Duela urte batzuk arte, Belateko mendatea gainditzen zuen errepide
zaharretik gertu, mendebalderantz, izen bereko mendilerroan hiru mendi
nabarmentzen dira: Putzuetako gaina, Txaruta eta Garmendia. Ibilaldi honek, oso
luzea eta zaila ez den pasealeku batean hirurak lotzen ditu. Pagadiak nonahi,
mendi borobil eta biluzi hauek Ultzama, Malerreka eta Baztan haranen ikuspegi
paregabea eskaintzen dute.
Belateko errepide zaharraren ondoan
dagoen Karabineroen etxea edo Venta Quemadan emango diogu hasiera ibilaldiari.
Metro batzuk lehenago dagoen gurdibide batetik jaisten hasiko gara egoera
txarrean dauden eraikin zahar batzuen ondora iritsiz. Bidea bitan banatzen da
eta guk eskuinekoa aukeratuko dugu. Pagadian sartzen den pistatik altuera
irabazten hasiko gara eta bertatik, Berriozokoa izenez ezaguna den muinoan
kokaturik dauden hainbat antena eta etxolen ondora igoko gara. Ikuspegia zabala
eta ederra da. Ekialdean Gartzaga eta Okolin mendi-mazelak ikusiko ditugu eta
mendebaldean, berriz, Txarutaren tontorra agertuko zaigu.
Ibarbidera jaisten hasiko gara beste
pista zabal batekin topo egin arte. Bentaxar inguruan gaude. GR-12aren
bide-seinaleak ikusiko ditugu eta pagadia zeharkatzen duen lurrezko pista
zabaletik erraz egingo dugu aurrera. Aldapa txiki bat igo eta berehala ohartuko
gara Putzuetako gainetik gertu gaudela. Pista zabala utzita, tontor borobilera
zuzen igoko gara. Bertan ez dugu buzoi edo bestela markarik ikusiko eta
ikuspegia, berriz, orain arte deskribatutakoaren antzekoa da. Segidan Txaruta
aldera jaisten hasiko gara aurrez utzi dugun pistarekin bat eginez. Hau
gurutzatu, eskuin aldean borda bat utzi eta, pago artean igaro eta gero, putzu
txiki batera aterako gara. Aurrez aurre dugun malda piko eta biziari aurre egin
eta azkar igoko gara tontorrera. Postontzia eta erpin geodesikoa. Buzoiak
baserri itxura du, tapa batekin: “Jaizkibel, 1968ko ekainaren 23a”.
Iparraldean Garmendia mendiaren tontorra agertuko zaigu eta bertara joateko berriro maldan behera jarriko gara pista zabalarekin bat egin arte. Hau gurutzatu eta gertu ikusiko ditugun bi bordarantz joko dugu. Bi eraikinen artetik igarota, Garmendiaren tontorrera igotzeko aldapa gogorrari aurre egingo diogu. Hasiera zuhaitz gutxi batzuk aurkituko ditugu, baina berehala hauek desagertu eta maldari aurre egiteko leku erosoena bilatuko dugu. Baserri itxurako buzoia, nahiko hondatua, harrizko mugarri baten ondoan. Iparraldean, gure oinetan, Doneztebe, Donamaria, Aurtitz eta abar ditugu, haranaren beste aldean, Mendaur, Ekaitza eta abarren gailurrak. Baztan harana ere bere osotasunean ikusteko aukera izango dugu. Tontorra, aurrekoak bezala, belartsua da, Txaruta baino biribilagoa.
Igotako bidetik, berriro borden ondora
jaitsiko gara, pista zabala hartu eta ezker aldetik aurrera egingo dugu
abiapuntura itzultzeko Iparraldeko hegaletik jaisten hasiz. Pagadiak ezker eta
eskuin, luzaroan jarraituko dugu lehen zatia oso laua den bide erosotik. Azken
zatian, berriz, gorabeheratsuagoa den bidetik langa bat igaro eta,
errepikagailuraino igotzeko erabili dugun pistarekin bat egingo dugu Venta
Quemada itzuliz.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2020/06/txaruta-eta-garmendia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario