Páginas

miércoles, 23 de marzo de 2022

Txaruta eta Garmendia


Duela urte batzuk arte, Belateko mendatea gainditzen zuen errepide zaharretik gertu, mendebalderantz, izen bereko mendilerroan hiru mendi nabarmentzen dira: Putzuetako gaina, Txaruta eta Garmendia. Ibilaldi honek, oso luzea eta zaila ez den pasealeku batean hirurak lotzen ditu. Pagadiak nonahi, mendi borobil eta biluzi hauek Ultzama, Malerreka eta Baztan haranen ikuspegi paregabea eskaintzen dute.


 

Belateko errepide zaharraren ondoan dagoen Karabineroen etxea edo Venta Quemadan emango diogu hasiera ibilaldiari. Metro batzuk lehenago dagoen gurdibide batetik jaisten hasiko gara egoera txarrean dauden eraikin zahar batzuen ondora iritsiz. Bidea bitan banatzen da eta guk eskuinekoa aukeratuko dugu. Pagadian sartzen den pistatik altuera irabazten hasiko gara eta bertatik, Berriozokoa izenez ezaguna den muinoan kokaturik dauden hainbat antena eta etxolen ondora igoko gara. Ikuspegia zabala eta ederra da. Ekialdean Gartzaga eta Okolin mendi-mazelak ikusiko ditugu eta mendebaldean, berriz, Txarutaren tontorra agertuko zaigu.


 

Ibarbidera jaisten hasiko gara beste pista zabal batekin topo egin arte. Bentaxar inguruan gaude. GR-12aren bide-seinaleak ikusiko ditugu eta pagadia zeharkatzen duen lurrezko pista zabaletik erraz egingo dugu aurrera. Aldapa txiki bat igo eta berehala ohartuko gara Putzuetako gainetik gertu gaudela. Pista zabala utzita, tontor borobilera zuzen igoko gara. Bertan ez dugu buzoi edo bestela markarik ikusiko eta ikuspegia, berriz, orain arte deskribatutakoaren antzekoa da. Segidan Txaruta aldera jaisten hasiko gara aurrez utzi dugun pistarekin bat eginez. Hau gurutzatu, eskuin aldean borda bat utzi eta, pago artean igaro eta gero, putzu txiki batera aterako gara. Aurrez aurre dugun malda piko eta biziari aurre egin eta azkar igoko gara tontorrera. Postontzia eta erpin geodesikoa. Buzoiak baserri itxura du, tapa batekin: “Jaizkibel, 1968ko ekainaren 23a”.



Iparraldean Garmendia mendiaren tontorra agertuko zaigu eta bertara joateko berriro maldan behera jarriko gara pista zabalarekin bat egin arte. Hau gurutzatu eta gertu ikusiko ditugun bi bordarantz joko dugu. Bi eraikinen artetik igarota, Garmendiaren tontorrera igotzeko aldapa gogorrari aurre egingo diogu. Hasiera zuhaitz gutxi batzuk aurkituko ditugu, baina berehala hauek desagertu eta maldari aurre egiteko leku erosoena bilatuko dugu. Baserri itxurako buzoia, nahiko hondatua, harrizko mugarri baten ondoan. Iparraldean, gure oinetan, Doneztebe, Donamaria, Aurtitz eta abar ditugu, haranaren beste aldean, Mendaur, Ekaitza eta abarren gailurrak. Baztan harana ere bere osotasunean ikusteko aukera izango dugu. Tontorra, aurrekoak bezala, belartsua da, Txaruta baino biribilagoa.



Igotako bidetik, berriro borden ondora jaitsiko gara, pista zabala hartu eta ezker aldetik aurrera egingo dugu abiapuntura itzultzeko Iparraldeko hegaletik jaisten hasiz. Pagadiak ezker eta eskuin, luzaroan jarraituko dugu lehen zatia oso laua den bide erosotik. Azken zatian, berriz, gorabeheratsuagoa den bidetik langa bat igaro eta, errepikagailuraino igotzeko erabili dugun pistarekin bat egingo dugu Venta Quemada itzuliz.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 

http://askemikel.blogspot.com/2020/06/txaruta-eta-garmendia.html




Powered by Wikiloc
                         

No hay comentarios:

Publicar un comentario