Mostrando entradas con la etiqueta kanalak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta kanalak. Mostrar todas las entradas

lunes, 18 de febrero de 2019

Iraule: orratzaren kanala eta ipar hormaren zeharkaldia, AD, M3, III+

Aizkorri eta elurraren arteko idilioa aurten ez doa bide onetik. Negua eskas doa eta mendiak nekez zuritzen ari dira. Honek Aizkorriko kanalak eskalatzeko aukerak murrizten dituen arren, zerbait eskalatzeko aukera izaten ari gara.

Aizkorriko ipar horma eta kanalak Barbaritik ikusita. Iraule eta Nardasakon argazkiaren eskuinean gelditzen dira.


Duela urte batzuk nire buruari Aizkorrira hurbiltzeko aukera izango nuen bakoitzean bide berri bat eskalatzeko asmoa eramango nuela hitz eman nion. Oraingoan antzerako zerbait gertatu zen, hasierako asmoa bestelakoa bazen ere, azkenean kronika honetan azaldutako ibilbidea egiteko aukera izan genuelako.

Irauleko orratzaren kanalean.


Irauleko ipar horma erlaitz batek alderik alde zeharkatzen du, zerutik zintzilikatutako balkoi baten moduan. Tarteka zabala, tarteka estua, oinen azpian irekitzen den amildegiaren gainetik erlaitzaren zeharkaldia ikusgarria da. Elurra duenean erlaitzaren gainetik jarraitzea tarte batzuetan zaila da eta amildegitik zintzilik dauden ageriko zeharkaldi batzuk egin beharko ditugu.

Erlaitza estutzen den lekuetako batean.


Erlaitz honen gainean murgiltzen ginen hirugarren aldia zen: lehenengoan ezin izan genuen erlaitza bere osotasunean jarraitu; bigarrenean aldiz, nahiz eta erlaitza alderik alde zeharkatu argazki makina etxean utzi genuen. Hirugarren eta azken aukera kronika honetan azaltzen dena da.

Ibilbidean ageriko zeharkaldiak etengabeak dira.


IBILBIDEA

Ibilbidea Itzubiagako bordan (940 metro) hasi genuen, Nardasakon igo eta Irauleko orratzaren kanala eskalatuz. Nardasakonen ohiko irteeratik jaitsi ondoren, Irauleko orratzera doan ezker sarreratik bigarrenez orratzaren oinera iritsi eta kanal ezkutua  bigarrenez eskalatu genuen. Oraingoan, Irauleko gandorrera atera beharrean, kanalaren amaieratik aurrera Irauleko ipar horma alderik alde zeharkatzen duen erlaitza jarraitu genuen.

Azken zeharkaldi "tentean".


Jaitsiera Irauleko eskuin kanaletik egin genuen Nardasakon kanalarekin berriro ere bat eginez.

Irauleko eskuin kanalean behera Nardasakonera hurbiltzen. Haranean Zegama argituz doa.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 5,3 kilometro.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro.
- Punturik altuena: Iraule, 1.511 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 685 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Itzubiabako bordaren ondoan iturria dago.
- Zailtasuna: AD, M3, III+, Irauleko orratzaren kanaletik eskalatzen badugu. Zailtasun hau antzerakoa da 2013an eskalatutako bidetik. Zailtasuna zertxobait jaitsi nahi badugu, aukerarik onenak Irauleko orratzaren ezker sarreratik sartu eta zeharkaldi osoa egin edo zeharkaldia kontrako noranzkoan egitea izango litzateke Irauleko orratzaren kanalaren ohiko irteeratik gandorrera ateraz. Azkeneko bi kasu hauetan zailtasuna M2 inguruan egongo litzateke.
- Eramandako materiala: Badaezpada 30 metroetako bi soka, friend, artaka-trabagaiu eta iltze joko bat, dozena erdi bat express zinta eta zinta-uztai batzuk eraman genituen arren, azkenean ez genuen eskaladako materialik erabili.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi pasatxo, atseden uneak ere zenbatuz.

Ibilbidearennondik norakoak. Gorriz, igoerako ibilbidea eta urdinez jaitsierako. Kontutan izan argazkian ez dela ez Irauleko orratzaren irteera ezta orratzaren ezker sarreraren biderik azaltzen.


Zeharkaldia zehatzago.





Argazki gehiago ikusteko, ibilbidea deskargatzeko edota informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue. Espero dut gustuko eta baliagarri izatea


martes, 13 de marzo de 2018

Aizkorriko gurutzea Sakonaunditik, "Couloir" irteera, PD

Sakonaundi kanalari eskainitako triologian iradoki dudan moduan, helburu nagusia Iralarrainardearen itzalpean erdi ahaztua dagoen kanal hau aditzera ematea da, kanalak dituen aukera interesgarrietako batzuk azalduz.

Hirugarren eta azken kronikarako “Couloir” irteera aukeratu dut. Duela urte batzuk Iralarrainardea eta Sakonaundiren arteko kanala eskalatu ondoren eskalatu genuen. Eguraldi kaskarra izan arren, bi hormen artean mehartua doan irteeraren edertasunak txunditu ninduen. Irauleko orratzaren kanalaren eta “Eskirol” irteeraren arteko nahasketa bat dela esan daiteke, lehenengoa baino luzeago, bigarrena baino mehartuago.


"Couloir"-era hurbiltzen.


Baina ederra izan arren, Aizkorriko Gurutzera hurbiltzen diren mendizaleen jomugatik kanpoko irteera da, beharbada ezkutuan gelditzen delako, beharbada gailur batean ez delako amaitzen.

"Couloir" irteeraren lehen metroetan.


Irteera honi nolabaiteko originaltasuna emateko asmoz, Sakonaundi azpi-azpitikg igotzen hastea adostu genuen, hau da, basoan osatzen duen ibar edo sakan txikiaren hasieratik hain zuzen ere.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoko Buenabista baserrian hasi genuen. Iralarrain gurutzeko zelaigunera doan ohiko bidea jarraitu eta, zelaigunera iritsi baino lehen, Sakonaundiren azpian mendiak egiten duen sakan edo ibarrean gora zuzen hasi ginen Sakonaundira iritsiz.

Behin Sakonaundin, kanalaren gainean dagoen hormaren oinera arte zuzen-zuzen igo ginen. “Couloir” irteeraren sarrera “ezkutua” hormaren oinetik ezkerrera diagonalean hasten da.

“Couloir” irteerak galtzeko arriskurik ez dauka bi hormen artean mehartua doalako. Elurra gogor-gogorra eta 60 gradu inguruko hiru irtengune motz topatu genituen, 55 gradu inguruan mantentzen den kanal mehartu tenteari ukitu alpinoa emanez.

“Couloir”-en irteeratik Aizkorriko Gurutzera zuzendu ginen, azken metroak honen ipar horma zeharkatuz eginez.

Jaitsiera, Aitxuri mendia inguratu ondoren, Sakonaundiren ohiko bidetik egin genuen.

Sakonaundin behera, mendiaren handitasunean puntu bat besterik ez gara...Argazkiaren eskuinean "Couloir" irteera ikusi daiteke.


Ibilbidearen nondik norakoak, "Couloir" irteera ezkutuan gelditzen da (puntu gorrien zatian). Urdinez, jaitsierako bidea.


"Couloir" irteeraren krokisa zehatzago, puntu gorriz ezkutuan gelditzen den zatia.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 7,5 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
- Punturik altuena: Aizkorriko Gurutzea, 1.528 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 970 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: PD.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak eta bi piolet.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak hartzeko denbora kontutan hartuta, lau ordu eta erdi.

Argazki, GPS track-a deskargatu edota informazio gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2018/03/aizkorriko-gurutzea-sakonaunditik.html


Amaitzeko, irteeraren bideoa ikusi nahi baduzue:




martes, 6 de marzo de 2018

Aitxuri, Sakonaundiren irteera zuzenetik, leizearen bariantea, AD, M3, III+

Tristura sentitzen dut Iralarrainardean gora mendizaleak bata bestearen atzetik ikustean, ondoko Sakonaundin inor ikusi gabe. Guk ere urteetan zehar Sakonaundi igo baino jaitsi egin dugu, izan ere, jaitsi badugu ere, Sakonaundi bere osotasunean ez dugu sekula igo. Kronika hau Sakonaundi kanalari eskaini nahi diodan trilogiaren bigarrena da. Trilogia honen bidez, Iralarrainardearen itzalpean erdi ahaztua dagoen kanalaren aldarrikapena egin nahi dut, kanalak dituen aukera interesgarrietako batzuk azalduz.

Bigarren kronikarako Sakonaundiren irteera zuzena aukeratu dut. Aspaldi nuen Sakonaundi kanalaren irteera zuzena begiak jota, Sakonaundi azpitik hartu eta, zuzen-zuzen igoz, Aitxuriren hego-mendebaldeko lepora ateratzeko. Kronika honetan igoera honen azalpena irakurtzeko aukera izango duzue, Aizkorriko kanaletan eskalatu dugun biderik ikusgarriena inongo zalantzarik gabe. Denetik duen ibilbidea da: 55 gradu arteko elur malden igoera, M3 edo III-III+ zailtasuneko eskalada eta, ibilbidea borobiltzeko, Aizkorriko Gurutzea eta Aitxuriren arteko gandorrera iristeko horma alderik alde zeharkatzen duen zulo edo leize motz eta estu baten zeharkaldia.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoan hasi genuen, Buenabista baserriaren ondoan hain zuzen ere. Iralarrainardea gurutzeko zelaigunera doan ohiko bidea jarraitu eta, Iralarrainardearen oinetik eskuinera zeharkaldi horizontala egin ondoren, Sakonaundiren oinera iritsi ginen.

Behin Sakonaundin, kanala zuzen-zuzen jarraitu besterik ez genuen egin, gainean dagoen hormara iritsi arte. Hormara iritsi baino 10-15 metro lehenago, errazen ikusi genuen lekuan, 3-4 metroetako hormatxoa eskalatu (III-III+) genuen gure ezkerrean "Couloir" irteeraren sarrera utziz.

