Páginas

domingo, 10 de diciembre de 2023

Irulegi

Powered by Wikiloc

 


Ilundain herritik abiatu eta berehala, bide-seinale batek erakutsiko digu Irulegira igotzeko bidea. Pista zabalean zehar, Lakidaingo leporaino igoko gara. Puntu honetan, bide zabala utzi eta GR-220aren seinale zurigorriek (Iruñerriako arroaren itzulia) erakusten diguten norabidean, pinudian murgildu eta bertatik zabaltzen den xendan barrena abiatuko gara. Lehen malda igo orduko, malda handia eta pikoa gainditzeko 150 maila dituen eskailera batekin egingo dugu topo. Goiko aldera iristean, ikuspegia zabaldu egingo zaigu, ezpel eta pinu txiki batzuk izan ezik, ez dugu trabarik izango. Gure mendean, Itzagaondoako ibarreko zereal lurrek osatzen duten puzzle koloretsua, sasoi bakoitzaren arabera kolore desberdinez jantziz.



Bidezidorrak pinudi txiki bateraino eramango gaitu eta hau zeharkatzean, aurrez aurre ikusiko dugun ordoki berdearen goiko aldean Irulegiko gazteluaren aurriak agertuko zaizkigu. Tontorrerantz abiatu aurretik, magalean kokatuta dagoen Burdin Aroko herrixkaren aztarnategira gerturatuko gara. Aranzadi Zientzia Elkarteak, 2007 eta 2017 artean gaztelua ikertu eta gero, 2018an honen magalean dagoen herrixka aztertzen hasi zen. Indusketa horien ondorioz, Kristo aurreko I. mendekoa den esku itxura duen brontzezko xafla bat aurkitu zuten. “Irulegiko eskua” izenez ezagutzen den pieza berezi honetan lau lerroko idatziak agertzen dira, eta horietako lehenengoa, “sorioneku” modura transkribatu dute, karaktere paleohispaniarretan eta hizkuntza baskoian idatzia. Adituen arabera, ohiz kanpoko aurkikuntza honek antzinako baskoiek alfabetaturik zeudela erakusten du, eta ez zirela idazten hasi alfabeto latinoan. Baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena dugu hau. Zinez, antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsua.





Herrixka atzean utzi eta gaztelu aldera igotzeko azken maldari aurre egingo diogu. Iruñerrian ondoen mantentzen den Nafarroako Erresumako Erdi Aroko gaztelua da. Eta hori, Aranguren ibarreko herritar, Larrazkoa elkartea, Nafarroako gobernua eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, egindako ikerketa arkeologiko eta berreraikitze lanetan parte hartu izanari zor zaio. Iruñeko erresumaren hastapenetan eraiki zela uste da, garai hartako baskoien defentsa-sistema gotorlekuetan oinarritzen baitzen. Agaramontarren eta beaumontarren arteko gerra zibilean, Leringo kondea izan zen gazteluaren jabea, eta XIV. mendearen bukaeran, Juan Mearin beaumontarra zen hango alkaidea. 1494an, Joanes III.a eta Katalina I.a Nafarroako errege-erreginek gaztelua berreskuratu zuten, baina urte berean gaztelua eraistea erabaki zuten. Gaur egun ikusten diren egiturak XIII eta XV. mendeetako eraikuntza faseei dagozkienak dira. Gazteluan dago tontorra adierazten duen buzoi edo gutunontzia eta harresietara igotze besterik ez dugu panoramika zabal eta ederraz gozatzeko.




Aranzadi Zientzia Elkarteak dionaren arabera, “Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia da, eta arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Iruñeko arroko bilakaera historikoa ezagutzeko”. Datozen urteetan egingo diren balizko aurkikuntzek berriro Irulegi bisitatzera ekarriko gaituela desiratuz, etorritako bidetik atzera egin eta berehala, bide-seinale batek abiapuntura itzultzeko bidea erakutsiko digu. Pista zabalak Lakidain herriraino eramango gaitu eta hortik erraz helduko gara Ilundain herrira.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2023/12/irulegi.html

 


No hay comentarios:

Publicar un comentario