunez erabilitako arropa lehortu, irakurri, argazkiak errepasatu, eta arnoa edan, zorionekoak garela ospatzeko.
Natorren, baina, gaurko irteerara. Denboraldiko lehen eguna eski gainean. Kosta egiten da. Sekulako hotza geneukan eta lehen maldari ekin orduko lumazko eskularruak jantzi behar. Eta zelako poza. Maite ditut neguko mendi irteerak. Motxilan arropa beroa daramadala oroitu eta salbu sentitzen naiz. Arecheseko eski estazioa itxita dago. Tres bien. Hotz baina eguzkitsu, eta atzo parkinean bakarrak ginen arren, mendizale banaka batzuk agertu dira goizean, Forclaz lepora joateko. 1000 metro inguruan dago Areches. 2300 metroan Forclaz, 2700 metroan Grand Mont. Haizerik ez, egun aparta denboraldia hasteko. Gidaria oso trebea da eski gainean. Ni ez. Harentzat Alpeak handiak dira, niretzat XXL. Esan nahi dut, harentzat handia dela gaurkoa, niretzat XXL. Baina txoratzen noa, poza kabitu ezinik. Areago, bidearen erdian, excusez-moi, mendizale batzuei galdetu eta bai, atzean daukagun menditzarra Mont Blanc dela esan didatenean. Txiribitas en los ojos. Bi aldiz egon naiz Mendi Zuriaren tontorrean, ohiko bidetik eta Gonellatjk. Azken hori “via del Papa” izenekoa. Maiteminduta nauka. Bai, Karakatek, Aizkorrik eta Anetok bezala. Graduazio horretan😂
Jarraitu dugu goraka. Ostia, lehen eguna izateko, paliza dezentekoa. Forclaz lepoan 1300 metroko desnibela egin dugu. Bi barrita irentsi ditut😂 Manjar. Goraka jarraitzea erabaki dugu. Biharko eguraldia dudosoa iragartzen dute eta gaurko bala guztiak aprobetxatu behar ditugu. Azken metroetan frio polar. Grand Mont. Bihar kontatuko dizuet nola duela 9 urte Pierra Menta hemendik igarotzen ikusi nuen.
Jaitsiera es otro cantar. Oso txarra naiz. Baina jaisten naiz. Kauendioska bada ere. Ametsezko eguna izan da. Eta orain, etxe ibiltaria daukagu zain. Kalefa, arnoa eta kalabaza purea. Para que mas? 😜
PETIT TRAVERSEÉ-PLAN VILLARD
Goizaldeko 06:00 inguruan egunero jaikitzen naiz komunera. Etxean zein mendian. Oheko epeletik Arecheseko zeropeko tenperaturetara. Liluratuta geratu naiz. Zerua izarratuta. Arecheseko zurezko etxe polit batzuetan lehen argiak. Elizako dorrea argitan. Kaleko farolek inguruko zuhaitz txuriak argiztatuta. Joder, honek ipuin bat dirudi. Gutxienez, Heidi. Ohera itzuli eta beste bi ordu, seko.
Esnatu garenean lainotuta eta ilun samar dago zerua. Iragarrita zegoen. Gaur eguerditik elurra, bihar 20-30 cm. Oh my gash! Ederra benetan. Atzo palizatxoa hartuta eta gaur, petit traverseé bat egiteko asmoz gaude.
Eskiak furgoko atean janztea modukorik ez dago! Berehala hasi du elurra eta basoan barrena sartu gara. 600 bat metro desnibel baino ez, baina gaurko giroarekin, ederra izan da. Mendiko zurezko etxeek inbidia ematen digute. Denek dauzkate su-egurra ondo baino hobeto moztuta eta leihate zabalak. Beti egiten dugu gauza bera: halako etxetxo batean nola biziko ginatekeen imajinatzea. Goizean jaiki, eta leihate ondoan gosaldu. Lanera joan, itzultzean mendi eski petit traversee bat, etxera itzuli eta beheko sua piztu. Feliz!
Hotz dago. Jaitsiera polita da. Arecheseko etxetxoei begira. Lagun bihotzeko batek esan zidan: Arecheseko ibilbideak oso amableak dira. 2014an harekin etorri nintzen Pierra Menta ikustera. Zenbat oroitzapen eta bizipen, motxilan.
Ni oso txarra naiz jaisten, beldurtia ere bai. Baina jaisten naiz. Eta ez da gutxi! Batzuetan pentsatzen dut eskia ez dela niretzat. Amore eman beharko nukeela, baina gustatu egiten zait mendia elurretan, mendi eskiko proba denak jarraitzen ditut, inbiria sanoz. Eta horregatik, saiatzen naiz hobetzen, nahiz jakin ez naizela bereziki trebea kirol honetarako. Gaurko jaitsieran ere, elur gehiegi😂
Txoratzen goaz etxe ibiltarira. Gaur pasta per tutti! 🍝Bapo bazkaldu ostean, semua lo geratu da😂 Ondoren, Arecheseko jaki-dendara joan gara. Eta zelako poza, txikia izanagatik, gluten gabeko gauzatxoak dauzka. Eguneko azken orduak irakurtzen eta idazten, epeletan, eta leihotik begiratuta, elurra. Eta zuk, zer behar duzu zoriontsu izateko?
LA NEIGE❄️❄️❄️
Gaur ere, elurra bota ahalean. Arratsaldeko 14:00etan atertu du, eta orduan atera gara. Karakolak eguzkitara moduan 🐌 Pozarren goraka, nekez beheraka. Neure buruarekin haserretzeraino. Urteak joan arren, ez ote dut batere hobetzen? Etxe ibiltarian pena guztiak ahaztu zaizkit. Arroz a la cubana 🍚 🍳 gluten gabeko zerbeza 🍻 eta liburuak 📖 Gu baino hobeto dagoena… 😂🥰 Bihar ☀️ 😎
COL DE LA GRAN JOURNEE 🏔️ ⛷️
10 ordu lo egin ostean… Confirmamos que ha sido nire bizitzako mendi eski egun onena??????? Confirmamos! . Oyes, 4 dias de 4 pow pow!!! 🤩❄️
LEGÉTTE DU MIRANTIN (2353m) 🏔️⛷️
Sinmas atera, eta conmas itzuli! What a day! Eta jakin dugu Mirantin tontor honetan kilómetro bertikal bat egiten dutela udan. Etorri beharko degu? Munduko onenak ikusi ditugu lasterketaren palmaresean: Jornet, Bom Mardion, Walmsley… portzierto gidariak dioen bezala zenbat “machaca pijama jantzita” inguruan! Pierra Mentarako entrenatzen? Gaur, poulet 🍗et pommes 🥔 😋
OSTIRAL EURITSUA ☔️
Gaur euria ari du, zain gaude atertuko ote duen, baina ez dauk itxurarik. Igandean hasi nuen liburua amaitu dut. Leihotik mendi elurtuei begiratu bitartean. Txikonenari heldu diot, gero. Bapo gosaldu, bazkari-merienda eta goiz ohera. Honelako egun bat ere asko eskertzen dugu.
ARÊCHES-BEAUFORT ⛷️🏔️🤩
Azken guda dantza!
Aste bikain bati, amaiera bikaina. Zorte handia izan dugu eguraldiarekin, atzo baino ez genuen euria izan, ☔️ hori bai, gogotik. Lekua paregabea da. Mendi zoragarriak, lasaitasun handia. Astebetean ez dugu apenas inorekin hitzik egin😂 Arecheseko denda txiki bitan izan gara jateko zerbait erosten eta hango dendariekin hitz egindakoa, no more. Polita izan da ikustea, bertakoek nola bizi duten mendiko eskia. Aste barruan, goizean goiz komunera nindoan batean, esaterako, mutil bat eskiak janzten ari zen. Bi ordu geroago atera ginen gu. Leku berean ikusi nuen, eskiak eransten. Goizeko bueltatxoa eginda, lanera joango zen? Nekazari eta abeltzain asko dago inguru honetan. Gaur, berriz, Areches-Le Planayko estazioan ibili gara. Eta izugarri gustatu zait ikustea mendiko eskiatzaileek nola entrenatzen duten. Ez dakit profesionalak ziren, baina hala ziruditen. Argal-argalak, eski estuak. Serieak egiten tarteka, oso azkar igotzen eta jaisten. Aldaketak praktikatzen ere ikusi ditugu. Askori ez zaizue gustatzen, niri izugarri. Eskiatzen jakingo banu, mendi guztiak eskiatu nahiko nituzke, eta aitortzen dut, lasterketa guztietan parte hartu ere bai. 2014an etorri nintzen @pierramenta ikustera. Zelako emozioa eta zelako inbidia sanoa. Esandakoa, Areches ezagutzen ez baduzu, merezi du etortzea. Guk aste bikaina harrapatu dugu. Mendi eskiaz gozatu, eta arratsalde lasaiak furgoan, irakurtzen 📖 eta bideoak ikusten. Eta noski, hurrengo planak egiten. Baina ei! Pozarren goaz etxera. Familia zain daukagu! Portzierto, gaur gauean, Karakate eta Aizkorrirekin egin dut amets 🤗
No hay comentarios:
Publicar un comentario