Iker hormatxoa eskalatzen, ezkerrean "Couloir" irteera estetikoa ikusi daiteke..


Lehen hormatxoa eskalatuta, hemendik gora pare bat irtengune eskalatu ondoren (III) gandorrerako bidea ixten duen horma bertikalera iritsi ginen. Hemen bi aukera daude: lehenengoa horma ezkerretik inguratu eta 45-50 gradu inguruko elurrezko malda motz batetik gandorrera atera edo, hormaren azpiko erlaitza eskuin aldera jarraitu amaitu arte.

Erlaitzaren amaieran 8-10 metroetako horma bertikala eskalatzeko aukera dago. Hormak, arrail asko dituena, auto-babeserako aukera handiak ditu. Zailtasunari dagokionez, IV+ inguruan izan daitekeela pentsatu genuen. Baina hormaren oinean altxor itzela gordeta dago: horma alderik alde zeharkatzen duen zulo edo leizetxoa. Zuloa estua da eta zeharkatzeko motxila kendu behar izan genuen. Erdi arrastaka 3 metro inguru ibili ondoren eguzkiaren izpiek aurpegian geuen irribarre eta zoriontasuna ederki argitu ziguten.

Leizearen sarreran, irteera ikusi daiteke.


Irteeraren argazkia.


Jaitsiera, Aitxuri inguratu ondoren, Sakonaunditik egin genuen.

Ibilbidearen krokisa, Karratuaren barruan irteera zuzena.


Irteera zuzena, gertuago... Goian, urdinez, irteera "errazarako" bidea, gorriz aldiz, oinez lezera iristeko jarraituko dugun erlaitza.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 7 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
- Punturik altuena: Aitxuriko lepoa, 1.500 metro inguru.
- Metatutako desnibel positiboa: 880 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1. Oraingoan ez ginen Aitxuriko gailurrera iritsi.
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: AD, M3, III+.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak, bi piolet eta eskaladarako materiala: 30 metroetako soka bat, auto-babeserako friend eta iltzeak, dozena erdi bat express zinta eta bilguneak muntatu ahal izateko zinta luze batzuk. Azkenean eskaladarako materialik ez genuen motxilatik atera.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak hartzeko denbora kontutan hartuta, lau ordu eta erdi.

Ibilbidearen inguruko informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2018/02/aitxuri-sakonaundiren-irteera-zuzenetik.html


Amaitzeko, irteeraren bideoa partekatzen dizuet, espero dut gustuko izatea.



martes, 27 de febrero de 2018

Aizkorriko gurutzea Sakonaunditik, PD, M2, II-III

Aurtengo negua gogorra doa eta Aizkorriko kanaletara hurbiltzeko aukerak dezente mugatu dizkigu, asteburu gehienetan euria edo elurra bota eta bota aritu baita. Hau dela eta eguraldi txarrak emandako su-eten bakoitza aprobetxatu beharrean izan gara irteera motzak egiteko.

Sakonaundi ondoan duen Iralarrainardearen itzalpean dagoen kanala da. Gehienetan jaitsiera moduan jarraitzen bada ere, aukera interesgarriak ematen ditu, batzuk Iralarrainardeak dituenak baino politagoak, “Couloir” irteera, adibidez. Kanalaren ezker aldera (igoeraren norantzan) jotzen badugu, Aizkorriko Gurutzearen gailurrera iristeko aukera ezberdin asko ditugu, gehienak zailtasun baxukoak. Aukera hauen guztien artean bat proposatzen dizuet, zaila ez bada ere igoerari gatz puntu bat emango diona.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoan utzi genuen, Buenabista baserriaren ondoan hain zuzen ere. Hemendik gora Iralarrainardea kanalera doan bidea jarraitu genuen (bide honen nondik norakoak hemen irakurri daitezke). Iralarrainardea ezkerrean utzi eta zeharkaldi baten ondoren Sakonaundiren oinera iritsi ginen.

Behin Sakonaundin kanala jarraitzea besterik ez da, kanala zabaltzen hasten den lekuan pixkanaka ezkerrera joz. Sakonaunditik Aizkorriko gurutzera iristeko aukerak anitzak dira eta Aizkorri eta Aitxuriren arteko gandorrak zirrikitu eta zailtasun ezberdineko igoerak eskaintzen ditu. Gure kasuan, behe-lainoagatik izan genuen ikuspenak mugatuta, aukeran izan genuen irteeraren artetik interesgarriena iruditu zitzaiguna hartu genuen, eskaladan II-III eta mistoan M2 bezala sailkatu genuen irteera.

Irteerara hurbiltzen, giroa paregabea.


BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen krokisa.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 6 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
- Punturik altuena: Aizkorriko gurutzea, 1.528 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 960 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: PD, M2, II-III.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak eta bi piolet. Nahi izanez gero gandorrera iristeko soka luze bat egiteko aukera dago.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak egiteko denbora kontutan hartuta ia lau ordu eta erdi pasa genuen.


Igoeraren bideoa ikusi nahi baduzue:



Informazio eta argazki gehiagorako:http://www.smithyrenbloga.com/2018/02/aizkorriko-gurutzea-sakonaunditik-m2-ii.html

jueves, 22 de febrero de 2018

Iraule, orratzaren kanaletik, AD, M3, III+

Nardasakon kanala Iraule mendira doan kanal nagusia da, azkeneko urteotan aski ezaguna bihurtu dena kanal honetan lehiatzen baita Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala. Ez dakit honek kanalaren igoeran eraginik izan duen baina azken urteotan Iralarrainardearekin batera gehien eskalatzen den kanala da. Eguzki izpi gutxien jasotzen duen kanala izanik, elurrak gehien irauten duen kanala da, baita egoera onean egoten dena ere.

Kanal hau igotzerakoan begiak ezinbestean Irauleren ipar hormatik zintzilik dagoen orratzera joango zaizkigu. Orratz hau lehen aldiz 1.955 urtean Juan San Martinek eskalatu zuen eta V mailako zailtasuna badu ere ez dirudi eskalada errazeko orratza denik. Harkaitz eskalada honetaz aparte, orratz honek badu gordeta Aizkorriko altxor ezkutuetako bat: orratzaren kanal mehartua.

Kronika honetan, argazkietan nabaria den bezala, anaia eta biok urtearen lehen elurte handien ondoren eginiko eskalada ikusteko aukera izango duzue.

IBILBIDEA

Ibilbidea Itzubiagako bordan hasi genuen. Bertatik gora doan lurrezko pista jarraitu eta larizti eta pagadia zeharkatu ondoren, Nardasakonen oinera iritsi ginen.

Behin Nardasakonen kanala jarraitzea besterik ez dago orratzaren azpira iritsi arte. Orratzaren kanal mehartura iristeko orratzaren eskuinetik (igoerako norabidean) sartu beharko dugu, aurretik belar, lur eta harkaitzez estalitako bi hormatxo eskalatuz. Lehenengo hormatxoa 5-6 metro ingurukoa, 60º eta II-III zailtasunaren baitan dago. Bigarren hormatxoa, 15-20 metro dituena, bietatik teknikoena da eta 65-70º eta III+ zailtasunera iristen bada ere, piolet eta kranpoiak lurrean sendo sartzeko aukera ematen du. Aukeran, nahiz eta auto-babeserako aukera gutxi dituen, hormatxo hau eskalatzeko soka-luze bat egin daiteke, orratzean dagoen bilgunean bilgunea muntatuz.

Behin orratzaren ondoan, honen eskuinetik (igoeraren norabidean) diagonalean gora doan kanal mehartua eskalatuko dugu. Kanal honetako zailtasunik handiena sarreran dago, elur mailaren arabera oso erraza edo zertxobait estutu behartuko dugulako. Sarrera zaila badago, soka luze bat egin daiteke.

Amaitzeko, kanala mehartuaren amaieran ezkerrera (igoeraren norabidean) doan arrail/tximinia estua gandorrera iritsi arte eskalatuko dugu. Tximinia honek bi zailtasun nagusi ditu, biak III-III+ ingurukoak: lehenengoa tximinian sartu arteko lehen 3-4 metroetan eta bigarrena gandorrera iristeko eskalatu beharreko azken koskan. Zailtasun hau elur asko eta gogorra dagoenean dezente murriztu daiteke. Tximiniaren irteeran harrizko gurutze handi bat topatuko dugu.

Jaitsierarik ohikoena Nardasakonetik egiten da. Nardasakonen irteerako hormatxoaren egoera ona ez denean aldiz, gomendagarriena Nardasakonen eskuin adarretik (kilometro bertikalak jarraitzen duen bidea, alegia) jaistea izaten da.

IBILBIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen krokisa. Gorriz Nardasakon kanala eta urdinez orratzaren kanal mehartua eskalatzeko jarraitu behar den bidea.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 4,4 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro inguru.
- Punturik altuena: Iraule, 1.511 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 540 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Itzubiagako bordaren ondoan iturri bat dago.
- Zailtasuna: AD, M3, III+.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak eta bi piolet. Eskalada zailtasun maila honetan eskalatzeko ohitura edo erraztasunik ez badugu, eskaladarako materiala eramatea gomendagarria izan daiteke: 30 metroetako soka, zintaren bat, auto babeserako aseguruak eta 4-5 express zintekin nahiko izango dugu.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak egiteko denbora kontutan hartuta hiru ordu eta laurden pasatxo pasa genuen.


Informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2018/01/iraule-orratzaren-kanaletik-20180128.html


Amaitzeko, irteeraren bideoa partekatzen dizuet, espero dut gustuko izatea.




miércoles, 29 de noviembre de 2017

Aizkorriko kanalen txokoa

Blogean sortutako Aizkorriko kanalen txokoaren berri eman nahi dizuet.

Blogean diodan moduan, aspaldi nenbilen Aizkorriko kanaletan egindako eskaladak leku berean biltzeko ideiarekin, “klik” bakarraz kanal eta irteera guztiak eskuragarri izateko. Ideia hau txoko honetan gauzatu da. Txoko honetan jasotakoa 2005ean hasitako lanaren fruitua da, mendi irteera askoren fruitua, irteera berrien bilaketan etxera esku hutsik itzulitako egun askoren fruitua. Bertan krokis, bideo, kronika, argazki eta bestelakoak topatuko dituzue.

Txokorako sarrera blogaren orri nagusitik izango da, azpian dagoen argazkiaren gainean klik eginez, hain zuzen ere.

Aste honetan Aizkorri zuriz jaintziko dela kontutan izanda, espero dut txoko hau baliagarri izatea. Badakizue, kontuz ibili eta eman eurreeeeeeee!!!!!

http://www.smithyrenbloga.com/p/blog-page_24.html

P.D. Argazkia Carlos Mediavilla urretxuarrarena da.



jueves, 23 de febrero de 2017

Aketegi, "Oublié" kanala, 400 metro, AD+

Aizkorriko aurtengo negua nahiko lehorra doan arren, ezohizko baldintza hotzak izan dira elurra inoiz baino gogorragoa topatuz. Hotzak pasata, elurra biguntzen hasi zen Aizkorriko ohiko elur baldintzetara pixkanaka itzuliz. Dena den, oraindik elur dexente zegoenez bisitatxo bat egiteko beharrarekin sentitzen ginen.

IBILBIDEA

Ibilbidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, esan "Oublié" kanalaren izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala izateko. Irteera bere izen propioa izan dezake (ez dugu inon topatu). Gure asmoa ez da urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

Ibilbideak Nardagaiztoren eskuinean (Zegamatik begiratzen badugu) pagadiaren erdian dagoen kanal erdi-izkutua jarraitzen du. Kanalaren hasiera Nardagaizto baino 50 metro lehenago dago eta hemendik gora zuzen joko dugu lehen erresalte batera iritsi arte. Erresalte hau baldintza onean topatu ez genuenez honen eskuinetik 10-15 metro eta III+ zailtasuneko bariante bat egin genuen. Bariante hau eskalatu ondoren ezkerrera zeharkaldi bat egin eta berriro ere kanalarekin bat egin genuen.

Hemendik gora kanala jarraitzea besterik ez da eta oso entretenigarria da, 40-45 gradu inguruko elur-malda (tarteka 50 graduetako tarteren bat topatuko dugu) zailtasun eta maila ezberdineko 7 erresalteekin tartekatuz, zailenak bigarren eta seigarrenak, III-IV zailtasunaren baitan daudenak. Beste lau erresalteak III mailako zailtasunaren inguruan ibiliko dira.

Kanalaren amaieran bi aukera ditugu: Aketegi erpinaren azpiko horma bertikala ezkerretik inguratu gailurrera iristeko edo eskuinera jo Nardasakon kanalarekin bat egin arte. Guk bigarren aukera hartu genuen.

Aizkorriko kanalak Zegamatik ikusita. Karratu gorrian "Oublié" kanala.


"Oublié" kanalaren krokis zehatzagoa, honen ezkerrean Nardagaizto.


ERAMANDAKO MATERIALA

Kanal honetarako eskaladarako materiala eraman genuen: 30 metroetako bi soka, Alien eta Lincam jokua, iltze ezberdinak, zinta edo baga batzuk, 5 express zinta, arnesa, piolet teknikoak, kranpoiak eta kaskoa.


Informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2017/02/aketegi-oublie-kanala-400-metro-ad.html?m=1


lunes, 30 de enero de 2017

Aizkorri, Kanalaundiren ezkerreko adarretik, "Hirugurutzeta" irteera, 400 m, D.

Duela asteburu bat Aizkorrin azken urteotako elurrik gogorrena topatu genuen eta, noski, elur hau ahal zen guztia aprobetxatu beharra genuen, etorkizunik izango ez balitz bezala, jejeje.
Buruan aspalditik nenbilen proiektu bat burura etorri zitzaidan: eta Kanalaundiren ezker adarraren gainean dagoen irteera eskalatzen badugu?

Duela hiru urte anaia eta biok irteera hau eskalatzera joan baina izugarrizko hodeitza sartu, dena estali, eta irteera hau eskalatzen ari ginelakoan honen ezkerretik (Zegamatik begiratuta) doan beste irteera bat eskalatu genuen. Oraingoan aldiz, eguerdira arte eguraldi garbia iragarrita zegoen, beraz ez genuen hodeien arazorik izango, eta gainera elurra zegoen bezala egonda ezin genuen aukera hau aprobetxatu gabe utzi.

JARRAITUTAKO BIDEA

Bidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, beti bezala esan "Hirugurutzeta" izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala erabili ahal izateko. Irteera bere izen propioa izan dezakeela (ez dugu inon topatu) kontutan izanda, argi utzi nahi dut gure asmoa ez dela urteetan jarraitu diren kanalen irteerei izena aldatu eta gure modura batailatzea.

Jarraitu genuen bidea egun oskarbia izanez gero oso nabaria da: Kanalaundi Zuzenean sartu eta kanalak duen ezker adarra amaiera arte jarraitzea "besterik" ez da. Igoera basotik ahalik eta gertuen egiten bada bertan topatuko ditugu ibilbidearen erresalterik "interesgarrienak", jejeje.

Kanalaundiren ezker adarrean bi erresalte topatu genituen: lehenengoa 5 metro ingurukoa baina lehen metroak tenteak (65º ingurukoa) zituena, eta bigarrena lehenengoa baino luzeagoa (6 metro inguru) baina baita etzanagoa (55º inguru) ere. Bi erresalte hauek eskalatu ondoren harkaitz batzuek osatzen duten pinakulu txiki itsurako baten gailurrera iritsi ginen.

Pinakuluaren gainean eta eskuinean (15-20 metroetara) bi harkaitzen artean doan erresaltera zuzendu eta zailtasunik gabe eskalatu genuen. Igoeran eskalatutako hirugarren erresalte honek 10 metro inguru eta 55º inguru izango ditu.

Erresalte honetatik "Hirugurutzeta" irteera parez-pare topatu genuen. Irteeraren oinara iristeko 50º inguruko elur malda igo eta tartean dagoen harkaitz adierazgarri bat eskuinetik inguratu genuen.

Irteera eskalatzeko 28 metro inguruko soka-luze bat egin genuen irteeraren sarreratik 4 metro ezkerrago elur errimaiaren azpian topatu genuen iltze bat "0 bilgunea" muntatzeko aprobetxatuz. Irteerak bertikalean 13-15 metro inguru izango ditu eta hiru zatitan banatu daiteke: Hasteko, diagonalean ezker-eskuineko 4-5 metroetako ageriko zeharkaldia egin genuen. Zeharkaldi hau friend-ekin ondo babestu daiteke. Zeharkaldiaren amaieran, metro pare bat inguruko eskaladatxo bertikala egin eta, eskuin-ezkerreko 3 metro inguruko bigarren zeharkaldia egin genuen irteeraren hormaren azpira iritsiz. Bigarren zeharkaldi hau babestea zailagoa da eta guk honen amaieran friend bakarra jartzeko aukera bakarra ikusi genuen.

Azken hormak 3-4 metro inguru izango ditu eta bertikala da oso (90º), zertxobait atzera egiten duela ere esango nuke. Gu, eta hau harrigarria bada ere, izotzaz estalita topatu eta zuzen eskalatu genuen. Pena izotz torloju bat eraman ez izana hormak babesteko aukerarik ez dauka eta. Aizkorriko ohiko elur bigunarekin ez dakit horma honen zailtasuna zenbatekoa izango den, baina oso zaila izango delakoan nago eta baliteke hemen deskribatutakoa balio handirik ez izatea.

Horma eskalatuta irteera 45-50º ingurura "etzan" eta bertatik 10-15 metro ingurura eskuineko harkaitz-zubidun harkaitz batean bilgunea muntatu genuen. Goian esan bezala soka-luze hau 28 metroetakoa egin genuen.

Bilgunetik gora, malda 45-50º gradu inguruan mantentzen da eta zailtasunik gabe Otzaurte eta Arabatik Aizkorrira doan ohiko bidearekin bat egingo dugu, hiru gurutz txiki dauden lekura hain zuzen ere, hortik irteeraren izena.

Behin Aizkorriko ohiko bidean, aterpean atsedena hartu eta kotxea utzitako lekura itzultzeko Kanalaundi Zuzenetik jaitsi ginen.

Jarraitutako bidea, gorriz igoerakoa eta beltzez jaitsierakoa. Karratuan irteera non dagoen ikusi daiteke.


Irteera gertuago. Krokisa eta guk jarraitutako bidea. 0 Bilgunean iltze bat jarrita dago.


ERAMANDAKO MATERIALA

Irteera honetarako eskaladarako materiala eraman genuen: 30 metroetako bi soka, Alien eta Lincam jokua, bi iltze, zinta edo baga batzuk, 5 express zinta, arnesa, piolet teknikoak, kranpoiak eta kaskoa.



Informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2017/01/aizkorri-kanalaundiren-ezker-adarretik.html

sábado, 28 de enero de 2017

Aketegi, Erdialdeko kanalaetik, "Bizkaitarren koxkobilok" irteera

Batzuetan ibilbide batzuk aurretik pentsatu gabe ateratzen dira inprobisazio moduan. Honelako zerbait gertatu zen hemen azaldutako ibilbidearekin. Kotxetik ideia batekin atera eta ezberdin batekin itzuli.

JARRAITUTAKO BIDEA

Bidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, esan "bizkaitarren koxkobilok" irteeraren izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala erabili ahal izateko. Irteera bere izen propioa izan dezake (ez dugu inon topatu). Gure asmoa ez da urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

Jarraitutako ibilbidea "Eskirol" irteera egin genueneko bide bera da, hau da, Aketegiko Erdiko kanala (Nardagaizto) lehenik igota. Izan ere gure asmoa "Eskirol" irteeratik irtetzea izango zen, baina "bizkaitarren koxkobilok" ikusi genuenean ez genuen bitan pentsatu ere egin. Hau dela eta, "Eskirol" irteera egin genuenean bertaraino nola iritsi azaldu nuenez, hemen honen ingurukorik ez dut zehaztasunez azalduko.

Irteera hau non dagoen ideia egiteko, "Eskirol" irteerara eramaten duen elur maldaren azpian jarri eta gora begiratzen badugu lau irteera posible ikusiko ditugu: ezkerrean "Eskirol", parean "2X1", honen eskuinean "Batida" eta hauen eskuinean "bizkaitarren koxkobilok".

Nahiz eta Nardagaiztotik igo, Aketegiko Ezkerreko kanaletik ere igotzerik badago, gainera kanal hontatik igotzen bagara igoera zuzenagoa egingo dugu.

"Bizkaitarren koxkobilok" irteeraren krokisa.


"Bizkaitarren koxkobilok" azpitik ikusten dena baino tenteagoa da. Hasieran eskuinera doan 4-5 metroetako zeharkalditxo diagonal bat egin behar da (50-55º baina eskuekin eutsi ahal izateko harkaitzak daude) harkaitz baten azpian gelditu arte. Zeharkalditxo honen ondoren gora zuzen jarraituko dugu 65 graduetara iristen den elur mingaina eskalatuz. Igoeraren bi aldetan harkaitzak ditugu igoera hau babestu nahi bada asegururen bat jarri ahal izateko, baina hala ere aseguratzeko aukera ugaririk ere ez dauka.

Irteeraren nondik norakoak.


Jarraitu aurretik esan nahi dut topatu genuen elurraren kalitatea beharbada azken urteotan izan dugun gogorrena izan zela (tarteren batean izotza ere bazegoen) eta honek irteera eskalatzeko aukera eman zigun. Aizkorrin izaten den ohiko elurrarekin ez dakigu hemendik igotzerik izango den, eta igotzekotan irteera oso zaila izango dela pentsatzen dut.

Irteeratik Aketegi eta Aitxuri mendiak igo genituen ertza jarraituz. Aitxuritik behera beti jarraitzen dugun jaitsiera jarraitu genuen, hau da, gailurrearen iparraldera jaitsi eta, Iraulera doan ertza gure ezkerrean mantenduz, zeharkaldi bat egin Sakonaundikin bat egin arte. Behin Sakonaundin, kanala jaitsi eta Itzubiagara itzuli ginen.

ERAMANDAKO MATERIALA

Hasiera batean nondik atera eta Aketegiko Erdiko kanalaren egoera nolakoa izango zen ez genekienez, badaezpada eskaladarako materiala eraman genuen: 30 metroetako bi soka, Alien eta Lincam jokua, bi iltze, zinta edo baga batzuk, 5 express zinta, arnesa, piolet teknikoak, kranpoiak eta kaskoa.


Informazio, bideo eta argazki gehiagorako:  http://www.smithyrenbloga.com/2017/01/aketegi-erdiko-kanaletik-bizkaitarren.html

martes, 26 de abril de 2016

Aizkorri-Aratz parke naturalean denboraldiko eskiadarik onenak

Etxetik ordu erdi eskaxera eskiak jartzeko aukera edukitzea luxu bat da. Aurtengoan, bi astebukaeratan hiru egun eskiatzeko aukera eduki dut Aizkorri-Aratz parke naturalean, eta urteko eskiada onenak bertan egin ditudan sentsazioaz geratu naiz gainera.
Martxoaren 5ean eguraldiak asko lagundu ez arren, Urbiaraino joateko aukera eduki genuen behelaino artean. Pirukeriak blogean ikusi dezakezue astebukaera horretako kontakizuna.
Aste osoan prezipitazio ugari eta elur maila 800m inguruan egonik, Urbia inguruan sekulako elurtea metatu zuen.
Martxoaren 12an, dagoeneko Euskal Herriko korridore famatuena den Kanalaundi Zuzena Aizkorriko tontorrera egitera joan ginen eskiekin. Korridoreetan ibilia denarentzat Kanalaundi bi piolet eta kranpoiekin oso igoera polita da, baina eskiatzen jeistea arriskutsua da, eta gure asmoa tensiorik pasa gabe elurtutako mendiaz disfrutatzea zenez, Kanalaunditik igo eta Aizkorri hegotik jeisti genuen eskiekin, Oltzako txaboletara. Ibilbide hau egiteko Zumarraundik (Petrolerak) atera ginen, Zalduondotik, Arabatik eta Sandratitik pasatu ginen ipar isurialdera. Pirukeriak blogean ikusi daiteke eguneko kontakizuna ibilbidearen mapa mugibiliri esker.
Aizkorriko aterpetxean jostailu guztiekin

Eta martxoaren 13an pastelari ginda jartzeko, Ibilbide luze bat (Grande Course bat) egin genuen, oraingoan Arantzazutik aterata. Aratzeko tontorra lehenik, Aizkorri ondoren, Aitxuri eta Iraule egin ostean, bertako hego malda pikoaren jeitsieraz disfrutatu genuen, eta Urbiako fondan mokadutxoa egin ostean Artzanburura igoerarekin bukatu genuen eguna, Durutik behera Arantzazura bueltatuaz. 36km eta 2600m desnibel positiboa. Hau ere Pirukeriak blogean ikusi dezakezue, mugibiliren maparekin.
Ilunabarrak eskiatzen harrapatu gintuen hartan

Hiru egun hauetan eskiatzaile gehiago ikusi ditugu, zeuden baldintza onetarako eskiatzaile asko ez izan arren. Baina guretzat harrigarriena, iraupen eskien markak ikusi genituela Aizkorriko puntan. Ondoren jakin genuen (espero genuen bezela) Andoni Aizpuru izan zela Aizkorriko tontorretik fondoko eskiekin jeistera ausartu zena.
Akaso irakurle askok ez dute jakingo mendi eskiaren eta iraupen eskiaren arteko diferentzia. Iraupeneko edo Fondoko eskiak oso eski finak eta luzeak dira, eta botak ere oso leunak. Iraupen eskia normalean zapaldutako pistetan egiten da, elur jausi berritan eskiatzeko oso zaila delako.
Nik urte askoan egin dut iraupen eskia, eta ez dakit Aizkorriko tontorretik jeisteko gai izango nintzatekeen. Bejon deiala Andoni, mugak apurtzearren.

lunes, 29 de febrero de 2016

Aketegi eta Aitxuri "Eskirol" irteeratik, 2016/02/20

Aurtengo negu "eskasa" dela eta elurretan aritzeko gogo bizia dago eta kaiolan sartuta dauden lehoiak bezala gabiltza alde batera eta bestera atera nahian. Honegatik ez da harritzekoa elurte baten ondoren inguruko mendiak mendizalez betetzea.

Aizkorriko kanalek, elurrez egoera onean daudenean, aukera paregabea eskeintzen dute kranpoi eta pioletekin jolasean aritzeko. Zailtasunari dagokionez guk nahi adina zaildu ditzazkegu, F edo PD izan daitekeen kanal bat eskalatzetik D edo MD izan daitekeen kanal batera eskalatzera. Kanal hauetan orokorrean ez dugu izotzik topatuko eta gehienetan, kanal edota irteera zailenetan batez ere, mistoan eta belar nahiz lurrean trakzionatuz eskalatu beharko dugu, gure "lasaitasuna" frogatuz.

Otsailaren 13ko astebururako aurtengo bigarren elurtea iragarrita zegoen eta larunbata gauetik astearterarte inguruko mendiak ederki zuritu ziren. Astearen hurrengo egunetan tenperatura hotza mantendu behar zenez, otsailaren 20ko asteburua gorriz markatu genuen, gure "kaiolak" ireki eta aurten lehen aldiz Aizkorriko kanalei bisita egiteko.

Elurraren kalitatea nola topatu genuen ikusita, Aketegi mendira doan "Eskirol" irteera eskalatzea adostu genuen. Jarraitu aurretik argitu beharra daukat "Eskirol" izena guk asmatutako izena dela, gure irteeretan erreferentzi bezala izateko.

Irteera honetara iristeko biderik zuzenena Aketegiko Erdiko kanala ("Nardagaizto" izenaz ere ezaguna) igotzea da. Kanal hau egoera onean dagoenean AD zailtasunaren baitan izango da, baina D zailtasunera iritsi daiteke. Kanalak duen lehen irtengunea zuzen eskalatzen badugu MD inguruan ibiliko dela uste dut. Kanalak lau irtengune ditu eta hauetatik lehenengo biak saihestu daitezke, lehenengoa eskuinetik eta bigarren ezkerretik.

"Eskirol" irteerari dagokionez, 60-70 metro inguruko irteera zuzen eta tentea da, orokorrean 50 gradu inguruan ibiliko dena. Zatirik tenteena (55-60 gradu) hasieran dauka, baina bere eskuinetik ekidin daiteke. "Eskirol" irteeraren inguruko zehaztasunak kronika honetan irakurriko ditzazkezue.

"Eskirol" irteeraren krokisa. Oraingoan Aketegiko Erdiko kanalaren bigarren irtengunea zuzen (orlegiz marraztua) eskalatu genuen.


Ibilbide osoan elurra oso bigun topatu genuen eta ia denbora osoan belaunetatik gora arrastoa irekitzen joan ginen. Irtenguneak nahiz eta elur askorekin izan (laugarrena ezik), elurraren kalitatearen eraginez ez genituen eroso eskalatu eta nahi baino izerdi gehiago bota genituen.

Jaitsiera Iraulera doan Sakonaundi kanalatik egin genuen, Kanalaundi Nagusiarekin batera jaitsiera errazena.



Irteera honen inguruko informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2016/02/aketegi-1545-m-eta-aitxuri-1551-m.html?m=1